Eu

Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondarea Sariaren hirugarren edizioa sustatu du, gazteen artean euskal ondarearen ezagutza indartzeko

2017.eko martxoak 13

Aurreko bi edizioen arrakastaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, Kultura Ondarea Saria 2017an parte hartzeko deia egin du. Ekimen honen helburua euskal kultura ondarearen hedapena bultzatzea da, eta horretarako saritzen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek egindako bideoak.

Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek eta Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek aurkeztu dute gaur, Euskadiko Artxibo Historikoan, sari honen edizio berria. Horiekin batera, aurreko edizioetako irabazleetako batzuk izan dira, Julio Caro Baroja BHI, Kantauri BHI, Avellaneda Ikastetxea eta Laudio Ikastolatik etorrita. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek proiektuaren bilakaera ona azpimarratu dute, honekin bat egiten duen ikastetxe kopurua igo da eta. Lehen edizioaren (2015) eta bigarrenaren (2016) artean, % 51 bideo gehiago izan ziren eta % 23 ikastegi parte-hartzaile gehiago. 2017an sari hau hazten jarraitzea espero da.

Proiektua

Aurten, lehiaketan parte hartuko duten taldeek 3 eta 10 minutu arteko iraupeneko bideoak egin behar dituzte, eta kultura ondare material edo immaterialarekin lotutako beraien ikuspegia azaldu behar dute, ondarea kontzeptua zentzurik zabalenean ulertuta. Ikasle parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruan beren kontakizuna sortu behar dute, ikus-entzunezko teknikak erabilita, taldean lan eginik eta beren ikuspegi berritzailea aurkeztuta. Ekimenak euskal kultura ondarearen balioa azpimarratu nahi du gizartearen esparru guztietan, bereziki hezkuntzaren esparruan, betiere gazteria sentsibilizatzeko xedearekin.

Proiektuak badu blog bat (http://kulturaondareasaria.blog.euskadi.eus/) eta ekimen honi buruzko informazioa hurbiltzeaz gain, kulturako, kiroleko eta euskal gizarteko hogei pertsona ingururen euskal kultura ondareari buruzko ikuspegia biltzen du. Bernardo Atxaga, Jesus Altuna, Toti Martínez de Lezea edo Nestor Basterretxea (2014ko bideo batean) dira blogean agertzen diren izen aipagarrienetako batzuk. Era berean, blog horretan aurreko edizioak irabazi dituzten bideoak ikus daitezke, eta bideo tutorialen bidez ikus-entzunezkoaren munduan trebatzeko aukera badago, gero proiektuan parte hartu ahal izateko.

2016

 

ARABA

BIZKAIA

GIPUZKOA

Guztira

Bideoak

19

66

7

92

Ikastetxeak

7

19

6

32

 

2015

 

ARABA

BIZKAIA

GIPUZKOA

Guztira

Bideoak

17

37

7

61

Ikastetxeak

6

15

5

26

 

Astebete Irlandan

Proiektu honen saria tutoreak eta lantaldeko kideek osatutako hiru talderi ematen zaie eta Irlandara zazpi eguneko bidaia bat da, herrialdeko leku esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko, baita haren kulturaren adierazpide aipagarrienak ere.

Horrela, euskal ikasleen hiru taldeek, beren irakasleekin eta tokiko gidari bikaina den Paddy Woodworth kazetari eta idazlearekin batera, herrialde horren historia eta errealitaterako hurbilketa bat biziko dute Irlandako kultura, hezkuntza, gizarte eta gazteriaren arloko kolektiboekin bizikidetzan eta elkarrekintzan.

Apirilaren 7ra arte izango da zabalik kultura ondarea ezagutarazteko lagungarriak izango diren bideo hauek aurkezteko epea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak