Eu

AZTIk Europako legatzaren ugalketari buruzko ikerketa-kanpaina jarri du martxan

2017.eko martxoak 13

• Legatz-larben, larba osteko organismoen eta ale gazteen ugaritasuna eta espazioan duten banaketa zehaztuko dute Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataforman (Hegoaldeko Stocka).

• Iparraldeko eta Ekialdeko Atlantikoko arrantzarik garrantzitsuenetako bat da legatza. Hain zuzen, Espainiakoak dira Europako lehorreratzeen % 30 baino gehiago.

• Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du kanpaina, DREAMER proiektuaren esparruan, eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak babestu du.

AZTIk, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu nagusiak (CSIC) eta IMEDEA institutuak kanpaina bat jarri dute martxan, legatzaren erreklutamenduaren prozesu ekologikoak eta demografikoak ikertzeko. 16 ikertzailek osatutako talde bat Vigoko portutik abiatuko da martxoaren 13an Sarmiento de Gamboa ontzi ozeanografikoan, helburu honekin: bizirik irauteko faktorerik garrantzitsuenak ezagutzea, lehenengo bizitza-faseetatik hasi eta legatz heldua erreklutatzen den faseraino. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du kanpaina, DREAMER proiektuaren esparruan (“Legatzaren erreklutamenduaren dinamika”), eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritzak babestu du.

Proiektuaren helburu nagusia da legatzaren erreklutamendua zer kausak zehazten duten aztertzea, eta arreta berezia jarriko dute kausa demografiko eta ingurumenekoetan. Kanpainan, aztertuko da Galiziako kostan zenbat legatz-larba, larba osteko organismo eta ale gazte dauden eta espazioan nola dauden banatuta; laginketa-aldietako kondizio meteorologiko, biologiko eta ozeanografiko nagusiak karakterizatuko dira, eta ale batzuk harrapatuko dira, larben eta ale gazteen eguneko hazkunde-tasa zehazteko, eta elikadura eta dieta eta stocken arteko konektagarritasun-gradua zehazteko. Proiektu hau beste kanpaina batekin osatuko da. Hura hurrengo ekainean egingo da, eremu berean.

AZTIko, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) eta IMEDEA institutuko 16 zientzialarik osatutako taldea CSICek koordinatuko du, CSICeko Fran Saborido-Reyren eta AZTIko Paula Álvarezen zuzendaritzapean. Hamabost egun iraungo du kanpainak ontzian.

Iparraldeko eta Ekialdeko Atlantikoko arrantzarik garrantzitsuenetako bat da Merluccius merluccius legatza. Hain zuzen, Espainiakoak dira Europako lehorreratze gehienak (Europako lehorreratze guztien % 30). Espainiaren atzetik, Frantzia eta Portugal daude. Legatzak, arrantzarako duen garrantziaz gain, zeregin garrantzitsua du itsas ekosisteman, pelagiko txikienen harraparia baita eta, aldi berean, marrazo eta beste harrapari batzuen elikagaia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak