Berriak Osasuna
Eu

Gripeak gehiago eragin die pertsona helduei aurten Euskadin eta morbimortalitate handiagoa sortu du

2017.eko martxoak 21

 

Osasun sailburu Jon Darponek eskerrak eman dizkie Osakidetzako profesional guztiei haien inplikazio eta ahaleginagatik, aurten euskal ospitaleetan ospitaleratze kopuru handiagoa sortu dituen epidemia bati aurre egiteagatik. 

 

Aste honetan 100.000 biztanleko 21,4 kasuko intzidentzia batekin, gripe-epidemia ia desagertuta dago Euskadin. Osasun sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, gripea urtaroko gaixotasun infekzioso bat da eta oso kutsakorra, eta nekez iragar daiteke, Osakidetzak urtero egiten duen zaintza hain zorrotza gorabehera. Haren hedapena noiz hasiko den, zer intzidentzia izango duen eta zenbat iraungo duen zehazki jakitea urtetik urtera aldatzen diren alderdiak dira. Hala ere, Osasun sailburuak azaldu duenez, indartze-neurriei eta langileen profesionaltasunari esker, Osakidetzak normaltasunez egin dio aurre berriz gripeari

Harekin batera izan dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsoro doktorea; Andoni Arcelay doktorea, eta Osakidetzako Osasun Publikoko Programen eta Pazientearen Segurtasunaren koordinatzaile Enrique Peiro. Osasun sailburuak jendaurrean eskertu nahi izan du gripe-epidemiaren asteetan zehar Osakidetzako profesionalek egin duten lana: “Osakidetzako zuzendaritza-taldeen zein profesional guztien lan handiz eta profesionaltasunez egin diogu aurre epidemiari, eta jendaurrean eskertu nahi diet haien inplikazioa eta ahalegina”. 

Sailburuak Osasun Batzordeko kideei azaldu dizkie euskal osasun-sistemak urtero gripeari aurre egiteko oinarri dituen lau zutabeak: zaintza epidemiologikoko lan handia, plangintza arretatsua, osasun-laguntza egokia une oro eta behar diren baliabideak zabaltzea

Jon Darponek azpimarratu du gripe-denboraldi honetan bi zirkunstantzia izan direla, egoera aurreko urteen aldean desberdina izatea ekarri dutenak. Batetik, gripearen aurrerapena, eta bestetik, birus mota (H3N2), eragin handiagoa izan duena pertsona heldu, paziente kroniko eta pluripatologikoen artean, eta horrek ospitaleratze kopuruaren gehikuntza handia eta profesionalak eta oheak indartzeko premia sortu du

Osakidetzako ESIen Zuzendaritza Medikoek egunero egin duten jarraipen zorrotz eta etengabeari esker, baliabideak premia eta egoeretara egokitu dira. Horregatik, laguntza-neurri garrantzitsuak hartu dira, hala nola: zenbait kategoriatako 300 profesional inguru kontratatzea; ospitaleetan beste 419 ohe gaitzea eta beste 29 ohe sare itunduan, ohiko 4.683 oheez gain, eta egunero beste bi anbulantzia kontratatzea eta beste bat ospitale arteko lekualdaketetarako Araban. 

Osasun Batzordean egindako agerraldian zehar, Osasun Saileko arduradunek zifra zehatzak eskaini dituzte, eta nabarmendu dute egun bakar batean 3.000 larrialdi inguru ere artatu direla. Hori 2016an aldi berean erregistratutako arreten batez bestekoaren bikoitza da. Hala ere, errepikatu dutenez, aurten izan diren zirkunstantziak gorabehera, epidemiari normaltasunez egin zaio aurre, lanarekin eta behar ziren baliabideekin.

 

 

                                               Vitoria-Gasteizen, 2017ko martxoaren 21ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Osakidetzako Osasun Publikoko Programen eta Pazientearen Segurtasunaren koordinatzailea, Enrique Peiró