Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Eusko Jaurlaritzak enpresetan Ingurumen Aztarna Korporatiboa ezartzea bultzatzen du Basque Ecodesign Center-en bidez

2017.eko martxoak 13
  • Arriola sailburuaren ustez, ingurumen-metodologiak ezartzea aukera bat da produktu hobeak sortzeko, merkatu berrietan sartzeko eta etekin ekonomiko eta sozialak lortzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak euskal enpresak adoretu ditu beren erakundeetan ingurumen-metodologiak integratzera eta, zehazki ‘Ingurumen Aztarna Korporatiboa’ ezartzera. Izan ere, “gure jarduerak ingurumenean duen inpaktua ezagutzea eta hori murrizteko mekanismoak aplikatzea benetako aukera bat dira produktu hobeak sortzeko, merkatu berrietan sartzeko eta etekin ekonomiko eta sozialak lortzeko”. Horrela nabarmendu du Basque Ecodesign Center-ek Iberdrolarekin lankidetzan antolatutako jardunaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko berrehun pertsonaren aurrean, gaur goizean Bilbon.

Jardunaldia Iñaki Arriola sailburuak eta Iberdrolako Berrikuntza, Ingurumen eta Kalitate zuzendari Agustin Delgadok inauguratu dute. Hor, agerian jarri da edozein konpainiak egiten duen jarduerak ingurumenean dituen ondorioak ebaluatzeko premia, inpaktu hori arintzeko lehen urrats gisa. Gainera, ‘Ingurumen Aztarna Korporatiboa’ metodologia tresna egoki gisa aurkeztu da edozein enpresari bere ingurumen-jardunaren jarraipena egiteko, bere jardueraren beste alderdi batzuekin egingo lukeen bezala.

Arriola sailburuak Basque Ecodesign Center osatzen duten enpresa eta erakundeekin bilera labur bat egiteko baliatu du hitzordua. Ekimen horren zati dira CIE Automotive, EDP Naturgas Energía, Euskaltel, Eroski, Gamesa, Iberdrola, Ormazabal Velatia, Orona, Vicinay Sestao, Ihobe eta SPRI sozietate publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko industria-kluster nagusiak. Horiei guztiei eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, “zalantzarik gabe ingurumen-kultura bat zabaltzea errazten ari direlako euskal enpresen artean eta beren uste osoa helarazten ari direlako, hots, ingurunearekiko konpromisoak, balio etiko utziezina izateaz gain, enpresen esku dagoen aukeraz betetako mundu bat irekitzen duela eta enpresa-kudeaketako tresna berritzailea bihur daitekeela”.

Ingurumen sailburuak gogoratu du, gainera, legealdi honetarako onartutako Gobernu Programak hazkunde iraunkorra jasotzen duela Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko ekintzako 10 ardatzen artean, eta horren konpromisoen artean daude ‘enplegu berdea’ eta ‘ekonomia zirkularraren’ sustapena, ekodiseinuarekin estu lotuta dauden esparruak biak.

Jardunaldian zehar, Ihobek, Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailaren sozietate publikoak, gida tekniko bat aurkeztu du euskal industria-ehunari ‘Erakundearen Ingurumen

Aztarna’ aplikatzea errazteko, Euskaltelek, Ormazabalek, Vicinay Sestaok eta Iberdrolak berak dagoeneko garatu dutena. Azken horri, AENOR-ek haren “Erakundearen Ingurumen Aztarna” eman dio gaur goizean, ISO 14072 arauarekin bat etorrita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak