Berriak Lehendakaritza
Eu

2017ko martxoaren 8ko adierazpena Eusko Jaurlaritza (Gobernu Bilera 2017-03-07)

2017.eko martxoak 07

Bihar, martxoak 8, “Emakumeen Nazioarteko Eguna” da.

Aldarrikapenerako eguna da; izan ere, aurrera egin bada ere, gure gizartea oraindik ere ez da berdintasunezkoa emakumeentzat eta gizonentzat. Eta historian zehar oinarrizko eskubide batzuk lortzeko hainbesteko nekeak hartu zituzten emakume guztiak gogoan izateko eta haiei errekonozimendua adierazteko eguna ere bada.  

Europako Genero Berdintasunaren Indizean Euskadi leku onean dago beste herrialde batzuekin alderatuta: bosgarrena da rankingean Suediaren, Finlandiaren, Danimarkaren eta Herbehereen atzetik, eta Europar Batasuneko gainerako 24en aurretik; horixe ondorioztatzen da Eustatek egindako EAEko Genero Berdintasunaren Indizearen lehenengo ediziotik.  

Baina hain posizio onean egonda ere, ez gara konformatzen, berdintasun-politikak ezartzen jarraitzeko eragingarri bat da hori Jaurlaritzarentzat; izan ere, beharrak hor jarraitzen du, indizea oraindik ere 58,5 puntutan baitago, eta horrek egiaztatzen du sexuen arteko berdintasunaren arloan aurreratuenak diren herrialdeetan ere oraindik ere emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko erdibidean gaudela.  

Horregatik jarraitzen dugu Jaurlaritzan berdintasuna zeharretara lortzeko lanean eta orain arte egindakoa ebaluatzen, eta, esate baterako, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legearen ezarpena ebaluatu dugu, eta, besteak beste, erakutsi du gure herriko administrazio publikoek egindako ahalegina, ekonomiaren testuingurua negatiboa izan den urteetan ere berdintasunera bideratutako politikak eta baliabideak mantendu eta garatu ahal izan dituzten aldetik. Eta baliabide gehiago jartzeko, politika sektorial guztietan berdintasun-helburuak sartzeko eta berdintasunean oinarrituta eta indarkeriarik gabe eraiki nahi dugun gizarte-ereduaren inguruko eztabaida politikoa eta soziala sustatzeko konpromisoak indartu eta konpromiso berriak hartzeko aukera ere izan zen.

Gaur, martxoak 8, berretsi egiten dugu berdintasun-politikak garatzeko konpromisoa, ziur baikaude berdintasunezko gizarte baten alde lan egitea dela emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte librea eraikitzeko modua. Eta, testuinguru horretan, garapen iraunkorrerako 2030erako agendarekin lerrokatzen ditugu gure politikak, eta bat egiten dugu tresna horrekin, bertako helburu espezifikoetako bat baita emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea, eta, gainera, eskatzen du generoaren perspektibak politika eta neurri guztietan izan behar duela eragina adostutako helburuak lortzeko.

Gaur, era berean, bat egiten dugu “Berdintasuna nire baitan hasten da” lelopean Emakunde egiten ari den kanpainaren mezuarekin. Izan ere, berdintasuna lortzea gizarte osoaren erantzukizuna da: erakundeena, gizarte-mugimenduena, enpresena, familiena, ikastetxeena, hedabideena, era guztietako antolakundeena… Baita pertsona bakoitzarena ere. Denok egin dezakegu zerbait gure inguru hurbilean, gure erabaki-esparruan, berdintasunaren alde.

Eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, berretsi egiten du berdintasunaren aldeko politikekin hartuta duen konpromisoa, eta, aldi berean, gizarte osoari egiten dio dei bere jarreren, ekintzen eta erabakien bidez bere harri koskorra ekar dezan denon artean berdintasunezko gizartea eraikitzeko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko