Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadik Europako Batzordeari eta Batasuneko Estatuei azaldu die 4.0 industriarako Lanbide Heziketako Euskal Estrategia

2017.eko martxoak 16
  • Europako Batzordeak gonbidatuta, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok Euskadik 4.0 industria bultzatzeko Lanbide Heziketatik jarraitzen duen estrategia azaldu du Bruselan
  • Gaitasunen Europako Agenda etorkizunean gauzatzeko Europako Batzordea egiten ari den alderatze-prozesuaren barruan kokatzen da sailburuordearen hitzaldia, agenda hori 4.0 industriaren beharrekin lerrokaturik garatu dadin

Europako Batzordeak gonbidatuta eta proposatuta, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalok gaur arratsaldean hitzaldia eman du Europako Batzordeak koordinatzen duen espezializazioari eta 4.0 industriari buruzko Europako aholku-batzordearen bileran. Batzorde hori, egun, ekimenak eta proposamenak koordinatu eta alderatzen ari da, etorkizunean Gaitasun Profesionalen Europako Agenda izango dena finkatzeko. Europako Batzordeko Enpresa Zuzendaritza Nagusiko zuzendariek, eta EBko kide diren Estatuetako hainbat Ministeriok osatzen dute aholku-batzorde hori.

Arévalo sailburuordea izan da Europako eskualdeen ordezkari bakarra. Lanbide Heziketako Euskal Estrategia aurkeztu du, Euskal Autonomia Erkidegoa 4.0 industriaren beharrei erantzuteko LHtik abian jartzen ari den proposamen zehatzez eta emaitzez gainera. Estatu kideentzat mugatua izan ohi den batzorde horretan esku hartu izanak EBk EAEko Lanbide Heziketari egin dion beste aitortza bat esan nahi du. Lanbide Heziketako Euskal Estrategiaren abangoardia nabarmendu du, baita honen irekitasun, egokitzapen eta emaitza zehatzak ere, Lanbide Heziketaren ingurunea osatzen duten pertsona guztien lankidetzari esker lortu direnak.

Gaitasun Profesionalen Europako Agendak (New Skills Agenda) etorkizuneko curriculum-agenda europarra markatuko du, Europako lurralde guztien inplikazioarekin. Izan ere horien guztien hezkuntza-politikak Agenda horretara egokitu beharko baitira. Hauxe izango da hezkuntza-erreformarik handienetako bat. Euskadi, beraz, aurrean da prozesu horretan, Europako abangoardian kokaturik eta Lanbide Heziketa nahiz enpresa eremuak artikulatuz, berrikuntza espezializatuko eta lehiakortasun lurralde izaten jarrai dezan.    

Lanbide Heziketaren bidezko euskal estrategia

Topaketa horretan, Jorge Arévalo sailburuordeak azaldu du industria aurreratua eta 4.0 industria bultzatzeko Lanbide Heziketaren bitartez EAE jarraitzen ari den estrategia, baita industria horietan lan egingo dutenek beharko dituzten lanbide-konpetentziak ere.  

Skills for de ompetitiveness of industry 4.0: the approach of the Basque Country (Lehiakortasunerako konpetentziak 4.0 industrian: Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegia) izenburupean, Arévalok nabarmendu du beharrezkoa dela estrategia bat zehaztea egungoa bezain esparru konplexuetan lan egiteko. Estrategia horrek adierazitako konplexutasuna esparru maneiagarrietan disekzionatu behar du; horrela, zatiei konponbideak emanez, aurrera egin ahal izateko. Ildo horretatik, nabarmendu du zeinen garrantzitsua den “pertsonak beste era batera prestatzea, konplexutasuna kudeatzeko gai izan daitezen”, eta balio handia eman die zeharkako konpetentziei, esaterako, aipatu dituen honako hauei: interpretatu, ulertu, analizatu, laburtu eta transmititzeko gaitasuna eta, bereziki, erabakitzeko gaitasuna. Gaitasun horiek eskuratu eta garatu behar dituzte industriaren profesionalek.

Konpetentzien araberako ikaskuntzarekin estu lotuta, sailburuordeak hizpide izan du EAEko LHko ikastetxeak murgilduta dauden eraldatze metodologiko sakona. Horretarako, Errendimendu Handiko Zikloak ezarri dira Lanbide Heziketako ikastetxeetan. Eredu berritzaile horren elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Aldaketa metodologikoak espazio fisikoen antolaera berria ere eskatzen du, eta helburu du ikasgelan testuinguru berriak sartzea, ikaskuntza-prozesuan ikasleen lanbide-konpetentziak hobeto garatzeko bidea emango dutenak (konpetentziak teknikoak eta zeharkakoak dira). Profesionalek konpetentzia horiek bereganatzeak berekin dakar, halaber, enpresen lehiakortasunean hobetzeko aukera bat. Egun, EAEko LHko 46 ikastetxe ari dira eredu metodologiko berri hori aplikatzen, 139 heziketa-ziklotako 1.646 irakasleren eta 3.473 ikasleren partaidetzarekin.

Hitzaldian Arevalok adierazi du, era berean, Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE) 4.0 estrategia lantzen hasteak duen garrantzia. “Gure ETEak 4.0 estrategia lantzen hasten ez badira, halabeharrez desagertzeko arriskuan egon daitezke” ohartarazi du; eta gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketak, jarraibide estrategikotzat, ETE-ei zuzendutako berrikuntzaren garapena bultzatzen duela. Enpresa horien berrikuntzan laguntzeko asmoarekin, EAEko LHak haientzat eskuragarri jartzen ditu Lanbide Heziketako ikastetxeetan dagoeneko badauden ezagupenak eta gaitasunak, zerbitzugintzaren bidez, baina baita prototipo, material edo produktu berriak alderatuz ere.

Arévalok Bruselan azaldutako EAEko LHaren beste jarraibide estrategikoetako bat espezializazio-programek osatzen dute. Programa hauek, gure enpresen enpleagagarritasun eta lehiakortasun beharrei erantzun azkar eta errealak emateko helburuz ari dira ezartzen. Era berean, Arevalok zehaztu du EAEko LHa gaur egun zein arlotan lanean ari den. Arlo horien artean, honako hauek nabarmendu ditu: eransketa bidezko fabrikazioa, 4.0 fabrika konektatua, fabrikazio aurreratua, sistema adimendunak, robotika malgua, errealitate birtuala, Big Data edo zibersegurtasuna.

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak, hitzaldia amaitzeko, nabarmendu du baterako eta lankidetzazko lanaren beharra lehiakortasunean hobetzeko, bai Euskadin, bai Europa osoan. “Lankidetzan arituz lehiatu” adierazi du, eta honako hau gehitu du: “Lurralde baten, herrialde baten zein Europako Batasunaren beraren indarra, bertako gizartea osatzen duten pertsonen indar-batura da”. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Innobasque
    2017.eko martxoak 23

    Comentario de Twitter:
    #Euskadi expone a la Comisión Europea la Estrategia Vasca de FP para la industria 4.0 https://t.co/dYhzzKBkGR @ic_fp #BasqueIndustry40

  • @tknika
    2017.eko martxoak 20

    Comentario de Twitter:
    Euskadik Europako Batzordeari azaldu dio 4.0 industriarako @FPeuskadi ko estrategia https://t.co/ntM8O6Yji9

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Luis Fernandez Maure (Lanbide Heziketako Nazioartekotze arloaren arduraduna)