Eu

“Denon artean lortu behar dugu Justizia bikaintasunezko zerbitzu bilakatzea”

2017.eko martxoak 08

Lana eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék itxi du Etika judiziala eta gizartearen pertzepzioa jardunaldia, Cadena SER-ek antolatua eta gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren (EAEAN) egoitzan izandakoa. Sailburuak eskatu du “guztion artean lortu behar dugu Justizia bikaintasunezko zerbitzu bilakatzea”.
Jardunaldira bertaratu dira Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka, Bilboko Alkate Juan María Aburto, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxa eta beste arduradun politiko batzuk, baita Justiziako profesionalak ere, etikaz eta giza faktoreaz jarduteko, herritarrek Justizia ikusten duten modua hobetzeko funtsezko elementu gisa hartuta.
Cadena SER-Euskadiko zuzendari Begoña Marañónek eta EAEANeko lehendakari Juan Luis Ibarrak aurkeztua, bertan esku hartu dute Zuzenbidearen Filosofiako katedradun Marina Gascónek, gai honekin: 'Justiziako profesionalen etika. Giza faktorea, sistema judizialaren kalitatearen baldintzatzaile'; Garrigues Fundazioaren lehendakari Antonio Garrigues-Walkerrek, gai honekin: 'Justizia Administrazioaren giza faktorea abokatutzaren pertzepziotik'; Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren lehendakari Victoria Ortegak, gai honekin: 'Jardun egokien artea epaiketa-aretoan'; eta EAEANeko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko magistratu Antonio Garcíak, esku-hartze txanda horri amaiera eman dionak, gai honi buruz hitz egiteko, 'Bertute profesionalak eta eraginkortasuna babes judizialean. Etika judizialaren printzipio orokorrak'.
Ondoren, esku-hartze laburra izan dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Bozeramaile Mar Cabrejasek; Euskal Autonomia Erkidegoan Estatuaren Abokatu-Buru Macarena Olonak; eta Prokuradoreen Elkargoko lehendakari Pablo Bustamantek.
Itxierako diskurtsoan, Lan eta Justiziako saliburuak 2016ko apirileko CISen inkestan bildutako datuak errepasatu ditu, non inkestatuen %78,7ak zioen ez zegoela oso pozik edo batere pozik ez zegoela Justiziarekin. San Josék gogorarazi duenez “Justizia funtsezko Zerbitzu Publikoa da, herritarrek gehien erabilitako bat eta sistema demokratikoaren oinarrietako bat". Hala, Justiziako administratzaileei eskatu die, integritate, inpartzialitate eta independentzia printzipioei jarraitzeaz gain, "gardentasuna, ardura eta gizalegea” jokabide-eredutzat izango duen zerbitzu baterantz aurrera jarraitzeko. “Justizia bikaintasunezko zerbitzu bilakatzea lortu behar dugu bertan dihardugun guztion artean”, esanez amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak