Eu

Bingen Zupiria sailburuak Argentinako euskal komunitatearen "indarra" nabarmendu du 'Buenos Aires celebra al País Vasco' jaialdian

2017.eko martxoak 18

‘Buenos aires celebra al País Vasco’ jaialdian, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du ekitaldi honek utzi dituen irudiak eta Laurak Bat euskal etxearen 140. urteurrenak argi uzten dutela Argentinako euskal komunitateak duen “indarra”. Avenida de Mayo eta Avenida Bolivar jendez beteta zeudela, zera adierazi du sailburuak: “Euskaldunak zer garen Buenos Airesi erakusteko festa handi bat izan da jaialdia”. 

Umeen desfilearen eta aurreskuaren ostean, Bingen Zupiria sailburua izan da jaialdiari hasiera emateko arduraruna. Eusko Jaurlaritzaren izenenean, harrotasuna adierazi du Argentiknako euskal komunitateak transmititzen dituen balioengatik eta irudiagatik. Berarekin batera, Adrián Varela Kolektibitateen zuzendaria, Pamela Malewicz Giza Eskubideen eta Kultura Aniztasunerako idazkariordea eta Arantxa Anitua Laurak Bateko presidentea izan dira hasierako ekitaldian.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzako beste ordezkariak ere izan dira jaialdian: Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria edota Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercorsureko ordezkaria.

‘Buenos Aires celebra…’ jaialdia

Buenos Aireseko Udalak (Hiri Autonomoaren Gobernuak) sustatutako ekimen bat da ‘Buenos aires celebra…’, eta bi helburu nagusi ditu. Batetik, jatorri ezberdinetako komunitate ezberdinei beren kulturaren inguruan biltzeko aukera eman nahi die, ospakizun handi bat sortuz hiriaren bihotzean. Bestetik, kultura erakustaldi horiek erakutsi nahi zaizkie Buenos Aireseko gainontzeko biztanleei. 2009az geroztik ospatzen da jaialdi hau eta, euskal komunitateari lotutako jardunaldiari dagokienez, Laurak Bat euskal etxea arduratzen da antolaketaz. Aurten, Laurak Bat euskal etxearen 140 urteurrenak bat egin du jaialdiaren ospakizunarekin. 1877ko martxoaren 13an sortua, munduko euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat.

Azken Karlistadaren ostean Euskaditik heldutako 13 gaztek sortu zuten Laurak Bat euskal etxea eta bere barnean Gernikako arbolaren kimu bat dago (1906an landatutakoa). Gaur egun, 407 bazkide ditu zentroak eta euskal kulturarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak antolatzen dituzte (euskara eskolak, mus txapelketak, pilota partidak, dantzak…). Argentinako euskal etxerik dinamikoenetako bat da Laurak Bat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak