Eu

Eusko Jaurlaritzak 1,8 milioi euroko diru-laguntza banatu du alor hauei buruzko tokiko ehunka proiekturen artean: lurzoru poluituak, klima-aldaketa eta atmosfera, biodibertsitatea eta ingurumen-heziketa

2017.eko martxoak 03

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, udalerri, mankomunitate, tokiko erakunde, erkidego-erakunde, tokiko garapen-agentzia eta tokiko merkataritza-sozietateei urtero ematen dizkien diru-laguntzen bidez, 1,8 milioi euro banatu ditu 103 proiekturen artean, zeinek hobekuntzak proposatzen baitituzte arlo hauetan: lurzoru poluituak, klima-aldaketa eta atmosfera, natura-ondarea eta biodibertsitatea, eta jasangarritasunerako heziketa.

Klima-aldaketa eta atmosferaren arloan, zehazki, aurkeztu diren 25 proiektuetatik 20 lagundu ditu diruz; 722.982,66 euroz, hain zuzen.

Arlo horretan, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa murrizteko zenbait proposamen lagundu ditu: bidegorriak eraikitzea, ibilgailu elektrikoak edo hibridoak erostea eta hondakin-urak arazteko instalazio ekologiko-pasibo bat eraikitzea.

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak azaldu duenez, “proiektu horien bidez, 909 tona CO2 gutxiago aireratuko dira urtean, bai eta 277 kg partikula eta 4.048 kg NOx (nitrogeno-oxidoak) gutxiago ere; hau da, errepideetan urtebetez 420 auto gutxiago izatearen parekoa”.

“Diruz lagundu ditugun proiektuen artean, nabarmendu behar da zenbat dauden klima-aldaketari egokitzera bideratuak. Zehatzago esanda, klima-aldaketari egokitzeko planak erredaktatzeko zazpi proiektu lagundu ditugu, eta uholderik gertatuta ere kontuan hartu beharreko babes-neurriak hartzeko beste bi”, nabarmendu du sailburuordeak.

Biodibertsitatea

Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen arloan, aurkeztu diren 34 proiektuetatik 17 lagundu dira diruz; guztira 410.134,32 euro banatu dira. Proiektu horien bidez, erkidego edo lurralde mailako interesa duten habitat naturaletan 334 ha leheneratu edo hobetuko dira, eta kostaldeko iratze-sailen egoera hobetuko guneak egonkortu arte.

Ibai-inguruetako habitatak ere hobetu egingo dira, hango espezie adierazgarriak, igaraba eta bisoia, hobeto gara daitezen. Jarduera horietako asko ibaiertz-kilometro askotan egingo dira. Agindu honetako diru-laguntzen bidez, 120 km ibaiertz inguru kartografiatuko dira; horren ondoren, hobekuntza-neurriak eta espezie inbaditzaileak erauzteko neurriak ezarriko dira, eta, gainera, hiru tona hiri-hondakin solido baino gehiago kenduko dira ibaiertzetatik ibaien garbiketaren bidez.

Horretaz gainera, arlo honetan emandako diru-laguntzei esker, lan egingo da Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota dauden espezieen kontserbazio-egoera hobetzeko; adibidez, hauena: ziabelarra (Galium boreale), kaltebera, sasinartzisoa edo Narcissus bulbocodium, interes berezikoa, eta senezioa (Senecio carpetanus), galzorian dagoena.

Lurzoruak

Lurzoruen arloan, 21 eskaera jaso dira, eta horietatik 18 lagundu dira diruz, milioi-erdi euro baino gehiago erabilita. Lagundutako proiektuen erdia baino gehiago iragan industriala izan duten orubeetako lurzoruaren kalitatea ikertzeko dira. Orube horietarako aurreikuspena erabilera berria ematea da, aisialdiko gune eta jolasgune gisa.

Gainerako proiektuak bi gai hauetara bideratu dira: zabortegi zaharrak edo iragan industriala izan duten guneak leheneratzea eta batez ere aspaldiko zabortegi inaktiboak dituzten kokalekuen ingurumen-jarraipena egitea.

Laburbilduz, diruz lagundutako jarduerei esker, guztira 53.405 m2-ko azalera ikertu ahal izango da, eta 64.639 m2-ko azalera leheneratzea lortuko.

Hezkuntza

Azkenik, jasangarritasunerako heziketaren arloan, 160.000 € jarri dira. Arlo honetan, 80 udalerrik baino gehiagok hartuko dute parte, 352 ikastetxe eta 200.000 ikasle baino gehiagorekin batera. Besteak beste, klima-aldaketaz, biodibertsitateaz eta kontsumo arduratsuaz jardun eta hobekuntzak proposatuko dituzte.

Gaur egun, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila tokiko erakundeetarako ingurumen-laguntzen beste deialdi bat erredaktatzen ari da, EAEko Ingurumeneko IV. Esparru Programan eta sail honek definitutako estrategia eta programa sektorialetan finkatutako helburuak lortu ahal izateko.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @danielsenderos
    2017.eko martxoak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Ihobe_Eus: Gobierno Vasco subvenciona con 1,8 millones la mejora ambiental en ayuntamientos y entidades locales https://t.co/bHzq5ERiPz

  • @monicapedrlan
    2017.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Ihobe_Eus: Gobierno Vasco subvenciona con 1,8 millones la mejora ambiental en ayuntamientos y entidades locales https://t.co/bHzq5ERiPz

  • @iarriolal
    2017.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Ihobe_Eus: Gobierno Vasco subvenciona con 1,8 millones la mejora ambiental en ayuntamientos y entidades locales https://t.co/bHzq5ERiPz

  • @IngurumenEJGV
    2017.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak 1,8 milioi euroko diru-laguntza banatu du alor hauei buruzko tokiko ehunka proiekturen artean:... https://t.co/ssOr0zjYVi

  • @IngurumenEJGV
    2017.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    Medio Ambiente subvenciona con 1,8 millones de euros cerca de un centenar de proyectos locales de suelos... https://t.co/eh6OF6Pz8x

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak