Eu

Retortillo sailburuak azpimarratu du Alemaniako merkatuaren garrantzia eta azken urteotan izan duen hazkundea

2017.eko martxoak 08
  • Gaur hasiko da turismo-azokarik garrantzitsuenetako bat, Berlingo ITB, eta Euskadi bertan izango da.
  • Euskadin % 44 egin du gora azken 6 urteotan Alemaniatik etorritako turista kopuruak.
  • 2015ean baino % 26 gehiago izan dira turista-sarrerak 2016an, eta Alemania da Euskadirentzat nazioarteko hirugarren merkatua, merkatu osoaren % 3,4 izanik.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok inauguratu du gaur goizean Berlingo ITB Turismo Azokako Euskadiren standa. Hiriburuak, Arabako Errioxa eta Euskadiko gainerako top turistikoak Alemaniako merkatuarentzat sustatzeko 160 m²-ko standa izango da.   Azokak turismoaren sektoreko mundu osoko profesional nagusiak elkartuko ditu gaurtik igandera bitartean.  

Alemaniatik Euskadira etortzen diren turistek %  44 egin dute gora eta gaualdiek, berriz, % 51 azken sei urteotan, eta azken urte honetako igoerarik handiena denez (% 26 eta % 30), sailburuak azpimarratu du “Alemaniako turismoaren garrantzia, eta sustatzen jarraituko dugu nazioarteko ekitaldien bitartez eta gure herria Alemanian turismo-helmuga gisa sustatuz”.

Era berean, Retortillok Euskadi Esperientzia azpimarratu nahi izan du, Alemaniako turismoa erakartzeko ardatz moduan. Tourespaña erakundeak merkatu igorleei buruz egindako azterlan baten arabera, bidaia bat egin behar dutenean alemaniarren inspirazio-iturri nagusia senitartekoen eta adiskideen iritzia izaten da. Turismo-esperientzien sistemaren bitartez sustatu behar da esperientzia, eta "harrera, bizipen eta zerbitzu apartak eskaini behar dira, hona berriz etortzeko asmoa izan dezaten eta gure enbaxadorerik onenak bihur daitezen”, azaldu du sailburuak.

Bestalde, Alemaniako turistek adiskideen edo senitartekoen bitartez jasotzen dute informazioa batez ere, eta, bigarrenez, katalogoen, liburuxken, prospektuen eta agentzien gomendioen bitartez; horregatik da hain garrantzitsua azoka honetan parte hartzea.

 

Alemaniatik etorritako turismoaren balantzea

-2016an Alemaniatik 102.520 turista etorri ziren guztira, eta 219.456 gau pasatu zituzten Euskadiko turismo-establezimenduetan.

-Turista-sarrerek % 26 egin dute gora 2015ekoekin alderatuta, eta % 44 azken 6 urteotan; gaualdiek, berriz, % 30 eta % 51 egin dute gora, hurrenez hurren.

-Euskadi bisitatzen duten turista gehienak Bavariatik (% 21), Berlinetik (% 19) eta Baden-Wüttembergetik (% 16) etortzen dira.

-Alemaniako turisten % 53k esaten dute Euskadi dutela helmuga bakarra.  Euskadin egiten duten batez besteko egonaldia 4,7 gauekoa da.

-% 38 bikotekidearekin etortzen dira, % 20 familiarekin eta % 18 lagunekin edo adiskideekin.

- Alemaniako turista batek Euskadirako bidaian guztira 360 € gastatzen ditu pertsonako, eta eguneko gastua 94 € izaten da pertsonako. Gastu-motari dagokionez, % 44 gosari, bazkari eta afarietan gastatzen dute, % 38 ostatu hartzen, % 11 helmugako garraioan, % 6 erosketak egiten eta % 1 museoetako sarreretan.

-Balorazioari dagokionez, % 91k balorazio oso positiboa egiten dute Euskadira egindako bisitaz, eta % 90ek esaten dute gomendatuko luketela turismo-helmuga gisa. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak