Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta Euskadiko Farmazialarien Elkargoek hitzarmen bat sinatu dute Paziente Kroniko eta Polimedikatuen Jarraipen Farmakoterapeutiko Osoa Egiteko Programa Pilotua abian jartzeko

2017.eko maiatzak 17

 II. motako diabetes mellitusa duten eta 8 farmako edo gehiago hartzen dituzten 126 pazientek parte hartuko dute, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 3 osasun-zentro eta horien eragin-eremuko 18 farmazia hautatu dira

 

Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur goizean sinatu du lankidetza-hitzarmena Euskadiko Farmazialarien hiru Elkargo Ofizialetako presidenteekin (Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidente eta Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Elena Castiella, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Pedro Rivero eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Angel Garay), paziente kroniko eta polimedikatuen jarraipen farmakoterapeutiko osoa egiteko programa pilotua abian jartzeko. Osasuneko sailburuaren esanetan, programak “tratamendua eta, ondorioz, paziente horien osasun-egoera hobetzea ekarriko du”.

Jon Darpónek azaldu duen moduan, farmazietan lehen mailako arretako profesionalekin koordinatuta gauzatuko den programa pilotuaren helburua da botikak hobeto erabiltzen, tratamendua betetzen eta botikak ezagutzen laguntzea, eta, horrekin, paziente kroniko eta polimedikatuen osasunean emaitza hobeak eta bizi-kalitate hobea lortzen laguntzea.  

Era berean, adierazi du programak eragin positiboa izango duela tratamenduarekiko atxikiduran, botikekin zerikusia duten gorabeherak hautematean eta osasun-baliabideen kontsumoan.

Bestalde, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidente eta Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente den Elena Castiellak adierazi du era horretako programak gauzatzeak duen garrantzia farmazien eta osasun-zentroen arteko koordinazioa hobetzeko eta, era horretara, botikak hartzen dituzten pertsonei ematen zaien osasun-arretaren jarraipena bermatzeko. Profesionalen arteko komunikaziorako bideak ezartzearen garrantzia ere azpimarratu du Elena Castiellak, diabetesa edo beste patologia batzuk dituzten pertsonek emaitza terapeutiko hobeak lor ditzaten osasun-zentroetan eta farmazietan artatzen dituzten profesionalen lan bateratuaren bidez.

Azaldu duenez, hautatutako farmaziek, jarraipen farmakoterapeutikoa egiteko programaren bidez, zehatz-mehatz ikuskatuko dituzte pazienteak hartzen dituen eta aginduta dituen botikak, hobeto erabiltzea eta horiekiko atxikidura hobetzeko, eta beti Osakidetzako lehen mailako profesionalekin koordinatuta. Era horretara, botikak ikuskatzean farmazialariak arazoak hautematen baditu edo botikak egokitzeko proposamenen bat egin nahi badu, osasun-zentroko medikuarekin harremanetan jarriko da.

Bestalde, farmazia komunitarioetan ebaluatuko da pazienteak botika ezagutzen duen, nola hartu behar duen eta tratamendu terapeutikoa betetzen den, eta, premien arabera, informazio pertsonalizatua emango zaio medikazioaren kudeaketa hobetzeko.

Programa pilotua martxan jarriko da diabetes mellitus duten pertsonen jarraipen farmakoterapeutikoa egiteko. Gaixotasun kroniko honen prebalentziak gora egin du azken urteotan eta eragin sanitarioa du, eta kalkulatzen da gizonezkoen % 6,4k eta emakumezkoen % 5,3k dutela diabetes mota hau Euskadin. Horri eransten badiogu paziente-talde horren polimedikazioa, agerikoa da egokia dela erantzun bat ematea bere medikazioaren kudeaketan oinarrituta beren osasuna hobetzea lortzeko. Egiaztatuta dago medikazio bidezko tratamendua ondo eramaten bada onera egiten duela II. motako diabetesa duten pazienteen osasunak eta aurrea hartu ahal zaiela diabetesarekin loturik etorkizunean sor daitezkeen konplikazioei.

Proiektua abian jartzeko lehenengo fase honetan II. motako diabetes mellitus duten eta etenik gabe 8 printzipio aktibo edo gehiago hartzen dituzten 126 paziente gonbidatuko dituzte parte hartzera, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eremu ezberdinetako 3 osasun-zentrotan hautatu dituzte. Zehazki Gasteizko Araba ESIko Zaramaga osasun-zentroa, Barrualde-Galdakao ESIko Durangoko Landako osasun-zentroa eta Debabarreneko ESIko Eibarko osasun-zentroa dira.  

Eremu bakoitzean osasun-zentro horietako bakoitzaren eragin-eremuko 6 farmaziak parte hartuko dute, guztira 18 farmazia dira eta bakoitzak artatuko ditu dagokion baimena eman ondoren programan borondatez sartuko diren 7 paziente.  

Pazienteak farmazia-bulegoan erakarriko dira farmazialaria komunitarioaren bitartez, edo osasun-zentroan lehen mailako arretako medikuaren edo erizainaren bitartez. Horretarako, informazio-orri bat prestatu da pazienteentzat programa eta bere inplikazioak deskribatuz. Pazientea osasun-zentrotik bideratzen bada programan parte hartuko duen farmazietako batera bideratuko da, eta pazienteak berak aukeratu ahal izango du.

Behin farmazia-bulegoan, farmazialariak informazio espezifikoa eta parte hartzeko eta datuak lagatzeko baimen informatuak emango dizkio, eta horiek sinatu ondoren pazientea programan sartuta geratuko da. Prozesuari farmazialariarekin egingo den lehenengo jarraipen-bisitarekin emango zaio hasiera.

Programa garatzen den denboran, etengabe ebaluatu eta neurtuko da farmazialariaren eta Osakidetzako osasun-langileen jarduera, eta osasunean lortutako emaitzak aztertuko dira.

Azkenik, Osasun Kontseiluak zoriondu egin nahi izan ditu Osakidetzako osasun-langileak eta farmazialariak elkarlanaren eta koordinazioaren emaitza den eta pertsonen onerako arreta integratua eta soziala ematea helburu duen hitzarmen honengatik. Hitzarmena sartzen da farmazia komunitarioa balioesten duen eta farmazia-bulegoak, lehen mailako arretarekin, arreta espezializatuarekin eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta, osasun-sistemako eragile gisa integratzen dituen prestazio farmazeutikoaren kudeaketa-ereduaren alde Osasun Sailak egindako apustuan, Euskadi sustatzen ari den eta osasunaren arloko premia eta emaitzetara bideratutako soluzio berriak aztertzea eskatzen duen arreta sanitario eta soziosanitarioaren ereduarekin lerrokaturik.

 

  

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzak 17

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2017.eko maiatzak 17

    Comentario de Twitter:
    Departamento de Salud y Colegios Farmacéuticos acuerdan Programa Seguimiento Farmaceutico a Crónicos Polimedicados https://t.co/TJIXokjbKr

Ekitaldiko kargudunak