
Hezkuntza Batzordea (2017/3/13)
Jorratu diren gaiak:
- Ikasle Etorkinei Arreta Emateko II. Plana
- Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdiz Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, bi gairen inguruko berri emateko: batetik, Eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana (2016-2020 aldirakoa) aurkeztu du. 2016 urtean zehar osatu da dokumentu hau, eta hezkuntza zein gizarte arloetako hainbat elkartek eginiko ekarpenak jasotzen ditu. Bestetik, Barakaldoko La Milagrosa ikastetxeko ikasleen eskolatzearen berri ere eman du Legebiltzarrean, ikastetxe horren egungo kudeatzaileek jarduera datorren ikasturtetik aurrera bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren.
Ikasle Etorkinei Arreta Emateko II. Plana
Gure Hezkuntza Sisteman ikasle etorkinak ugaritu ahala, asko izan dira 2003-2004 ikasturtetik hasi eta azken hamarkadan eskola inklusiboa bultzatu eta aniztasunari trataera egokia emateko hartu diren neurriak. Azken hiru ikasturteetan Heziberri 2020 Planaren barnean egin da lan, era jarraian, beronen Hezkuntza Eredu Pedagogikoaren eta Euskal Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bidez. Bigarren Plan hau, Hezkuntza Sailak Euskadiko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planean hartutako konpromisotik eratorria da, hau da, Heziberri 2020ren hezkuntza eredu pedagogikoa eta curriculum-dekretuak eraginkor egiteko konpromisotik eratorria. Azken helburua, ikasle guztien garapen integrala du, aniztasunari arreta ekitatetik eta bikaintasunerantz begira jarrita ematen dion eskola inklusiboaren baitan, betiere.
Aurreko planaren ebaluazioa egin ostean, II. Plana osatzeari ekin zitzaion, X. legealdian eginiko hausnarketak eta jarduketak bertan jasoz. Lehen fasean, Hezkuntza Sailak EAEko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialaren Foroaren baitako Hezkuntza Batzordean aurkeztu zuen Plan honen lehen zirriborroa (Inmigrazio Zuzendaritzak sustatzen duen batzordea da aipaturiko hori). Une horretatik aurrera, eta abenduan nahiz urtarrilean zehar, Hezkuntza Sailak orotara 121 ekarpen jaso ditu, bai elkarteen aldetik baina baita norbanakoen aldetik ere. Behin-betiko testuak zenbait ekimenen zerrenda jasotzen du, inklusibitatean hobetzen jarraitzeko, edo gure hezkuntza sistemara iristen diren ikasleen eskolaratze positiboan jarraitzeko hainbat ekimen.
Planak hiru esku-hartze esparru jasotzen ditu:
- Arauemailea, eta informazio-emailea: araudia, protokoloak, dokumentazioa, erakundeen arteko koordinazioa…
- Bestetik, planifikazioaz ere hitz egiten du: eskola-maparekin zerikusia duten gaiak, ikastetxeen hezkuntza-eskaintzarekin lotuak, berariazko irakasleen profil profesionalarekin zerikusia dutenak, ratioak…
- Eta hirugarrenik, berrikuntza: ikastetxeetako proiektuak, formazioa, harrera eta esku-hartze planak, ikerketa, familiak.
Plan berria lehen Planak ipinitako oinarriaren gainean eraikia da, eta baita aurreko legealdian inplementatu diren ekintzen gainean ere. Badira dagoeneko aplikatu izan diren zenbait neurri, eta orain dokumentu berriak jasotzen dituenak.
Dagoeneko martxan dauden zenbait neurri, eta orain II. Planean jasoak geldituko direnak:
- Gasteizko eskola-mapa erabat aldatu zen. Sei mapa baino gehiago zeuden, hizkuntza-eredu eta hezkuntza-sareen arabera. Horregatik, orain hirirako eskola-mapa bakarra eskaintzen da, lau zonaldetan; horietako zona bakoitzak sareen eta hizkuntza-ereduen arteko oreka erakusten du.
- Ikasle-perfil desberdineko DBHko ikastetxe publikoak fusionatu egin dira: Ermua, Lasarte, Eibar.
- Ordezkaritza Organo Gorenak (OMR) baremoan ematen dituen bi puntual jasotzeko irizpideak publikatu beharra ezarri zen; horrela, publikaturik ez bazeuden edo araudiaren kontrakoak baziren, ez ziren aintzat hartzen baremoan.
- Errolda-agirien iruzurrezko erabilera zorrotz aztertu da; horrela, zenbait ikastetxetan zerrendak birbarematu beharra izan da.
- Hezkuntza Sailak berak darabil ikastetxeek daukaten ratioz gaineko %10a, epez kanpo gertatzen diren eskolatzeak egiteko aukera zabaltzeko.
- 2017-2018 ikasturterako Onarpen Aginduan aldatu egin da errentaren arabera puntuak eskuratzeko irizpidea: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataraino jaitsi da, puntu horien onuradun benetan errentarik baxuenak dituzten familiak izan daitezen.
Dagoeneko aplikatzen hasita dauden neurriez gain, II. Planak ekimen berriak garatu ahal izateko egutegia ere jasotzen du.
Ondorengo ikasturteetarako aurreikusten diren ekintzetako batzuk:
- 2018-2019 ikasturterako Dekretu berria. Dekretu honen aplikazioa ikasturtea hasita dela onartzen diren ikasleengana ere hedatuko da.
- Elkarren ondoan dauden eta ikasle-profil desberdina duten ikastetxe publikoak batzea.
- Hizkuntza-errefortzuko Irakasleen irizpideetan eta profilean sakontzea.
- Kultura aniztasunaren aurrean, irakasleen prestakuntza hobetzea.
- Euskal Hezkuntza Sistemara sartzen den ikasleari jarraipena egitea.
- “Bigarren belaunaldiak” deituriko errealitatea lantzea. Ikasle hauek ez dira etorkinak, baina berariazko hezkuntza-premiak izan ditzakete.
Gainera, nabarmentzekoa da Plan berria administrazioak martxan jarriko dituen beste zenbait ekimenekin batera garatuko dela. Horrela bada, Hezkuntza Sailak joan zen martxoaren 2an onartu zuen eskolatze batzordeen jarduera arautzen duen Ebazpen berri bat. Eskolatze Batzordeen zeregina da Euskadira matrikulazio epez kanpo iristen diren ikasleak eskolatzea.
Ebazpen berri honek, Planak jaso eta landutako gaien ildoan, garrantzizko elementu zenbait jasotzen ditu:
- Ebazpenak argi dio Hezkuntza Ordezkaritzek eskolatze orekatua eta proportziozkoa egin beharko dutela zona bereko ikastetxe guztietan.
- Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan sartzen diren ikasleak, eredu euskaldunetan ikastea errazten duten ikastetxeetan eskolatuko dira, lehentasunez. Oinarrizko Heziketako bigarren ziklotik aurrera sartzen diren ikasleen kasuan, beste faktore batzuk izango dira kontuan, hala nola, adina, aurretiko eskolatzea edo hizkuntza-konpetentzia, besteak beste.
- Irakasleei dagokienez, Hezkuntza Sailak irakasleentzako prestakuntza eskaintza zabaltzen jarraituko du, kultura aniztasunari arreta eskaintzeko, eta bereziki, Hizkuntza-errefortzuan diharduten irakasleentzako.
- Ez dira ikasgela berean sartuko Eskolatze Batzordearen bidez eskolatutako bi ikasle baino gehiago, baldin eta bere eremuan edo mugakide dituen eremuetan bestelako aukerarik badago.
- Era berean, Eskolatze Batzordeek euren jarduerarekin txostena osatu beharko dute hiru hiletik behin. Ikastetxeen Zuzendaritzara eta lurralde bakoitzeko Eskolatze Bermeen Batzordera igorri beharko dute txosten hori.
Hezkuntza Sailak lanean dihardu ikasleen garapen integrala bultzatzea helburu hartuta, betiere aniztasunari arreta ekitatetik eta bikaintasunerantz begira jarrita ematen dion eskola inklusiboaren baitan.
La Milagrosa Ikastetxea, Barakaldon
Uriarte sailburuak, Barakaldoko La Milagrosa Ikastetxearen Hezkuntza Sailak eman dituen pausoen berri ere eman die Hezkuntza Batzordeko kideei. Ikastetxe horren egungo kudeatzaileek jarduera bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren, Eusko Jaurlaritza lanean aritu da lehen unetik bertako ikasleek kalitatezko eskolatzea izan dezaten, berme guztiekin, plurala eta anitza.
Uriartek azaldu du Hezkuntza Sailak 2014 urte amaieran izan zuela balizko itxieraren berri. Ordutik, bilera ugari izan ditu ikastetxearekin berarekin, Guraso Elkartearekin zein Udalarekin, betiere eragindako familiei eskolatzea bermatzeko helburuz.
Horrela, urtarrilaren amaieran eta otsailaren hasieran burutu den aurrematrikula prozesuan, euren seme-alabak hezkuntza-mailak aintzat hartuta eskolatzeko aukera eman zien Hezkuntza Sailak familiei, aurrez osatuta dauden taldeak mantenduz. Familiek proposamen horri hel ziezaioketen, edo bestela Barakaldon aukeran dauden beste ikastetxe batzuen aldeko hautua egin.
Azkenean, 248 ikaslek (ikastetxea aldatu beharra duten 300 horien artetik) egin dute prematrikula. Familiek 16 ikastetxe desberdinetan eskatu dute plaza, lehen aukera gisa. Datu honek argi erakusten du zein aukera zabala izan duten aurrematrikularako.
Plazarik eskatu ez duten La Milagrosako familiek udalerri horretan oraindik libre gelditzen diren plazen artean aukeratu ahal izango dute.
-
2017-03-13
Comentario de Twitter:
Comisión de Educación (13/3) https://t.co/SW2qSJcV4Q Asuntos: II Plan de Atención al Alumnado Inmigrante Colegio La Milagrosa (Barakaldo) … -
2017-03-13
Comentario de Twitter:
Hezkuntza Batzordea (3/13) https://t.co/DSBy5DceKP Gaiak: -Ikasle Etorkinei Arreta Emateko II. Plana -Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea …