Eu

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak euren lana sendotuko dute kirol arloan berdintasuna bultzatzeko

2017.eko martxoak 07

Kirol arloan berdintasuna lortzeko bidean pausoak ematen jarraitzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren lehentasunezko helburua izanik, Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak egitasmo berezi bat jarriko dute martxan datozen hilabeteetan.

Berdintasunaren gaia aurreko urteetan ere landu izan da, emakumezkoen kirolak orotariko prentsan eta kirol hedabideetan duen tratamenduaren inguruko ikerketen bitartez 2013-2014 eta 2015-2016 denboraldietan, ikerketa horiek aztertzeko eta sozializatzeko jardunaldien bidez eta 2015ean sortutako gida bereziaren bitartez: ‘Kirolean emakumeen kontrako sexu-jazarpena eta abusuak prebenitzeko gida’.  Dena den, oraindik asko dago egiteko eta lanean jarraitu behar da Jaurlaritzak onartuko duen Berdintasunaren VII. Planak ezarritako arauen ildotik.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak genero ikuspegitik gaien tratamendua sistematikoki barneratu nahi dute eskaintzen dituzten  zerbitzu eta programetan eta lantzen dituzten proiektuetan, baita gizartearekin eta intereseko beste talde batzuekin dituzten harremanetan ere. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna da bultzatu nahi den balioetako bat eta horretarako lanean jarraitu nahi da, aldaketa kualitatiboak eta kuantitatiboak eragiteko.  Hori dela eta, Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Teamek ekintza hauek martxan jarriko dituzte datozen hilabeteetan lan-marko baten barruan:

  • Euskal Autonomi Erkidegoan Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako VII. Planak dituen helburu eta beharren ardatzak  berdintasunaren aldeko estrategian txertatu. 
  • Erakunde hauetako pertsonal teknikoarekin, bestelako agenteekin (kirol federazioak, hornitzaileak…) eta Basque Teameko kirolariekin, sentsibilizazio eta formazio ekintza bereziak antolatu.
  • Erabiltzen diren komunikazio euskarri guztiak birpasatu eta moldatu, komunikazioaren erabilera sexista gerta ez dadin.
  • Emakume kirolarien jarduera agerikoagoa egin, indarrean dagoen konpromisoari eutsiz.
  • Euskal Autonomi Erkidegoan kirol arloan gerta daitezkeen sexu-abusu kasuei heldu eta horiek prebenitu eta desagerrarazi.
  • Euskal Autonomi Erkidegoan, kirol arloan suerta daitezkeen beste eskaera batzuetan arreta jarri emakume eta gizonen arteko desberdintasuna deuseztatzeko.

Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak helburu dute gizartean kirola bihurtzea emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko esparrua, era erreal eta efektiboan, eta horretarako gizarteko estamentu guztiei, eta batez ere hedabideei, borroka horretan laguntzeko eskatzen diete.

Azkenik, 2017ko martxoaren 8an ospatuko den ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ dela eta, Emakundek-Emakumearen Euskal Erakundeak ‘Berdintasuna nire baitan ere hasten da’ lelopean hasitako kanpainarekin bat egiten dugu.

 

Ikusi bideoa

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau