Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Droga-mendetasunen arloko aurrerapenei buruzko XVIII. Sinposioa

2010.eko azaroak 03

 

Fernando Fantova: "Aurrera jarraituko dugu substantzien hornikuntza kontrolatuko eta kalteak murrizteko programen azterketan"

  

  • Gizarte Gaietako sailburuordeak Droga-mendetasunen arloko aurrerapenei buruzko XVIII. Sinposioa inauguratu du

 

Droga-mendetasunen arloko sinposio bat inauguratzean, Eusko Jaurlaritzaren apustua nabarmendu nahi izan du Fernando Fantova Gizarte Gaietako sailburuak: "laguntza-sistema publikoetako profesionalen eskutik, besteak beste, metadona eta buprenorfinaren moduko substantziak modu kontrolatuan hornitzearen inguruko alternatiben azterketan aurrera egitea".

Gai horretako aditu asko elkartu dira Bilbon Deustuko Unibertsitateak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak antolatutako Droga-mendetasunetako aurrerapenei buruzko XVIII. Sinposio horretan parte hartzeko. Topaketa bihar osatuko da, Drogen kontsumorako aretoei buruzko nazioarteko II. Bilera Zientifikoarekin.

Bere hitzaldian Fernando Fantovak azpimarratu duenez, "adituen bilerak esperientzia baliagarriak partekatzeko aukera emango digu, bai substantzien hornikuntza kontrolatuari bai bestelako programei buruz" eta "programen eraginak eta eraginkortasunak politika publiko adimentsu eta iraunkorraren gidari izan behar dute".

Horrez gain, droga-mendetasunen prebentzioaren eta arretaren arloan azken urteotan izan diren aurrerakuntza garrantzitsuak aipatu ditu Jaurlaritzako gizarte gaietako arduradunak. "Berdintasun handiagoa ekarri dugu droga‑mendetasunen inguruko politika publikoetara; izan ere, hobeto ulertu baitugu diziplina-arteko eta departamentu-arteko lanaren beharra dagoela, eta sentiberagoak izan gara pertsonen bizi-kalitatearen eta, beren bizitza‑proiektuaren edo -estiloaren arabera, hautatzeko duten posibilitatearen aurrean.

Arriskuak eta kalteak murriztearen ikuspegia droga-mendetasunak ulertzeko eta aurre egiteko prozesu horren ondorioetako bat da. Horren ildotik, Fernando Fantovak azpimarratu duenez, "osasunerako kalteez eta arriskuez ari gara, baina badaude ekonomiaren, harremanen edo gizarte‑bazterkeriaren arloko kalteak ere, drogak kontsumitzen dituena ez ezik, haren jokabide edo egoeraren eragina nozitu ditzaketen beste pertsonak ere kaltetzen dituztenak.

Drogen kontsumorako aretoen esperientzia aipatu du sailburuordeak ikuspegi berri horren adibide gisa; bereziki Munduko Medikuak elkarteak gainbegiratzen duen aretoa; izan ere, "programa hori aitzindaria eta eredugarria da, besteak beste, komunitate-gizarteratzea, arretaren jarraipena, erakunde-arteko lankidetza, elkarteen inplikazioa, emaitzen eraginkortasuna eta gizarte-eragin positiboa kontzeptuengatik", adierazi du Fantovak amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Gizarte Gaietako sailburuordea