Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak adierazi du “errealismo-ariketa” egin duela Aurrekontuak prestatzean, eta zehaztasuna eskatu die alderdiei haien proposamenetan

2017.eko martxoak 10

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak “errealismo-ariketa” egin duela Lege Biltzarrean aurkeztu duen 2017ko Aurrekontu Proiektua prestatzean, eta oposizioko legebiltzarreko taldeei “zehaztasuna” eskatu die haien proposamenetan. Ildo horretan, bigarren harreman-txanda bat hasiko du alderdien babesa lortzeko. “Ona da hurrengo egunetan Aurrekontuen arloko agertoki argia izatea” adierazi du gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard programan egin dioten elkarrizketan.

Atzo bertan, helarazi zizkien Eusko Jaurlaritzak EAJri eta PSE-EEri oposizioko alderdiekin egindako lehen negoziazio fasearen ondorioak. Lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak ahalegin handia egin duela Aurrekontu Proiektu “soziala” egiteko, defizitaren helburua eta zorpetze-muga beteta. Izan ere, Aurrekontu Proiektuaren % 76 Hezkuntzara, Osasunera eta Gizarte Babesera zuzenduko da, eta susperraldi ekonomikoa eta enpleguaren sorrera errazteko neurriak hartzen ditu barnean. Hori dela eta, oposizioko alderdiei proposamen zehatzak eskatzen dizkie, erabakitzeko ”non nahi den gehiago gastatu, eta nondik kendu behar den”. “Errealismoaren printzipioan oinarritzen da proiektua; ez dut baztertzen beste batzuek bestelako apustuak egitea, baina zehatzak izan behar dute”, adierazi du. 

Ildo horretan, lehendakariaren iritziz herritarrek errealismoan oinarritutako “politika egiteko modu hori” eskatzen dute, “elkarrizketatik eta akordioetatik” adostasunak bilatzen saiatuko dena, eta halaxe islatu da, hain zuzen ere, EITB taldeak egin duen azken inkestan.

TERRORISMOAREN BIKTIMEN EUROPAKO EGUNA

Bestalde, gaur da Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren biktimekiko begirunea eta errespetua adierazteko elkarretaratzea antolatu du Vitoria-Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, eta bertan lehendakariak berak hartu du parte. 

Urkulluren iritziz, euskal herritar guztiei zabaldutako egintza honek helburu bikoitza du: batetik, iraganari begiratzea eta etorkizunarekin lotzea, eta, bestetik, "elkarrekin eraikitzeko mezua" kaleratzea. “Euskal gizarteak jakin behar du iraganak sendotu behar gaituela, etorkizunean horrelako egoerak errepika ez daitezen, eta guztiok batera egin behar dugula hori”, erantsi du. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak