Eu

Jaurlaritzak Euzko Itsas Gudarosteko emakumeen zeregina nabarmendu du Matxitxakoko Guduaren 80. urteurrenean

2017.eko martxoak 05
  • ·         Eusko Jaurlaritzak, Bermeoko Udalak eta Matxitxako Elkarteak elkarrekin antolatu dute gaur Matxitxakoko Gudu epikoan bizia galdu zuten biktimen oroimen eta memoriarako ekitaldi bat.
  • ·         Omenaldia Nestor Basterretxearen “Matxitxakoko Guda” eskulturaren ondoan egin da, gaur, hain zuzen ere, 1937ko martxoaren 5ean Euskadiko askatasunak eta eskubideak defendatzeagatik bizia galdu zutenak oroitzen 10 urte betetzen dituen honetan.

Eusko Jaurlaritzak, Bermeoko Udalak eta Matxitxako Elkarteak Itxas Gudari Eguna ospatu dute gaur, Matxitxakoko Gudu epikoan bizia galdu zuten pertsonen oroimen eta memoriarako baterako ekitaldi batean. Gudu hori Kantauri Itsasoko uretan duela 80 urte gertatutako Gerra Zibileko itsas borroka garrantzitsuena izan zen.

Omenaldia, ohi bezala, Bermeo eta Bakio arteko errepidean kokatutako Nestor Basterretxearen “Matxitxakoko Guda” eskulturaren ondoan egin da.  Ekitaldian zehar, lore-eskaintza egin da haien memorian, “Kukai” euskal dantza-talde garaikidearen lan bat interpretatu da eta “Boga, boga, Mariñela” abestu da. Gainera, erakunde bakoitzeko ordezkari batek hartu du parte: Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta Matxitxako Elkarteko lehendakari Javier Olabeagak.

EUSKO ITSAS GUDAROSTEKO EMAKUMEAK

Bere esanetan, eta datorren martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko denez, Josu Erkorekak aitorpen esplizitua egin die Gerra Zibilean parte hartu zuten emakume guztiei eta, zehatzago, Eusko Jaurlaritzak Euzko Itsas Gudarostekoak izan zirela dakien hiru emakumeei: Paquita Garciari, Maria Luisa Jimenez Alzagari eta Miren Lenizbarrutiari.

Josu Erkorekak adierazi du bidezkoa dela, gaur ere, emakume horiei aitorpena egitea; izan ere, oso gutxi dakigu haiei buruz, baina ausardiaz borrokatu ziren, gizonak bezala, beren idealak eta gudaroste frankista zapaltzen ari zen giza eskubideak defendatzeko. Beren borrokaideena baino lan askoz isilagoa, eta orduko gizarteak bidegabe isilarazitakoa.

MATXITXAKOKO GUDUA

Matxitxakoko Gudua Kantauri Itsasoan gertatutako Gerra Zibileko itsas borroka garrantzitsuena izan zen. 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen, eta aurrez aurre jarri zituen Eusko Jaurlaritzaren eta bando frankistaren gerrako itsas armadak.

Galdames merkataritza-ontzia Baionatik Bilbora zihoan, Euzkadiko (Euzko Itsas Gudarostea) 4 arrantza-ontzi txiki armatuk lagunduta: Bizkayak, Gipuzkoak, Donostiak eta Nabarrak. Martxoaren 5eko goizaldean, eguraldi txarra zela bide, Gipuzkoak eta Bizkayak kontaktua galdu zuten konboiarekin. Haren bilaketan zehar, itsas armada frankistako ontzi indartsuenarekin topatu ziren, Canarias gurutzaontziarekin. Ondorioz, bi borroka gogorretako lehenengoa gertatu zen, eta Gipuzkoako bost tripulatzaile hil ziren. Gero, bakoitzak bere aldetik, zenbait arazorekin eta kalte material handiekin, bi ontziek Portugaleteko eta Bermeoko kaietara iristea lortu zuten.

Bitartean, 173 bidaiari zeramatzan Galdames merkataritza-ontziak Nabarrak eta Donostiak soilik lagunduta jarraitzen zuen bere zeharkaldia. Matxitxako Lurmuturrera iritsi zirenean, Canarias ontziak ustekabean harrapatu zituen, eta eguneko bigarren borroka gogorra izan zuten, ordu eta erdi baino gehiago iraun zuena.

Canarias askoz handiagoa zen tamainan, eta nagusi ahalmenean eta armamentuan. Lehenbizi Galdames harrapatu zuen, eta emakume bat eta hiru haur hil zituen. Amore eman zuen eta preso hartu zuten. Gero, Donostiari eraso zion, baina ez zen sortu bajarik edo kalterik. Azkenik, Canarias ontziak Nabarraren galdarak lehertu zituen eta haren zorigaiztoko hondoratzea eragin zuen. 

Nabarrako 27 gudari hil ziren itsas guduan zehar. Beste 20 tripulatzaile salbamendu-txalupetan ontziratu ziren eta bando frankistak preso hartu zituen. Enrique Moreno komandanteak eta Ambrosio Sarasola lehen ofizialak, berriz, Nabarra arrantza-ontzian geratzea erabaki zuten, eta itota hiltzea preso erori baino lehen.

Bizirik irten ziren Nabarrako 20 marinelak epaimahai militar batek epaitu zituen eta heriotza-zigorra jaso zuten “matxinadan laguntzeagatik”. Haatik, Canarias ontziko komandanteak eta tiro-zuzendariak haien alde egin zuten Francoren aurrean, 20 marinel horiek indultatuta geratzea lortu arte, borroka gogorrean erakutsitako adorea aitortzeko.

Hilabete gutxiren buruan, 1938ko azaroaren 30ean, 20ak libre geratu ziren.

MATXITXAKOKO GUDAREN” 10 URTE

Omenaldia Nestor Basterretxearen “Matxitxakoko Guda”, Nabarra ontzia hondoratzekotan dagoen ontziaren birsortzea den eskulturaren ondoan izan da. Itsasoaren aurrean instalatu zen gaur dela 10 urte, itsas borroka horren 70. urteurrena oroitu zenean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak