Berriak Hezkuntza
Eu

Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) 30 milioi euro baino gehiago eman dizkio Euskadiri hamar urteko ibilbidean

2017.eko martxoak 13
  • Gaur 10 urte bete dira ERC programa abiatu zela, eta balantzea arras positiboa da Euskadirentzat: bertako erakundeek 23 ERC lortu edo gauzatu dituzte. Laguntza horietako hamalau, laguntza guztien % 61 alegia, Ikerbasqueko ikertzaileek lortu dituzte.
  • ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzeko proiektuak bultzatzen ditu. Ikerketari zuzendutako mundu osoko laguntzarik garrantzitsuenetakoa da.

Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007an Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, ezagutzaren mugan ikertzen jarraitu nahi duten esparru eta nazionalitate guztietako ikertzailerik onenei laguntza emanez. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigiozko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenetik, ERCk garrantzi handiko eragina izan du Europako ikerketaren arloan.

Programa abian jarri zenetik, Euskadiko erakundeek 23 ERC laguntza lortu edo gauzatu dituzte: 12 Starting Grant, 5 Consolidator Grant eta 6 Advanced Grant. Laguntza horietako hamalau, laguntza guztien % 61 alegia, Ikerbasqueko ikertzaileek lortu dituzte. Guztira, Euskadik 30 milioi euro baino gehiago lortu ditu paleobotanika, nanozientzia eta minbizia bezalako gaien inguruko puntako ikerketa garatzea helburu duen programa honen bitartez.

Urtean biltzen diren milaka eskaerari bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen % 10-15ek baino ez dute lortzen finantzazio erakargarri hau. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuz".

ERC Grants-ek Europako beste erakunde batera joateko aukera ematen die laguntza jasotzen dutenei, proiekturako finantzazioa mantenduz. Aipatutako 23 laguntza horietatik, lau Euskaditik kanpo lan egiten ari zirela lortu zituzten ikertzaileek, eta gerora, Euskal Zientzia Sistemako zentroren batera etorri eta proiektua bertan gauzatzea erabaki zuten. Beste hiru proiektu kontrako bidea hartu eta Euskaditik kanpoko erakundeetan garatzen ari dira.

Hiru ERC laguntza mota daude: Starting Grant, lider independenteak bihurtzeko gaitasuna frogatu duten ikertzaile gazteei zuzendutakoa;  Advance Grant, asmo handi-handiko proiektu aintzindariak dituzten ibilbide emankorreko eta lidergo-gaitasun bikaineko ikertzaileentzat, eta Consolidator Grant, ikertzaile bikainei lantalde edo ikerketa-programa independenteak finkatzen laguntzea helburu duena.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

IKERBASQUEko ikertzaileek lortutako ERC laguntzen artean, honako hauek nabarmen daitezke:

  • Plasmaquo proiektua (Luis Liz-Marzán): 2,2 milioi euroko Advanced Grant bat lortu du. Proiektu honen bidez, bakterioek elkarren artean eta beste kolonia zelular batzuekin mantentzen duten komunikazioa ikertzen lagunduko lukeen biosentsore bat diseinatu nahi da, nanopartikuletan oinarritutako teknika diagnostikoen laguntzaz, gaixotasunen aurkako borrokan arras baliagarria izango litzatekeen informazioa lortzeko asmoz.
  • Bi-literacy proiektua (Manuel Carreiras): L1ean eta L2an irakurtzen ikastea. 2,5 milioi euroko Advanced Grant bat lortu du. Proiektu honen bitartez, era sakonagoan ulertu nahi da nola hizkuntza espezifikoari dagozkion faktore orokorrak eta faktore neurokognitiboak L1eko eta L2ko irakurmena garatzeko desberdintasun indibidualen eta irakurtzeko desgaitasunen azpian dauden.
  • e-Sequence proiektua (Aurelio Mateo): 2 milioi euroko laguntza. Elektronikan, fotonikan eta energiaren konbertsioan nahiz biltegiratzean aplika daitezkeen teknologia berriak garatzea da proiektu honen helburu nagusia.
  • ProNANO proiektua (Aitziber López-Kortajarena): 1,7 milioi euroko laguntza. Proteinetan oinarritutako nanoegitura funtzionalak garatzea da proiektu honen helburua.
  • CANCERMETAB proiektua (Arkaitz Carracedo): 1,5 milioi euroko Starting Grant bat lortu du. Nutrizioak, zelula bakar bati zein pertsonei eragiten dien neurrian, prostatako minbiziaren portaera nola zehaz dezakeen ulertzea da proiektu honen ardatza. 

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Transparent_Red
    2017.eko martxoak 13

    Comentario de Twitter:
    Más de 30 millones de € del Consejo Europeo de Investigación (ERC) para Euskadi en sus diez años de trayectoria https://t.co/IkkZ1xh3pJ

  • @bilbaometropoli
    2017.eko martxoak 13

    Comentario de Twitter:
    Más de 30 mill. € del Consejo Europeo de Investigación (ERC) para #Euskadi en 10 años de trayectoria #investigación https://t.co/LccVEgB6Qy

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío; Aitziber López de Cortajarena; Thomas Schäfer