Berriak Lehendakaritza
Eu

Eguraldi txarra dela eta bertan behera geratu dira CSW61ko ekitaldiak, haien artean Emakunderen biktimak artatzeko zerbitzuei buruzkoa

2017.eko martxoak 14

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, Emakumearen egoerari buruzko konferentziaren (CSW61) testuinguruan, Emakundek indarkeriaren biktima izan diren emakumeak eta neskatoak artatzeko zerbitzuei buruzko nazioarteko programari (Joint global programme on essential services for women and girls subject to violence), egindako ekarpena aurkeztu behar zuen New Yorken gaur, baina egueraldi txarra dela eta, bertan behera geratu da ekitaldia, CSW61aren inguruan antolatutako beste ekitaldi guztiak bezala. Programa honetan Nazio Batuetako zenbait agentziekin dago elkarlanean Emakunde, Nazio Batuak Emakumeak eta Nazio Batuetako Biztanleria Fondoarekin (UNFPA), besteak beste. Aurkezpena UNFPAko presidenteak egin behar zuen, Babatunde Osotimehinek, aeta ondoren Emakundeko zuzendariarekin batera, programaren barruan dauden hamar herrialdetako ministroen parte hartzea iragarrita zegoen beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera. 

Programa honen helburua da zehaztea zeintzuk izan behar diren gutxieneko estandarrak emakumeen kontrako indarkeriaren biktima direnak artatzeko. ONUk hala eskatuta parte hartzen ari da Emakunde nazioarteko programa honetan. Programa honetako lehen fasean adostu diren estandarrak etorkizunean Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onartzea da hurrengo helburua, eta bertan ezartzen diren estandarrak eremu poliziala, judiziala, osasunarena eta zerbitzu sozialen eremuak hartzen ditu kontuan.

PROGRAMARI BURUZKO INFORMAZIOA (PDF, 1 MB) 

Programa, une honetan, bigarren fasean dago: orain, estandar horiek probatu nahi dira (2019ko abendura arte), eta, ondoren Nazio Batuetako Biltzar Orokorrean aurkeztuko dira, onartuak izan daitezen. Hau da, maila goreneko nazioarteko akordio bat lortu nahi da, estatuek estandar horiek aplikatzeko konpromisoa har dezaten.

Lan honek, bestalde, aukera emango dio Emakunderi EAEn emakume biktimei ematen zaie arreta aztertzeko, hobetu daitezkeen arloak identifikatzeko, eskuhartze eremu bakoitzean hobekuntza planak abian jartzeko, eta programa honen bidez ikasitako metodologia eta tresnak gurean praktikan jartzeko.   

Programa hau Bilbon aurkeztu zen iragan urriaren 26an Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta UNFPA-ko ordezkarien presentziarekin.

Bestetik, New Yorken dagoen Emakundeko ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako EEBBetako delegatuarekin, Ander Caballerorekin, bildu da, eta bilera horretan adostu dute orain arte elkarbanatu dituzten proiektuetan aurrera egitea.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak