Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzeko obrak apirilean hasiko dira Txagorritxuko eraispen lanekin
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Vitoria-Gasteizko alkateak informazio-prentsaurreko batean hartu dute parte gaur AUOa handitzeko obren hasiera eta ospitaleko aparkaleku-plazetako obren eragina arintzeko gaituko diren aparkaleku berriak direla bide
Osasun sailburu Jon Darponek AUOa handitzeko obren hasiera iragarri du gaur, apirilaren lehen astean Txagorritxuko zati baten eraispenaren hasierarekin, Arabako Unibertsitate Ospitaleko eraikin berria eraikitzeko.
Osasun sailburuak adierazi duenez, eraispen-obrak bi hilabete eta erditan egingo dira eta, ondoren, AUOaren zerbitzu orokorren eraikin berria eraikitzen hasiko da. Obra horiek datozen 30 hiletan amaituko dira gutxi gorabehera. Eusko Jaurlaritzak egindako 50 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, “eraikin berriak izango dituen atal berriak laguntzaren hobekuntza garrantzitsua izango dira, eta arabarrei arreta hobea emateko aukera eskainiko du”, adierazi du.
Jon Darponen esanetan, AUOa egitate bihurtzen ari da. “Urtez urte, osasun-sistema arabarra hobetu dugu eta, gaur iragarri dugunez, horretan jarraituko dugu legealdi honetan zehar arabarrek nahi eta merezi duten ospitalea egiteko: ospitale berria, erantzun eraginkorra, ekitatiboa eta kalitatezkoa emateko”.
Ildo horretan, azken hiru urteotan AUOa handitzeko eta birmoldatzeko egindako obrak gogoratu du.
Horrela, Txagorritxuko egoitzan, abian dira Eguneko Ospitale Medikoa; Eguneko Ospitale Onko-Hematologikoa, farmaziako areto zuria funtzionamendu betean duela; Bihotz Errehabilitazioa eta ospitaleko pazienteen Errehabilitazioa eta Odol Bankua eta, era berean, Onkologiako Ospitalizazio Unitatea egokitu da.
AUOako Santiago egoitzan, abian jarri dira, baita ere, Eguneko Ospitale Oftalmologikoa, Eguneko Ospitale Kirurgikoa, Errehabilitazioa, Neurologia Zerbitzua, Neurofisiologiakoa, Loaren Unitate berri bat eta, duela gutxi, Gaixotasun Kroniko eta Zainketa Aringarrien Unitate berriak.
Aparkalekuak eta helikopteroak
AUOa handitzeko obren ondorioz, 310 aparkaleku-plazak eragina jasango dutela kalkulatu da. Egoera hori arintzeko, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azaldu du ordezko bi aparkaleku-partzela gaituko direla, guztira 362 plazakoak, AUOa handitzeko obren eraginpekoak baino gehiago.
Batetik, behin-behineko aparkaleku-espazio bat gaituko da Martin de Saracibar kalean, 180 plazakoa, eta martxo honetan hasiko da hura asfaltatzen. Bestetik, beste aparkaleku bat egokituko da Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Francisco Leandro de Viana kaleen artean, 182 plazakoa.
“Udalaren zein Osakidetzaren ustez, ezinbestekoa da aparkaleku-espazioak egokitzea Ospitalearen eta Kanpo Kontsulten eraikinaren ondoan. Lehen une batean, autobus-geltokiko aparkalekurako sarbidea erraztuko dugu, 302 ibilgailutarako edukierakoa, lur gaineko ordezko bi aparkalekuak abian jarri arte”, azaldu du alkateak.
Aldaketa horien ondorioz, helikopteroek larrialdi-kasuan Martin de Saracibar kalean lur hartzen zuten orain arte, baina kokaleku berria bilatu da. Lakuako Gizarte Etxearen ondoko errugbi-zelaia da, eta hilabete inguruko epean lurreratuko dira larrialdietako ibilgailuhoriek hor, Osakidetzarenak, Ertzaintzarenak edo beste batzuk izan. Obrak amaitutakoan, behin betiko heliportu bat gaituko da.
Osasun sailburu Jon Darponek eskerrak eman dizkie Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtarani eta haren talde osoari Osakidetzarekin izan duen lankidetzagatik eta elkarrekin eta koordinatuta lan egiteko prestasunagatik gasteiztarrei zerbitzurik hoberena eskaintzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 6a
ERANSKINA:
AUOAren ZERBITZU OROKORREN ERAIKIN BERRIA
|
|
-2. solairua |
Sukaldea, arropa zuria, biltegiak eta esterilizazioa |
-1. solairua |
Larrialdi Orokorrak eta Larrialdi Pediatrikoak: 20 kontsulta eta 67 box |
0. solairua |
Zainketa Intentsiboen Unitatea (ZIU): 31 postu
|
1. solairua |
Bloke Obstetrikoa: 7 UTPRS eta bi erditze-gela/kirofano eta Jaioberriaren Unitatea: 20 postu eta erreserba-espazioa etorkizunean handitzeko |
2. solairua |
Bloke kirurgiko berria: 19 kirofano |
3. solairua |
Zerbitzari informatikoak, datuak prozesatzeko zentrala eta instalazioak
|
ERAIKITAKO AZALERA GUZTIRA: 25.801 metro karratu
|
-
2017-03-07
Comentario de Twitter:
Las obras de ampliación del Hospital Universitario Araba comenzarán en abril: https://t.co/jEQX0IS1PB vía @Irekia #EnfermerasAlava