Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek Haurreskolak Partzuergoaren egoitza bisitatu du Eibarren

2017.eko martxoak 08
  • Hezkuntza sailburua partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen bileran buru izan da

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Haurreskolak Partzuergoaren egoitzara bisita egin du gaur goizez, Eibarren, eta bertan lanean diharduten 23 laguneko profesional taldea agurtu ahal izan du horrela. Administrazio ekonomikoaz, langileen kudeaketaz, plangintzaz, lan arriskuen prebentzioaz nahiz hezkuntza-laguntzaz arduratzen dira Eibarko egoitzan ari diren langileok. Hamarkada bateko ibilbidea beterik, Haurreskolak Partzuergoak 235 haur eskola kudeatzen ditu egun Euskadiko 178 udalerritan, 0-2 urte bitarteko umeentzat 8.400 plaza baino gehiago eskainiz. Partzuergoko haur eskoletan 1.400 hezitzaile inguru ari dira lanean.

Profesional talde zabal honek familiei hezkuntza eta laguntza-zerbitzua ematen die, 0 urtetik 2 urtera bitarteko haurren zainketa osoa eta hezkuntza kontuan hartuko dituena, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeko, betiere haurraren hezkuntza integrala garatzeko. Partzuergoa, gainera, milaka euskal familiaren egunerokoan lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko ezinbesteko elementua da.

Egoitza administratiboan bisita egin ondoren, Uriarte sailburua Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen bileran buru izan da, bera baita partzuergoaren presidente. Beste zenbait gairen artean, partzuergoak joan zen urtarrilean ireki zuen izen-emate epean jaso diren datu esanguratsuenak aztertu dira gaurko bileran. 220 haur berrik eman dute izena urtarrilean, eta horietako zenbait dagoeneko martxoan zehar hasita daude haur eskolan, eta gainerakoak pixkanaka-pixkanaka joango dira gehituz ekainera bitartean. Horrela, ikasturte amaierarako partzuergoan izango den haur kopurua 6.000 ingurura iritsiko da. 

Bilera horretan, Zegamako haur eskolan berriki egin diren handitze lanak irekitzea ere onartu da. Honela, datorren astetik aurrera udalerri horretako umeak gela berria (hirugarrena) erabiltzen hasi ahal izango dira.

Haurreskolak Partzuergoa

Haurreskolak Partzuergoa 0-2 urte bitarteko hezkuntza-aldiaz arduratzen da, familia eta lana uztartzeko helburuz, eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko xedez, bereziki landa eremuetan.

Helburu horrekin jaio zen 2003ko abenduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Nekazaritza sailen eta EAEko 31 udalerriren eskutik. Egun, 2016-2017 ikasturtean, 8.400 plaza inguru eskaintzen ditu Euskadiko 178 udalerritan, 235 haur eskola eta 792 gela irekita dituela. Partzuergora sartzen azkenak Barakaldoko haur eskola berria eta Aietekoa izan dira. Lehenak ikasturte hasierarekin, 2016ko irailean ireki zituen ateak, eta bigarrenak berriz aurtengo urtarrilean bertan. Partzuergoko geletan 1.400 hezitzaile inguru ari dira egun lanean, eta bere sorreratik hona, 50.000 haur baino gehiago pasatu dira partzuergoaren geletatik.

Haurreskolak Partzuergoak urtean hiru alditan irekitzen du izena emateko epea, eta berriki urtarrilean egin duen bezala, datorren maiatzean ere berriro irekiko du. Epe hau 2016 eta 2017an jaio diren haurren guraso edo tutoreentzat izango da, neska-mutilak partzuergoko eskolaren batean lehen aldiz irailean, urrian edo azaroan sartu nahi dituztenentzat. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Larrañaga, Haurreskolak Partzuergoaren zuzendari kudeatzailea