Berriak Hezkuntza
Eu

Ikasle etorkinei arreta emateko II Plana

2017.eko martxoak 02

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Planak (2016-2020 aldirakoak) jasotzen dituen alderik esanguratsuenak azaldu ditu gaur goizez Bilbon. 2016 urtean zehar osatu da dokumentu hau, eta hezkuntza zein gizarte arloetako hainbat elkartek eginiko ekarpenak jasotzen ditu.

Euskal Hezkuntza Sisteman ikasle etorkinen kopurua ugaritu ahala, 2003-2004 ikasturtetik neurri asko hartu dira azken hamarkadan eskola inklusiboa bultzatzeko eta aniztasunari tratamendu egokia eskaintzeko. Azken hiru ikasturteetan etenik gabe egin da lan Heziberri 2020 Planaren baitan, honen Hezkuntza Eredu Pedagogikoaren bidez, eta 2016-2020 aldian EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bidez, azken honek eraginkor bihurtzen baitu aurrekoa. Martxoaren 13an Legebiltzarrean aurkeztuko den Plan hau, hezkuntza eredu hori eraginkor egiteko Hezkuntza Sailak harturiko konpromisoaren baitan txertatzen da, izan ere, azken helburua honako hauxe baitu: ikasle guztien garapen integrala, betiere aniztasunari arreta ekitatetik eta begirada bikaintasunean jarrita ematen dion eskola inklusiboaren baitan.

Aurreko planaren ebaluazioa egin ostean, II. Plana osatzeari ekin zitzaion, X. legealdian eginiko hausnarketak eta jarduketak bertan jasoz. Lehen fasean, Hezkuntza Sailak EAEko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialaren Foroaren baitako Hezkuntza Batzordean aurkeztu zuen Plan honen lehen zirriborroa (Inmigrazio Zuzendaritzak sustatzen duen batzordea da aipaturiko hori). Une horretatik aurrera, eta abenduan nahiz urtarrilean zehar, Hezkuntza Sailak orotara 121 ekarpen jaso ditu, bai elkarteen aldetik baina baita norbanakoen aldetik ere. Behin-betiko testuak zenbait ekimenen zerrenda jasotzen du, inklusibitatean hobetzen jarraitzeko, edo gure hezkuntza sistemara iristen diren ikasleen eskolaratze positiboan jarraitzeko hainbat ekimen.

Planak hiru esku-hartze esparru jasotzen ditu:

  • Arauemailea, eta informazio-emailea: araudia, protokoloak, dokumentazioa, erakundeen arteko koordinazioa…
  • Bestetik, planifikazioaz ere hitz egiten du: eskola-maparekin zerikusia duten gaiak, ikastetxeen hezkuntza-eskaintzarekin lotuak, berariazko irakasleen profil profesionalarekin zerikusia dutenak, ratioak…
  • Eta hirugarrenik, berrikuntza: ikastetxeetako proiektuak, formazioa, harrera eta esku-hartze planak, ikerketa, familiak.

Plan berria lehen Planak ipinitako oinarriaren gainean eraikia da, eta baita aurreko legealdian inplementatu diren ekintzen gainean ere. Badira dagoeneko aplikatu izan diren zenbait neurri, eta orain dokumentu berriak jasotzen dituenak.

Dagoeneko martxan dauden zenbait neurri, eta orain II. Planean jasoak geldituko direnak:

  • Gasteizko eskola-mapa erabat aldatu zen. Sei mapa baino gehiago zeuden, hizkuntza-eredu eta hezkuntza-sareen arabera. Horregatik, orain hirirako eskola-mapa bakarra eskaintzen da, lau zonaldetan; horietako zona bakoitzak sareen eta hizkuntza-ereduen arteko oreka erakusten du.
  • Ikasle-perfil desberdineko DBHko ikastetxe publikoak fusionatu egin dira: Ermua, Lasarte, Eibar.
  • Ordezkaritza Organo Gorenak (OMR) baremoan ematen dituen bi puntual jasotzeko irizpideak publikatu beharra ezarri zen; horrela, publikaturik ez bazeuden edo araudiaren kontrakoak baziren, ez ziren aintzat hartzen baremoan.
  • Errolda-agirien iruzurrezko erabilera zorrotz aztertu da; horrela, zenbait ikastetxetan zerrendak birbarematu beharra izan da.
  • Hezkuntza Sailak berak darabil ikastetxeek daukaten ratioz gaineko %10a, epez kanpo gertatzen diren eskolatzeak egiteko aukera zabaltzeko.
  • 2017-2018 ikasturterako Onarpen Aginduan aldatu egin da errentaren arabera puntuak eskuratzeko irizpidea: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataraino jaitsi da, puntu horien onuradun benetan errentarik baxuenak dituzten familiak izan daitezen.

Dagoeneko aplikatzen hasita dauden neurriez gain, II. Planak ekimen berriak garatu ahal izateko egutegia ere jasotzen du.

Ondorengo ikasturteetarako aurreikusten diren ekintzetako batzuk:

  • 2018-2019 ikasturterako Dekretu berria. Dekretu honen aplikazioa ikasturtea hasita dela onartzen diren ikasleengana ere hedatuko da.
  • Elkarren ondoan dauden eta ikasle-profil desberdina duten ikastetxe publikoak batzea.
  • Hizkuntza-errefortzuko Irakasleen irizpideetan eta profilean sakontzea.
  • Kultura aniztasunaren aurrean, irakasleen prestakuntza hobetzea.
  • Euskal Hezkuntza Sistemara sartzen den ikasleari jarraipena egitea.
  • “Bigarren belaunaldiak” deituriko errealitatea lantzea. Ikasle hauek ez dira etorkinak, baina berariazko hezkuntza-premiak izan ditzakete.

Gainera,nabarmentzekoa da Plan berria administrazioak martxan jarriko dituen beste zenbait ekimenekin batera garatuko dela. Horrela bada, Hezkuntza Sailak gaur bertan onartu du eskolatze batzordeen jarduera arautzen duen Ebazpen berri bat. Eskolatze Batzordeen zeregina da Euskadira matrikulazio epez kanpo iristen diren ikasleak eskolatzea.

Ebazpen berri honek, Planak jaso eta landutako gaien ildoan, garrantzizko elementu zenbait jasotzen ditu:

  • Ebazpenak argi dio Hezkuntza Ordezkaritzek eskolatze orekatua eta proportziozkoa egin beharko dutela zona bereko ikastetxe guztietan.
  • Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan sartzen diren ikasleak, eredu euskaldunetan ikastea errazten duten ikastetxeetan eskolatuko dira, lehentasunez. Oinarrizko Heziketako bigarren ziklotik aurrera sartzen diren ikasleen kasuan, beste faktore batzuk izango dira kontuan, hala nola, adina, aurretiko eskolatzea edo hizkuntza-konpetentzia, besteak beste.  
  • Irakasleei dagokienez, Hezkuntza Sailak irakasleentzako prestakuntza eskaintza zabaltzen jarraituko du, kultura aniztasunari arreta eskaintzeko, eta bereziki, Hizkuntza-errefortzuan diharduten irakasleentzako.
  • Ez dira ikasgela berean sartuko Eskolatze Batzordearen bidez eskolatutako bi ikasle baino gehiago, baldin eta bere eremuan edo mugakide dituen eremuetan bestelako aukerarik badago. 
  • Era berean, Eskolatze Batzordeek euren jarduerarekin txostena osatu beharko dute hiru hiletik behin. Ikastetxeen Zuzendaritzara eta lurralde bakoitzeko Eskolatze Bermeen Batzordera igorri beharko dute txosten hori.

Hezkuntza Sailak lanean dihardu ikasleen garapen integrala bultzatzea helburu hartuta, betiere aniztasunari arreta ekitatetik eta bikaintasunerantz begira jarrita ematen dion eskola inklusiboaren baitan.

8 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @RuizAndreaB
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @ikuspegi_eus: II Plan de atención al alumnado inmigrante https://t.co/cymYV6w8gP

  • @DSSAniztasuna
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @ikuspegi_eus: II Plan de atención al alumnado inmigrante https://t.co/cymYV6w8gP

  • @DSSAniztasuna
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @ikuspegi_eus: Ikasle etorkinei arreta emateko II Plana https://t.co/6LUNKbAKh6

  • @ikuspegi_eus
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Ikasle etorkinei arreta emateko II Plana https://t.co/6LUNKbAKh6

  • @ikuspegi_eus
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    II Plan de atención al alumnado inmigrante https://t.co/cymYV6w8gP

  • @ConsejeroD7
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Irekia: Uriarte Sailburuak Ikasle Etorkinei Hezkuntza-arreta emateko II. Plana-ren alderik esanguratsuenak azaldu … https://t.co/jtOZHrt0ba

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Irekia: La Consejera Uriarte ha presentado los aspectos más significativos del II. Plan de Atención al Alumnado In… https://t.co/bHL6kCaoC5

  • @ConsejeroD7
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Irekia: La Consejera Uriarte ha presentado los aspectos más significativos del II. Plan de Atención al Alumnado In… https://t.co/CSVgl5xqdM

Ekitaldiko kargudunak