Berriak Lehendakaritza
Eu

Aurrekontuen inguruan “ahalik eta akordio zabalena eta inklusiboena” bilatzeko egindako ahalegina balioetsi du Eusko Jaurlaritzak

2017.eko martxoak 14

Gobernu Kontseiluak 48 milioi euro onetsi ditu gaur euskal nekazaritzako sektoreari laguntzeko

Talde parlamentarioekin izandako kontaktuen erronda gaur arratsaldean itxiko da Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk EH Bildurekin izango duen bilerarekin. Lehendik Podemos eta Alderdi Popularrarekin bildu da. Guztiei, Eusko Jaurlaritzak eskatu die “errealismoa eta erantzukizuna” Legebiltzarrera bidalitako Aurrekontuen Proiektuari alternatiba zehatzak planteatzeko garaian. Erkorekak ziurtatu duenez, oraindik ez da akordio bakar bat ere itxi eta ez du baztertzen gaur arratsaldeko bileraren ondoren elkar ulertzea; hortaz, nahiago du elkarrizketak amaitu arte itxaron, balorazio bat egiteko.

Dena den, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du aurrekontuen inguruan “ahalik eta akordio zabalena eta inklusiboena” lortzeko egindako “ahalegin izugarria”. Hala, hiru aldiz bildu da oposizioko talde guztiekin proiektua azaltzearren eta planteatutako oharrak bildu eta aztertzearren. 

Beste gai batzuei dagokienez, atzo Catalunyako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera emandako epaiari buruz galdetu zaionean, Artur Mas Generalitateko Lehendakari ohiari kargu publikoetarako bi urteko desgaikuntza zigorra ezarri dionari eta Joana Ortega eta Irene Rigau sailburu ohiei urte bat eta bederatzi hilabete eta urte bat eta sei hilabete, hurrenez hurren, Erkorekak berriro gaitzetsi du politikaren judizializazioa, egoerari “bide politikoetatik” heldu behar zaio” irmo adieraziz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Lehendakaria bera harremanetan jarri zen atzo Masekin bere “solidaritatea” erakusteko, Ortegari eta Rigauri ere luzatu ziena.

SUTEA SESTAON

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Sestaoko alokairuko etxebizitzen eskaintza aztertzen ari da igandean izandako suteak erasandako familiei ostatu emateko. Erkorekak azaldu du ez dela baztertzen inguruko udalerrietara jotzeko aukera, orain dauden premiei erantzun ahal izateko. Hain zuzen ere, egoera aztertzea helburu hartuta, gaur arratsaldean bertan,  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola Sestaoko alkate Josu Bergararekin bilduko da.

LAGUNTZAK NEKAZARITZA-SEKTOREARENTZAT

Gaurko Gobernu Kontseiluan euskal nekazaritza-sektorearentzako laguntzak ere onetsi dira.  Guztira 48 milioi euro emango dira laguntza zuzenetan. Diru-laguntza horiek,Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren eta hiru foru aldundien bitartez kudeatuak, PACek, europar Nekazaritza Politika Bateratuak ematen ditu. “Laguntza horiek Euskadiko ekonomiaren eta ingurumenaren iraunkortasunaren bidean aurrera jarraitzea ahalbidetuko digute”, adierazi du.

2017.03.14 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)