Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak eta Anberesko poliziak akordioa sinatu dute bi polizia-erakunde horien arteko elkarlana areagotzeko

2017.eko martxoak 13

Gaur Anberesko udaletxean akordioa sinatu dute Segurtasuneko sailburuak, hiriko alkateak eta bi polizia buruek

Ertzaintzak eta Anberesko poliziak, Europar Batasunaren barruan, bi polizia-kidego horien arteko elkarlana areagotzeko baterako adierazpena sinatu dute.Dokumentua gaur arratsaldean sinatu dute Anberesko udaletxean Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, Bart de Wever Anberesko alkateak, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak eta Serge Muyters Anberesko poliziako buruak.

Euskadiko eta Flandriako autonomia-gobernuek Bruselan 2015eko ekainean sinatu zuten asmo-deklarazioaren aurreikuspenen barruan biltzen da gaur sinatu den elkarlanerako konpromisoa. Euskadiko eta Flandriako gobernuek sinatutako asmo-deklarazio horren bidez, sakondu egiten da Europako batasun-prozesua, eta deklarazioa, halaber, lagungarria da Europar Batasunaren barruan askatasuna, segurtasuna eta justizia finkatzeko, betiere bi autonomia-gobernu horien eta dagozkien Estatuen nazioarteko betebeharrak errespetatuta.

Zehazki, Flandriako hirian gaur sinatu den dokumentuak esperientziak trukatzea hartzen du aintzat, bai delinkuentziaren kontrako borrokaren eta prebentzioaren esparruan, bai segurtasunarekin eta ordena publikoarekin lotzen diren zereginen esparruan, eta, batik bat, terrorismoaren eta krimen antolatuaren kontrako borrokari dagokionez, lapurtutako ibilgailuen nazioarteko trafikoari dagokionez, agiriak faltsutzeari dagokionez eta droga-trafikoari dagokionez.

Konpromisoak hainbat arlotako ezagupenen trukea ere hartzen du aintzat —polizia-prestakuntzako eta -hobekuntzako programak, antolamendu-egiturak edo teknologia berriak—, eta haien instalazioak bisitatzeko trukerako mekanismoak ere aurreikusten ditu.

Bavariarekin sinatutako akordioa berritzea

Ertzaintzak eta Anberesko poliziak sinatutako dokumentua beste kate-maila bat da Ertzaintzak mundu osoko polizia-erakundeekin duen harreman-katean. Harreman horien helburua da esperientzia eta ezagupenak trukatzea, eta, hartara, herritarrei egiten zaizkien zerbitzuak hobetzea. Ildo horretatik, datorren apirilean, antzeko dokumentu bat sinatuko da Bavaria estatuko poliziarekin, 1995ean erakunde horrekin sinatu zen akordioa eguneratzeko.

Ertzaintza, halaber, harremanetan dago New Yorkeko poliziarekin, Kolonbiako polizia nazionalarekin edo Mexikoko poliziarekin, besteak beste, eta berariazko koordinazio-dispositiboak ditu Europa osoko polizia-kidegoekin jardun jakin batzuetarako, batik bat zale kopuru handi baten joan-etorriak sortzen dituzten kirol-ikuskizunetarako.

Hodei Egiluz gogoan

Anberesen egindako bisitaldian, Segurtasuneko sailburuak gogoan izan du Galdakaoko Hodei Egiluz gaztea. Sailburuak, Segurtasuneko sailburuordeak eta Ertzaintzako buruak hildako gaztearen oroimenerako monolitora hurbildu dira, eta lore-eskaintza egin diote. Gazte galdakaotarra 2013an desagertu zen hiri horretan, eta gorpua 2016ko otsailaren 11n  aurkitu zuten. 

Monolitora egindako bisitan, Anberesko poliziaren arduradunak ere izan dira. Monolitorako bisita hori bi polizia-erakunde horien arteko elkarlanaren barruan biltzen da; izatez, Anberesko Poliziak desagertutako gaztearen bilaketa aktiboaren ondorioz, eta, horrenbestez, bi kidegoen arteko informazio-trukearen ondorioz, sendotu zen elkarlan hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Bart de Wever Anberesko alkateak, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak eta Serge Muyters Anberesko poliziako buruak