Berriak Segurtasuna
Eu

Erandioko Ertzaintzaren Base Nagusian Gernikako Arbolaren kimu bat izango da gaurtik aurrera

2017.eko martxoak 14

Kimua landatzeko ekitaldiaren buruan Segurtasuneko sailburua eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria izan dira

Erandioko Ertzaintzaren Base Nagusian Gernikako Arbolaren kimu bat izango da gaurtik aurrera. Kimua landatzeko ekitaldia arratsaldeko bostetan egin da. Ekitaldiaren buruan izan dira Segurtasuneko sailburu Estefania Beltrán de Heredia eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui, eta haiekin batera izan dira Bizkaiko erakundeko beste hainbat ordezkari politiko eta Ertzaintzaren Base Nagusian lan egiten duen pertsonala.

Zeremoniari hasiera emateko Agur Jaunak jo du Ertzaintzaren musika-bandak, eta, ondoren, ongietorria egin die bertaratu guztiei Ertzaintzaren buruak, Jorge Aldekoa superintendenteak.

Jarraian, Segurtasuneko sailburuak, Iñigo Urkullu lehendakariaren izenean, paper birziklatu eta biodegradagarrian idatzitako honako hitz hauek utzi ditu kimuaren sustraietan:

            Kimu berri indartuak

            segurtasunaren etxera dakar

            Gernikako arbola zaharraren

            itzal emankorra.

            Kimu gazte,

            zabal ezazu lur berrian          

            Gernikako ikurraren herri izaera,     

            gu guztion segurtasuna,

            bake iraunkorra eta ongizatea

            etengabe berrituz.

Segurtasuneko sailburuak eta Batzar Nagusietako lehendakariak jaurti dituzte lehenengo lur-palakadak Ertzaintzako buru Jorge Aldekoarekin eta Patxi Vallejorekin batera. Azken hori trafiko-unitateko ertzain erretiratua da, eta bere garaian berak iradoki zuen Euskadiko haritz ezagun eta sinbolikoenaren kimu bat Erandioko baseko leku nagusi batean landatzea.  

Ondoren, bertaratu diren gainerako guztiek lagundu dute kimua landatzen bandak Gernikako Arbola jotzen zuen bitartean, eta, jarraian, plaka oroigarria desestali dute eta bi dantzarik ohorezko aurreskua egin dute.

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak aipatu du Gernikako haritzaren sinbologiak duen zerikusia Ertzaintzaren ikonografiarekin, eta, zehazki, uniformeetako haritz-hostoarekin, eta zerbitzu-egintzan hildako ertzainak ere ekarri ditu gogora: “Gaur landatu dugun kimu honekin zerbitzu-egintzetan hildako ertzain guztiak omentzen ditugu, Gernikak hain ongi sinbolizatzen duen euskal herriaren bake eta askatasun gogoa berresten dugu eta euskal herritar guztien giza eskubideak zorrotz errespetatzeko Ertzaintzak egindako apustu erabakigarria egiaztatzen dugu".

Bestalde, Segurtasuneko sailburuak ekintza sinboliko honekin eman die amaiera Ertzaintzaren 80. urteurrena ospatzeko joan den urteko apirilean, azaroan hildako 36 urteko Miguel Etxagibel ertzainari omenaldi hunkigarri bat eginez, hasitako ekitaldiei. 

“Erandioko egoitzako lurraren izerdia xurgatzen hasi berria den kimu honek eskaintzen dugun segurtasun-zerbitzuaren eta herritarren arteko ezinbesteko lotura hori ere islatzen du; askatasunak, elkarbizitza eta ongizatea ziurtatzeko egiten dugun lanaren eta egunez egun gure laguntza jasotzen duten pertsonen eta erakundeen arteko lotura ere islatzen du”, adierazi du Estefania Beltrán de Heredia andreak, eta eskerrak eman dizkio Patxi Vallejori bere garaian proposatutako ekimenarengatik.

Ekitaldiari amaiera emateko kimuaren benetakotasun-ziurtagiria eman dio Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Segurtasuneko sailburuari, eta honek haritz-hostoaren irudi sinboliko bat. Ertzaintzaren ereserkiaren akordeek eman diote amaiera zeremoniari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak