Eu

Erkorekak, San Josek eta Ezenarrok Jordi Lidónen testigantza entzun dute Memoria Plaza ekimenaren baitan

2017.eko martxoak 14

Getxoko erakusketa igandera arte egongo da ikusgai, Areetako Geltokiko Plazan jarritako karpa batean

Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkoreka, Lan eta Justiziako Sailburu, María Jesús San José, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen GOGORA Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarro, egunotan, Getxon kokatuta egongo den Memoria Plaza ekimenean izan dira, gaur arratsaldean, Jordi Lidónek grabatutako testigantza entzuteko. Jordi Lidón, ETAK Getxon eraildako azken biktimaren, Jose María Lidónen, semea da.

Areetako Geltokiko Plazan instalatu den karpa batean kokatua, erakusketa atzo ireki zen eta datorren igandera, martxoaren 19ra arte egongo da ikusgai.

MEMORIA PLAZA ERAKUSKETA

Getxon egunotan egongo den Memoria Plaza ekimen ibiltaria orain urtebete ireki zen eta hiritarren parte-hartzea sustatzeko ekimen bat da. Bere xedea da Euskadin azken hamarkadetan gertatutakoaren inguruko testigantzak jasotzea eta erakustea, memoria plurala eta partekatua eraiki ahal izateko.

Ekimena abian dagoen bitartean heziketa-tailerrak, testigantzen emanaldiak edo eztabaidarako mahaiak antolatuko dira eta gune ezberdinak egongo dira:

  • Testigantzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-testigantza in situ grabatzeko aukera izango dute.
  • Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien testigantzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
  • Proiekzio eta debate eremua: bi dokumental proiektatuko dira eta zenbait mahai-inguru eta talde-dinamika antolatu.
  • Mezuen horma-irudia:bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute, bai eta kutxa batean ere, Gogora Institutuan gorde eta Memoria Plaza ekimenaren webgunean argitaratua izan dadin.

Memoria Plaza proiektuaren fase ibiltari hau 2016ko urtarrilean abiatu zen, eta lau xede ditu:

-Memoria jendarteratzea eta partekatzea erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.

-Herritarrei beren memoria-testigantza uzteko espazio bat eskaintzea.

-Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.

-Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

Orain arte, Memoria Plaza erakusketa Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen eta Arrasaten egon da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak