
Euskal biztanleak pozik bizi dira daukaten bizi kalitatearekin
Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat argitaratu du bizi diren herri eta hiriekin zenbateraino dauden pozik neurtzeko
Euskal biztanleriaren gehiengoa pozik bizi da daraman bizitzarekin, batez ere, familiarekin eta harreman afektiboekin, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur argitaratu duen ikerketa baten arabera. Ikerketa lana otsailaren 21etik 24ra bitartean egin zen eta Euskadiko biztanleak bizi diren herri eta hirietan daramaten bizitzaren gaineko poztasun mailaren ingurukoa izan da.
Ikerketa honek dioenaren arabera, biztanleriaren gehiengoa pozik bizi da daraman bizitzarekin: %27 oso pozik eta %59 nahikoa pozik. Poztasuna handiagoa da familiarekin (8,9, 0tik 10erako eskalan) eta harreman afektiboetan (8,5). Aldiz txikiagoa da etxeko diru-sarrerarekin (6,7) eta okupazio egoerarekin (6,8). Poztasunaren bilakaera positiboa izan da bizitzako ia esparru guztietan; salbuespena, egungo okupazioarekiko poztasuna, 2003koa baino apur bat txikiagoa dena.
Halaber, poztasun handia ikusten da ekipamenduekin, ingurumenarekin eta bizilagunen arteko bizikidetzarekin eta Euskadiko bizi kalitatearekin (hamarretik bederatzik uste dute oso edo nahiko ona dela).