Eu

Maros Šefčovič EBko lehendakariorde eta Energiako komisarioak Euskadin energia eta efizientziaren alorrean aurrera eramaten ari diren proiektuak ezagutu ditu

2017.eko martxoak 17
  • Bisita Donostian bus elektrikoarekin egiten ari den Europako Replicate proiektuan eta Txomin-Eneako etxebizitzen birgaitzean hasi da
  • Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza energia-eraginkortasunaren arloan egiten ari den lana
  • Šefčovič-ek, era berean, Mutrikuko olatu-energiako instalazioa bisitatu du

Energia-eraginkortasuna da euskal erakundeak murgilduta dauden erronka handienetako bat, eta Maros Šefčovič EBko lehendakariorde eta Energiako komisarioaren bisita esparru horretan kokatu behar da, badituelako Euskadik erreferentziazkoak diren energia alorreko proiektuak martxan, batzuk gainera, europako erakundeen diru laguntzekin.

Šefčovič energiarekin lotutako Europako ekimenen arduraduna da, eta, hala, helburuen artean du energia-eraginkortasun hobetzea, sare elektrikoen, energia berriztagarrien eta bestelako energia-azpiegituren hobekuntzan inbertituta. Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoa bisitatzearen xede nagusia izan da Horizon 2020 planean jasotako ekimen berritzaileak ikustea. Hain zuzen, hirietara zuzenduta inoiz egon den Europar Batasuneko ikerketa- eta berrikuntza-programa handiena da Horizon 2020. Adierazitako planean biltzen da Donostia buru duen eta Europan oso egiteko garrantzitsua betetzen duen Replicate proiektua.

Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura saila lan sakona egiten ari da energiaren alorrean, horren erakusle da lantzen ari den efizientzia energetikoaren legea. Gaurko bisitan, europako presidenteordeak ikusi ahal izan du nola uztartzen diren efizientzia, argi indarraren erabilera eta mugikortasuna, eta zentzu honetan Arantxa Tapia sailburuak adierazi du oso garrantzitsua dela zentro teknologikoek ikerketaren alorrean egiten duten lana, enpresekin eta instituzioen laguntzaz. Gaur, bide batez Europan erreferentziazkoa den Mutrikuko olatu planta ere ezagutu ahal izan du europako ordezkaritzak.

Udala, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren bitartez, eta beste 34 bazkide lanean ari dira hiri adimendunaren eredu bat garatzeko helburuarekin. Replicate proiektua 2016ko otsailean hasi zen eta 5 urte iraungo ditu. Proiektuak funtsak jaso ditu Europar Batasuneko H2020 ikerketa- eta berrikuntza-programatik. Gainera, gaur, komisarioak Txomin-Enerainoko ibilbidea egin ahal izan du autobus elektrikoan, eta ikusi du orain arte egindako lanaren emaitzak zein izaten ari diren.

Mugikortasun iraunkorrari dagokionez lortzen ari diren aurrerapenez gain, Replicate proiektuaren esparruan, energiarekin, IKTekin eta azpiegiturekin lotutako jardunak gauzatzen ari dira. Energiaren esparruko ekintzen artean, aipatzekoa da District Heating (hiri-berokuntza) zentrala eraikitzeko lehiaketara aurkeztuko diren enpresekin egiten ari den lana. Zentral horrek Txomin auzoko etxebizitza berriak eta birgaitutakoak ere hornituko ditu. Urte honen amaieran esleituko da kontratua. Bestalde, Txomineko 156 etxebizitzak birgaitzeaz arduratutako enpresa bazkidea xehetasunez lantzen eta zehazten ari da proiektu teknikoa, eta udazkenean etxebizitza horien jabeekin harremanetan jarriko dira proiektua aurkezteko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritza, “Energy Union” Europako ekimenari jarraitzen dion estrategia dela-eta, komisarioarekin Bruselan bildu ahal izan zen, Arantxa Tapia sailburuaren bidez, otsailaren 7an. Bilera horretan, bi ordezkariak bat etorri ziren diagnostikoan, eta adierazi zuten beharrezkoa zela lan egiten eta emaitzak lortzen jarraitzea energia-eraginkortasunaren, barneko energia-merkatuaren, eta ikerketaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren esparruetan. Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoa arlo horietan sakontzen ari da; kontuan izanik, halaber, iraunkortasun ekonomikoan eta sozialean eragin positiboa sorrarazteaz gainera, euskal enpresentzat negozioak egiteko eta enplegua sortzeko aukerak zabaltzen ari direla.

Maros Šefčovič komisarioak ezagutu du, gaur goizean ere, Mutrikuko olatu-energiako instalazioa. Bertan egon da Tapia sailburuarekin, Javier Zarraonaindia sailburuordearekin, Iñigo Ansola EEEko zuzendariarekin eta Aitor Oregi Eusko Jaurlaritzako Energiako zuzendariarekin. Instalazio berritzailea da, emaitza bikainak izaten ari dena energia berriztagarrien eta ikerketa eta berrikuntzaren arloetan.

Mutrikuko olatu-energiako instalazioa

Mutrikuko itsas instalazioa merkataritza-instalazio bat da olatuen baitan dagoen energia aprobetxatuta elektrizitatea sortzeko. Erakusgarri den instalazio horrek munduko errekorra lortu du. Izan ere, 1,3 GWh (1.300.00 kWh) elektriko sortu ditu, banaketa-sare orokorrera zuzenean irauli direnak; besteak beste, etxebizitzetan eta industrietan baliatzeko. Itsas produkzio hori apala da alderatuz gero beste sorkuntza-teknologia helduago batzuekin (eolikoa, ziklo konbinatuak); baina, orain arte, ez da produkzio hori lortu olatu bidezko sorkuntzako beste inolako instalazioren bidez.

Instalazio horren beste eginkizun nabari bat da saiakuntza-azpiegitura gisa duen erabilera, turbinen eta kontrol-sistemen arloko teknologia berriak probatzeko. Izan ere, itsas teknologiak garatze-fasean daude sistemetan hobekuntzak lortzeko eta horiek eraginkorragoak, fidagarriagoak eta merkeagoak egiteko. Uda honetan, Oceantec euskal enpresa OWC teknologiako bere turbina berriarekin saiakuntzak egiten ari da haren errendimendua eta baliozkotasuna egiaztatzeko, itsaso zabalean saiakuntzak egin aurretik.

Hortaz, Mutrikuk erakusten du itsasoak sortutako energia berriztagarria baliatzeko teknologia baliozkoa dela eta esparru horretako ikerketa etorkizuneko apustua dela oparoa den baliabide horren aprobetxamendu handiagoa lortzeko. Era berean, ikerketa horrek aupada ugari eskaintzen ditu energia horren erabateko aprobetxamendua lortzeko, jarduten deneko aurkako ingurunea dela eta: korrosioa, tenperaturak, etab.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jonbasterra
    2017.eko martxoak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @arantxa_tapia: .@MarosSefcovic-ek ezagutu du #Euskadi energia-eraginkortasunaren arloan egiten ari den lana https://t.co/jYRH5U68mf #ba…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maros Šefčovič EBko lehendakariorde eta Energiako komisarioa