Eu

Bingen Zupiria sailburuak Argentinako Senatua bisitatu du Laurak Bat euskal etxea omentzeko eta Kultura zein Eduki eta Hedabide Publikoen ministroekin bildu da

2017.eko martxoak 17

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur hasi du bere Argentinako bisita eta honi lotutako bere egitarauari heldu dio. Goizean goiz Argentinako telebista publikoan elkarrizketatua izan da eta, horren ostean, Argentinako Senatura abiatu da. Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Euskadik Argentina-Mercosuren duen Ordezkari Sara Pagora ere izan dira berarekin batera. Ganbarak Laurak Bat euskal etxea omenduko du, ‘Mención de Honor Faustino Sarmiento’ errekonozimendua emanez.

Laurak Bateko hainbat kide izango dira omenaldian, baita Nazioaren Senatuko hainbat ordezkari ere. Kongresuak ere errekonozimendua egingo dio igandean Laurak Bat euskal etxeari. Arratsaldean, Bingen Zupiria sailburua Pablo Avelluto Argentinako Kultura ministroarekin bilduko da (Argentinako 15.30ean; Euskadiko 19.30ean). Hego Amerikako kultura erreferentea izanik, herrialde honetako kultura politiken kudeaketa bertatik bertara ezagutzea izango da bilera honen helburu nagusietako bat. Horrekin batera, Argentina eta Euskaldiren arteko harremanak, kultura eta euskararen arloan lankidetzarako bide berriak zabaltzeko aukerak (esate baterako, Donostiako Zinemaldiari dagokienez dagoen elkarlanean sakonduz) edo arlo hauetan Euskadik jorratzen dituen lan-ildoak izango dira mintzagai. 

Batzar hau amaitutakoan Hernán Lombardi Hedabide eta Eduki Publikoen ministroarekin bilduko da sailburua, kulturaren arloa bigarren ministerio honetara ere zabaltzen baita. Azkenik, Federación de Entidades Vasco Argentinas (FEVA) eta Laurak Bat zentroko zuzendaritzekin ekitaldi bat izango da gauean.

Laurak Bat eta diaspora
Eusko Jaurlaritzak mundu osoan zehar zenbatuta dituen 190 euskal etxeetatik, 84 daude Argentinan. Argentinako euskaldunena munduko euskal kolektibitaterik handiena da. Euskal komunitateak garrantzi handia izan du Argentinako historian, eta historiako momentu ezberdinetan hara joandakoen ondorengoek pisu handia dute gaur egun ere herrialde honen gizartean. Buenos Aires hirian 10 euskal etxe daude, eta haien artean Laurak Bat da garrantzitsuena. 1877ko martxoaren 13an jaio zen zentro hau, eta munduko euskal etxerik zaharrena da.

Azken Karlistadaren ostean Euskaditik heldutako 13 gaztek sortu zuten Laurak Bat euskal etxea eta bere barnean Gernikako arbolaren kimu bat badago (1906an landatutakoa). Gaur egun, 407 bazkide ditu zentroak eta euskal kulturarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak antolatzen dituzte (euskara irakatsi, mus txapelketak, pilota partidak, dantzak…). Goi-mailako jatetxe bat ere badu, hiriburuko erreferenteetako bat.

2009an Buenos Aireseko Udalak ‘Buenos Aires celebra…’ jaialdia sortu zuen, jatorri ezberdinetako biztanlez jositako hiri honetako kolektibitateek beren kulturaren berri eman zezaten eta herritar guztiek aberastasun honen berri izan zezaten. ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ koordinatzeaz Laurak Bat arduratzen da, eta aurten bere 140. urteurrenarekin batera antolatzea erabaki da. Bihar izango da jaialdi hau, Avenida de Mayo etorbide ezagunaren erdi-erdian.

Argentinako euskal komunitateak bestelako hitzorduak ere baditu. Urtero, Euskal Aste Nazionala antolatzen du eta euskal etxe guztietako ordezkariak batzen ditu. Gernikako bonbardaketaren urteurrena euskal etxeek gogoratu ohi duten beste data bat izan ohi da. Herrialdeko euskal etxe guztiak Federación de Entidades Vasco Argentinas (FEVA) erakundearen barruan biltzen dira. Egun, 100 elkarte baino gehiago daude 1955ean sortutako federazio honetan eta 50.000 pertsona inguruk hartzen dute parte bere jardueretan.

Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki laguntzen ditu euskal etxeak eta bere diru-laguntzak ezinbestekoak dira hauen jarduera garatu ahal izateko. Era berean, 1989az geroztik Argentinan Euskaraz programa antolatzen da euskarazko eskolak ahalbidetzeko herri honetan. 2000. urtetik Euskara Munduan programaren baitan garatzen da ekimen hau eta, mundu osoko hainbat euskal etxeetan bezala, ehunka euskara ikasle daude Argentinakoetan. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dagoen HABE erakunde publikoaren lana funtsezkoa da euskararen irakaskuntza zabaltzeko mundu osoko euskal etxeetara.

Aurten 51 irakasle ari dira Argentinako 30 euskal etxeetan eta urtero, batez beste, 600 ikasle izaten dira herrialde honetan. Umeen euskalduntzeari dagokienez, Buenos Airesen eta Lavallolen egoitzak dituen Euskal Echea eskolari esker 1.500 umek ikasten dute euskara beren ikastegian (900 Buenos Airesekoan eta 500 inguru Llavallolen).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak