Eu

Euskadik eta BCCk ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldeburuentzako Basque Culinary World Prize sariaren bigarren edizioa antolatu dute

2017.eko martxoak 02
  • Gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek bi hilabete izango dituzte berrikuntzaren, ekintzailetzaren, gizarte-garapenaren, ingurumenaren, osasunaren eta hezkuntzaren arloan proiektuak dituzten mundu osoko sukaldari hautagaiak proposatzeko
  • Munduko eragin handieneko sukaldariak eta atzerriko adituak izango dira epaimahaikide
  • Irabazleak 100.000 euro jasoko ditu berak hautatutako sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen proiektu batera bideratzeko
  • Basque Culinary World Prize saria Euskadi-Basque Country estrategiaren barne dago eta Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek babesten dute

Gaur jarriko da abian Basque Culinary World Prize sariaren bigarren edizioa. Ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldeburuentzako nazioarteko saria da, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek sortua, gastronomiaren garapen-maila aitortzea xede duena; izan ere, sukaldeburuen belaunaldi batek bere lanbidearen dimentsioa hedatu eta gizartearekin sukaldeaz haratagoko lotura ezarri zezakeela ulertu zuen.

Agintariak eta pertsonaia ospetsuak aurrean zirela, tartean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Elena Arzak sukaldaria eta BCCren zuzendari Joxe Mari Aizeaga, hautagaiak izendatzeko prozesu irekiari hasiera eman zaio: bi hilabete izango dituzte gremioko profesionalek zein erakundeek gastronomia berrikuntzaren, hezkuntzaren, ingurumenaren, osasunaren, gizarte-garapenaren edo ekonomiaren arloetan indar eraldatzailea izan daitekeela frogatzen duten sukaldariak proposatzeko.

«Sari hau Basque Country estrategia integralaren barne dago. Herrialde-marka horrek, gure indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen gaitu, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakorraz gain.

Euskadi aurrerantzean ere gastronomiaren arloko nazioarteko erreferentzia izatea nahi dugu, sektore hori oso garrantzitsua izango dela konbentzituta baikaude. Izan ere, gastronomia elikadurako balio-katearen barne dagoela eta eskema konbentzionalez bestelako ikuspegiak eta gizarte-arazoentzako konponbideak eskaintzen dituen aldaketa-eragilea dela pentsatzen dugu», gaineratu du Tapia sailburuak.

Munduko sukaldari onenetako batzuek osatutako epaimahaiak irabazlea hautatuko du, 100.000 euro jasoko dituena, sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen proiektu batera bidera ditzan.

«2016. urtean, sukaldari hautagaiak 120 baino gehiago izan ziren, 20 herrialdetan baino gehiagotan proiektuak zituztenak, fenomenoaren izaera biderkatzailearen eta inspiratzailearen seinale. Sukaldari asko lan handia egiten ari dira sukaldaritza, tradizioak eta produktuak beren kulturarekin eta gizartearekin lotzeko, eta egiten ari direna denok ezagutzea merezi dute», azaldu du Elena Arzak sukaldariak Basque Culinary World Prize sariaren lehen edizioari buruz. Lehen edizio horretan Maria Fernanda Di Giacobbe sukaldeburua atera zen garaile, Venezuelan egindako jatorrizko kakaoaren proiektuarekin.

«Konbentzituta gaude gastronomiak eragin handia izan dezakeela gizartean, sukaldeburuek ahots publikoa izatearen garrantzia bere gain hartzen badute. Bigarren edizio honetan ere mundu osoko sukaldeburu ezagunak eta ezezagunak egiten ari diren lan bikainaren adibide zehatzak partekatuko ditugu, proiektuon eskala edozein dela ere», adierazi du Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak.

Bigarren edizioa

2017an, Basque Culinary World Prize saria emango duen epaimahaiburua Joan Roca  izango da eta BCCren Nazioarteko Kontseiluko beste kide batzuez lagunduta egongo da. Hauek izango dira epaimahaikideak, zehazki: Gastón Acurio (Peru), Ferran Adrià (Espainia), Alex Atala (Brasil), Dan Barber (AEB), Heston Blumenthal (Ingalaterra), Massimo Bottura (Italia), Michael Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB) Yoshihiro Narisawa, (Japonia), Enrique Olvera (Mexiko), René Redzepi (Danimarka) eta I. Basque Culinary World Prizeren irabazlea, Maria Fernanda Di Giacobbe venezuelarra. Epaimahaian, gonbidatu berezi gisa, Kirmen Uribe eta Laura Esquivel idazle mexikarra (Como agua para chocolate) egongo dira.

Sarirako hautagai izateko, hautagaiak gastronomiaren gremioko jarduneko profesionalen izendapena jaso beharko du; alegia, sukaldariena, jatetxe-jabeena, ekoizleena, gastronomia-arloko idazleena edo kazetariena edota sektoreko erakundeena. Hautagaiak proposatzeko epea gaur hasi da eta 2017ko maiatzaren 2an amaituko da.

Proiektu honen bitartez, Basque Culinary World Prize sariak gastronomia-komunitatea ezagutzera deitzen gaitu, munduan zehar ekimen eraldatzaileak gauzatzen ari diren sukaldarien berri izan dezagun, gerta daitekeelako horien lana publikoki ezaguna ez izatea. Sukaldaritzan profesionalki aritu den edonor izan daiteke hautagai, sukaldaritza-kultura edo nazionalitatea edozein direla ere. Sukaldeburuak proposatu ahal izango dira Basque Culinary World Prize sariaren webgunearen bidez (www.basqueculinaryworldprize.com)

Proposamenak egiteko epea amaitutakoan, Ikerketa Zientifikoen Goi Batzordeko (CSIC) edota Kataluniako Unibertsitate Irekiko Elikadura-sistemak, Kultura eta Gizarte Saileko akademikoz osatutako Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu hautagaitzak. Batzorde horretan izango da, halaber, Elena Arzak (3 Michelin izar dituen Donostiako Arzak jatetxekoa).

Batzorde tekniko horrek 10 finalistak hautatutako ditu, eta horien artetik aterako da irabazlea. Epaimahaiak behin betiko erabakia Mexiko Hirian egingo den Basque Culinary Centerren aholku-batzordearen urteko bileran hartuko du, uztailaren 17an hain zuzen. Saria emateko ekitaldi ofiziala Euskadin egingo da urrian.

«Basque Culinary World Prize sariak pertsonaia eraldatzaileak sarituko ditu: emakume eta gizon langileak, ekintzaileak eta bikaintasuna xede dutenak; berritzaileak eta sortzaileak; nekaezinak, kontrakarrean dihardutenak eta ausartegiak ere izan daitezkeenak; baina batez ere kide diren komunitatearekin konprometituta daudenak», adierazi du BCCren Nazioarteko Kontseiluaren eta epaimahaiaren presidente eta Can Rocako El Celler jatetxeko sukaldeburuak (3 Michelin izar, Girona).

«Sukaldaritza izatez ez da helburua, gauza askozaz garrantzitsuetarako bitartekoa baizik. Horrela ulertuta, aldaketarako tresna ahaltsua dela egiaztatu da. Hori dela eta, sukaldariak gizarte justu, solidario eta jasangarriago baten alde egin dezaketen ekarpenaz jabetu behar dira, eta horretara konprometitu», aipatu du Gastón Acurio, Astrid & Gastón (Peru) jatetxeko sukaldeburuak.

«Kultura, ezagutza, kontzientzia eta erantzukizunaren zentzua. Ezaugarri horiek izan beharko ditu etorkizuneko sukaldeburuak. Horrenbestez, oso harro nago sari honetan parte hartzeaz, eta espero dut sariaren bidez gizartearekiko konpromisoa desberdintzeko bide bezala hartzen dutenak inspiratzea eta mugiaraztea», adierazi du Massimo Botturak, Osteria Francescanako sukaldeburuak (3 Michelin izar, Modena, Italia).

«Gaur egungo elikadura-kultura dela eta, sukaldeburuek eragin-plataforma bat lortu dute, eta berrikuntzarako ahala, ez bada luxua. Zaporearen epaile garen aldetik, jateko modu berriren bat inspiratu dezakegu», aipatu du Dan Barber, Blue Hill eta Stone Barns jatetxeetako sukaldeburuak (New York, AEB).

Editoreentzako oharrak

  • Eusko Jaurlaritzak ematen duen eta Basque Culinary Center, gastronomia-hezkuntzan, -berrikuntzan eta -ikerketan munduko liderra den erakunde akademikoak, bermatzen duen saria da hau.
  • Eusko Jaurlaritzak sustatzen du sari hori Euskadi-Basque Country estrategiaren barnean. Herrialde-marka horren babesle eta partaide dira euskal erakunde guztiak, Euskadiren irudi hau bultzatzeko: lan gogorrean, konpromisoan, hobetzeko grinan, eraldaketarako joeran edota emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunean oinarritutako kultura. 
  • Epaimahaikideak eta Batzorde Teknikoko kideak ezingo dira proposatu hautagai gisa.
  • Epaimahaikideei eta sariaren mekanikari buruz informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu webgunea: www.basqueculinaryworldprize.com

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Misilba
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Euskadi y BCC lanzan la segunda edición del Basque Culinary World Prize, un premio para chefs con “iniciativas ... https://t.co/hTHEDgk179

Ekitaldiko kargudunak
  • Arantxa Tapia Otaegi
    Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua (XI legealdia)
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XI legealdia)
  • Asier Arrese Zabala
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XI legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Joxe Mari Aizega, Elena Arzak, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa eta Perdro Subijana