Eu

Bingen Zupiria sailburuak Euskal Echea ikastetxea bisitatu du eta Buenos Aires hiriko Kultura ministroarekin izango da

2017.eko martxoak 20

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere Argentinako bisitaren azken egunari heldu dio gaur, Laurak Bat euskal etxearen 140. urteurrenean eta ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ jaialdian parte hartzeko antolatutako bidaiaren barruan. Goizean, Euskal Echea ikastetxearen proiektua ezagutu ahal izan du bertatik bertara, euskara ikasgai bezala duen ikastegi bakarra herrialde honetan. Horrez gain, arratsaldean Buenos Aires hiriko Ángel Mahler Kultura ministroarekin bilduko da, hiri honen kultura kudeaketa hurbiletik ezagutzeko. Tartean, hiriburua eta Euskadiren arteko kultura proiektu baten inguruan hitz egiteko aukera izango dute, Picassoren 'Guernica' margolanaren mural bat sortu nahi baita Barracas auzoan.

Euskaldunek eta euskaldunen ondorengoek sortu zuten Asociación Cultural y de Beneficencia Euskal Echea delakoa 1904an. Haur eta gazteentzako ikastegi bat izateaz gain, adinekoei babesa ematen dien erakunde bat ere izan da beti. Proiektu hau Buenos Airesen eta Llavallolen garatzen da, eta azken hiri honetan dauka adinekoen egoitza. Bi egoitzak kontuan harturik, 3.000 ikasle daude eta 60 adineko. Beren ereserkia ‘Gernikako arbola’.

Sortzaileen asmoa kultura entitate humanista bat sortzea izan zen, bizitzako etapa guztiei heltzeko gai (haurtzarotik zahartzarora) eta euskaldunen ondorengoak batzeko kapaza. Proiektu hau babesteko, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza izenduna ematen dio urtero zaharren egoitzari.

Euskal Echeako ikasleek euskara ikasgai bezala dute eta hauxe da, hain zuzen, euskara irakasteko bide garrantzitsuenetako bat Argentinan. Dagoen beste bidea helduen euskalduntzearena da. 1989az geroztik Argentinan Euskaraz programa antolatzen da euskarazko eskolak ahalbidetzeko herri honetan. 2000. urtetik Euskara Munduan programaren baitan garatzen da ekimen hau eta, mundu osoko hainbat euskal etxeetan bezala, ehunka euskara ikasle daude Argentinakoetan. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen HABE erakunde publikoaren lana funtsezkoa da euskararen irakaskuntza zabaltzeko mundu osoko euskal etxeetara. Aurten 51 irakasle ari dira Argentinako 30 euskal etxeetan eta urtero, batez beste, 600 ikasle izaten dira herrialde honetan.  

Bestalde, sailburua eta Ángel Mahler hiriko Kultura ministroaren (zinegotzia) arteko bileran, 'Guernica' koadroaren inguruko proiektuaren inguruan hitz egingo dute. Ekimen honen bidez, lehiaketa publiko bat izango da hiriko Barracas auzoan Picassoren koadroaren inguruan mural bat egiteko. Artista irabazleak murala margotu ahal izango du, maisu-lana interpretatuz, eta hilabetez izango da Euskadin, erresidentzia proiektu bati esker. 

Sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzatik, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercorsureko ordezkaria izan dira gaurko egunean ere. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak