
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ jaialdiaren inaugurazioan parte hartuko du
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua ‘Buenos Aires celebra al País Vasco’ jaialdiaren inaugurazioan izango da gaur. Ekimena Avenida de Mayo etorbide ezagunean ospatzen da eta, Argentinako euskal komunitatea batzeaz gain, hiri osoko milaka biztanle erakartzen ditu, euskal kulturaren erakusleiho aparta izanik. Eguerdiko 12.00etan hasiko da (Euskadin, arratsaldeko 16.00ean), sailburua zein gainontzeko ordezkarien agurrarekin.
Adrián Varela Kolektibitateen zuzendaria, Pamela Malewicz Giza Eskubideen eta Kultura Aniztasunerako idazkariordea eta Arantxa Anitua Laurak Bateko presidentea izango dira, sailburuarekin batera, lehen agurra egiteko arduradunak. Euskal etxeko haurren desfile bat ere izango da eta, horren ostean, Lagun Onak taldeak aurresku eskainiko du. Arratsaldeko 13.00etan jaialdiaren standak zabalduko dira. 40 stand baino gehiago izango dira, euskara, kirolak, genealogia edota gastronomiarekin lotutakoak. Gaueko 20.00etan sailburuaren hitzaldia izango da Laurak Bat euskal etxean eta, amaitutakoan. bestelako jarduerak ere izango dira gauera arte.
Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarekin batera, Eusko Jaurlaritzako beste ordezkariak ere izango dira jaialdian: Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria edota Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercorsureko ordezkaria.
‘Buenos Aires celebra…’ jaialdia
Buenos Aireseko Udalak (Hiri Autonomoaren Gobernuak) sustatutako ekimen bat da ‘Buenos aires celebra…’, eta bi helburu nagusi ditu. Batetik, jatorri ezberdinetako komunitate ezberdinei beren kulturaren inguruan biltzeko aukera eman nahi zaie, ospakizun handi bat sortuz hiriaren bihotzean. Bestetik, kultura erakustaldi horiek erakutsi nahi zaizkie Buenos Aireseko gainontzeko biztanleei. 2009az geroztik ospatzen da jaialdi hau eta, euskal komunitateari lotutako jardunaldiari dagokienez, Laurak Bat euskal etxea arduratzen da antolaketaz. Aurten, Laurak Bat euskal etxearen 140 urteurrenak bat egin du jaialdiaren ospakizunarekin. 1877ko martxoaren 13an sortua, munduko euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat.
Azken Karlistadaren ostean Euskaditik heldutako 13 gaztek sortu zuten Laurak Bat euskal etxea eta bere barnean Gernikako arbolaren kimu bat dago (1906an landatutakoa). Gaur egun, 407 bazkide ditu zentroak eta euskal kulturarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak antolatzen dituzte (euskara eskolak, mus txapelketak, pilota partidak, dantzak…). Argentinako euskal etxerik dinamikoenetako bat da Laurak Bat.