Berriak Ogasuna eta Ekonomia

Eusko Jaurlaritzak Alderdi Popularrarekin 2017ko EAE-ren Aurrekontuak onartzeko akordio bat landuko du

2017.eko martxoak 15

Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk, gaur, bere balorazioa plazaratu du, oposizioko talde politikoekin hirugarren bilera-txanda amaitu, eta Lehendakariarekin eta bere taldearekin bilera horien edukien barne-analisia egin eta gero.

ELKARREKIN PODEMOS: Martxoaren 7an eta 8an egin zen bigarren bilera-txandaren ondoren, jada jakinarazi zitzaien euren baldintzek ezinezko egiten zutela akordio posible bat. Errekargu jakin batzuk premiaz onartzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta % 15 handitzeko proposamenek talde honekin akordioa lortzea ezinezkoa egiten zuten. “Eurek jarritako marra gorriak Jaurlaritzak ezin ditu onartu eta, gure ustez, ez ditu onartu behar”.

Hala ere, eta haiei aipatutakoa jakinarazi eta gero, talde honek beste bilera bat eskatu zuen. Bilera iragan astelehenean egin zen, eta bertan euren posizioa berretsi zuten. Jaurlaritzak, jakina, bereari eutsi dio, Elkarrekin Podemos taldeak jada ezagutzen zuen bezala.

EH BILDU: Hilaren 10ean, ostirala, igorri zitzaion negoziazio-proposamenari buruzko iritzia eskatu zitzaion atzo. EH Bildu legebiltzar-taldeak ez du proposamen zehatzik aurkeztu. Jaurlaritzak, hedabideen bitartez irakurri ahal izan dituenak ezagutu ditu. Proposamen horiek erreforma fiskalari eta proposatuko luketen aurrekontuari lotutako 164 milioiko aldaketei loturik egongo lirateke, nola egin behar ziren zehazki adierazi gabe. Akordio bat aztertzeko elementurik ez da egon, eta a priori, euren eskaerek ekitaldi honetarako ezarritako epeetan aurrekontua onartzea baldintza zezaketen. EH Bildurentzako aurrekontuaren negoziazioa ez da lege bat onartzearekin amaitzen den zerbait, beste egoera batzuen ataria baizik, eta han kokatzen dute negoziazio hori.  Dena dela, beste gai batzuetan akordiotara heldu ahal izateko bidea zabalik utzi dute. Jaurlaritzak jarrera hori txalotzen du eta kontuan hartuko du.

ALDERDI POPULARRA: Hasieratik aurrekontu hau aurrera atera zedin elkarlanean aritzeko jarrera erakutsi dute. Eta horixe da, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren eta Euskadiren lehentasuna une honetan. Badago oinarri orokor bat; eta oinarri hori aintzat hartuta akordio baterako baldintzak lehenbailehen finkatu ahal izateko lanean hasiko gara gaurtik aurrera.

Aurrekontu errealista da eta arlo sozialean zein ekonomikoan aurrerapausoak erakusten ditu. Aurrekontuak Jaurlaritzaren barruan adostutako politika publikoak garatu ahal izateko aukera ematen du. “Jaurlaritza bezala gure ardura Lege hau eta aurrekontu hau aurrera ateratzea da. Herritarrekin hartutako konpromisoak bete eta aurrera egin behar dugu”, adierazi du Azpiazu sailburuak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)