Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren betiON telelaguntzako zerbitzuak sistemaren digitalizazioa aurtengo bigarren seihilekoan hasiko du

2017.eko martxoak 02
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Lehendakariak eta Darpón eta Artolazabal sailburuek zerbitzuaren instalazio berriak bisitatu dituzte
  • Zerbitzuak 43.044 erabiltzaile ditu, urtebete lehenago baino %11,76 gehiago

Iñigo Urkullu lehendakariak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Osasun sailburu Jon Darpón aldamenean zituela, Bilboko betiON Telelaguntzako zerbitzuaren instalazio berriak bisitatu ditu gaur goizean. Instalazio berri hauei esker, zerbitzu zabalagoa eman ahal izango da, bai erabiltzaileen kopuruari dagokionean bai eskaintzen diren zerbitzuei dagokienean.

Orain arte, Telelaguntza oinarri teknologiko analogikoko gizarte-zerbitzu bat zen. BetiON zerbitzuaren egoitza berriari eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiari esker, sistema digitalizatzeko bidean aurrera egin ahal izango da. Era horretan, betiON zerbitzuko profesionalek tresna berriak edukiko dituzte euren etxeetan daudenen beharrei erantzuteko. 

Horrela, Lehendakariak gaur iragarri duenez, 2017ko bigarren seihilekoan, Euskadiko Telelaguntzako Zerbitzu Publikoak teknologia digitala 100 etxetara zabalduko du, azken belaunaldiko sare mugikorren bitartez. Eta baliabideek horretarako aukera ematen duten neurrian, esperientzia hori mailaz maila hazi egingo da.

Telelaguntzara aplikatutako digitalizazioaren bitartez, beti konektatuta egongo diren soluzio azkarragoak eta moldagarriak emateko aukera dago, eta informazio asko erabiltzeko gai dira. Gainera, ahotsa, bideoa eta datuak aldi berean kudeatzeko aukera dago. Egoitza berriari esker, aurrerago etxeetan ezarri beharko den azpiegitura digitala edukitzeko aukera izango du betiON zerbitzuak.

“Aurrerapen teknologikoak baliatu nahi ditugu erabiltzaile bakoitzaren beharretara gero eta hobeto egokitutako zerbitzuak eta prestazioak eskaintzeko. Gure herritarren beharretara erakundeen erantzuteko gaitasuna hobetzeak izan behar du beti gure helburu”, azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

2011ko uztailean martxan jarri zenetik, Eusko Jaurlaritzaren betiON Telelaguntzako zerbitzua etengabe hazi da. Gaur ezagutzera eman den 2016ko memorian jasotakoaren arabera, urtearen amaieran 43.044 erabiltzaile zituen. Hortaz, betiON abian jarri zenetik bost urte eta erdi hauetan erabiltzaileen kopurua % 83 baino gehiago hazi da.

Erronkak epe laburrera

Gaur bisitatutako instalazio berriei esker, epe ertainera ezarritako helburuei aurre egiteko eta sistema mailaz maila digitalizatzeko aukera dago. Iñigo Urkulluk adierazi bezala, “botoiaren, medailoiaren edo linearen beste aldean dauden pertsonei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko teknologia berriak egokitzea” da helburua.

Zerbitzuak legealdi honetarako finkatu dituen ildo estrategikoak aipatu ditu Lehendakariak, hots, “desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonengana estaldura zabaltzea; arreta pertsonalizatuko eredu bat garatzea, ondoko egoera hauen aurrean jarduketa prebentiboa burutzeko: bakardadea, erorketak, segurtasuna eta ingurune sozial-familiarrari babesa. Gainera, pertsonari begira antolatutako eredu batetik, eta zerbitzu sozialen eta sanitarioen koordinazio eraginkorraren bitartez, lankidetza soziosanitarioarekin jarraitzea da beste apustuetako bat”.

betiON zerbitzua aitzindari da, zerbitzuen koordinazioan eta prestazio sozialetan eta sanitariotan oinarritutako telelaguntzako eredu batean. 2011n, zerbitzuaren titular zen Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Osasun Sailarekin elkarlanean, telelaguntza berezia eta unibertsala proiektatu eta garatu zuen, koordinazio soziosanitarioa ardatz nagusi hartuta. Laguntzako bi modalitateak bateratu izanak bereizten du betiON eredua Espainian eta Europan martxan dauden gainerako telelaguntza-zerbitzuetatik.

Lehendakariak berak, gaur, dualtasun horren berezitasunak aipatu ditu: beste hainbat kasuistikaren artean, Arreta Zentroan jasotzen den osasunarekin lotuta dagoen edozein alarma Osakidetzaren Osasun Kontseilura bideratzen da; betiON zerbitzuko langileek erabiltzaileei euren osasun-zentroan hitzordua kudeatzen laguntzen diete —haiek hala eskatuz gero—; halaber, osasuneko profesionalek eskatuz gero, pazienteek medikazioa hartu behar dutela ere gogoratzen diete hauei, aurretik programatutako deiak eginez; gainera, arrisku-taldeen barruan dauden erabiltzaile guztiei Gripearen aurkako Txertaketa kanpainen berri ematen zaie, Osakidetzaren arduradunek ezarritako baldintzetan.

2016ko memoria

Lehendakariak eta bi sailburuek betiON zerbitzuaren 2016ko urteko memoriaren datuak eman dituzte ezagutzera. Guztira, urtea ixtean, 43.044 pertsonek zuten zerbitzu hau. Aurreko urtean baino % 11,76 gehiagok (4.532 pertsona gehiagok).

43.044 pertsona horietatik 5.179 erabiltzaile Arabakoak ziren, 2015ean baino 467 gehiago; 24.348 Bizkaikoak ziren, 2.395 gehiago; eta 13.517 Gipuzkoakoak, urtebete lehenago baino 1.670 lagun gehiago.

2016an Euskadin Telelaguntza Publikoak 65 urtetik gorako pertsonen % 9,70i ematen zien zerbitzua; 80 urtetik gorako pertsonen artean % 25 baino gehiagori, eta 85 urtetik gorako pertsonen artean % 36,30i.

Erabiltzaileen artean gehienak emakumeak ziren, % 78,78 (gizonak, % 21,22); 80 urtetik gorako pertsonak ere gehiago ziren, % 80,02; eta zerbitzua, batez ere, bakarrik bizi ziren pertsonen artean eskaintzen zen, guztien % 58,84ra helduz.

Aurreko urteetan bezala, zerbitzuaren erabiltzaileek honen balorazio positiboa egin dute. 0 eta 5 bitarteko eskala batean, betiON zerbitzua jasotzen duten pertsonek inkesta batean erakutsitako asebetetze-indize orokorra 4,41 puntukoa izan zen.

2016an, arreta-zentroan 334.321 dei jaso ziren, hau da, hilean batez beste 27.860 dei. Zerbitzua eskaintzen duten profesionalek 857.547 dei egin zituzten, hilean batez beste 71.462 dei. Egunero, batez beste, 900 dei jaso ziren eta 2.300 egin ziren. 2016an, egunero, 3.200 komunikazio egon ziren profesionalen eta arreta jasotzen zuten pertsonen artean.

Erabiltzaileek telelaguntzako zerbitzuko botoi gorria oso arrazoi diferenterengatik sakatzen dute. Jasotako deien tipologiaren barruan, 2016an honako balio hauek azpimarra daitezke: jasotako deien % 23,17tan botoia nahi gabe sakatu zuten, % 16,53tan ekipoak funtzionatzen zuela egiaztatzeko eta ekipoari buruzko zalantzak argitzeko izan ziren, eta % 15,32 informazioa eskatzeko edo emateko.

Kanpora egindako deien tipologiari dagokionean, arreta-zentrotik egindako deien % 50,44 erabiltzaileen etxeetara edo hauen senitartekoei eta/edo harremanetako pertsonei egindako jarraipen-deiak izan ziren.

betiON zerbitzua

Eusko Jaurlaritzaren betiON zerbitzu publiko hau bakarrik bizi diren 75 urtez gorako pertsonei, eta gizarte-zerbitzuek aitortutako mendetasun-egoeran edo horrela egoteko arriskuan dauden 65 urtez gorako pertsonei zuzendua dago. Desgaitasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala duten eta edozein mailako mendetasun aitortua duten pertsonei ere eskaintzen zaie zerbitzu hau. Halaber, gaixotasun mental diagnostikatua duten eta onartutako mendetasun-egoera duten pertsonek, edo gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonek ere jaso dezakete zerbitzu hau.

Telelaguntza gizarte mailako esku-hartze eta laguntzako zerbitzu tekniko bat da, lehen mailako arretako zerbitzu sozialen testuinguruan kokatzen da, eta erabiltzaileei —telefono-linearen bidez eta komunikazioetako eta informatikako ekipamendu zehatz batekin—, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, etengabeko arreta-zerbitzua eskaintzen zaie. Zerbitzu hori larrialdiko edo premia sozialeko egoeratan erantzun egokia emateko espezifikoki prestatutako pertsonek eskaintzen dute, eurek bakarrik edo beste baliabide komunitario batzuk erabiliz.

Telelaguntzako zerbitzua, besteak beste, eguneroko egoera hauek gertatzean eskaintzen da: etxe barruan erorketak gertatzean; adineko pertsonek zorabialdiak edukitzean, euren jokabidea kontrolatzeko zailtasunak eraginez; osasun-arazoak dituztenean; bakardadean daudenean. Kasu hauetan guztietan, erabiltzaileei eta hauen senitartekoei lasaitasuna eta segurtasuna emateko elementu garrantzitsua da telelaguntza. 

Zerbitzu hau behar duten pertsonek euren udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, ZUZENEAN zerbitzuaren 012 telefonora hots eginez, edo  http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contss/eu/contenidos/informacion/teleasistencia/eu_teleasis/teleasistencia.html web orrian sartuta eskura dezakete.

7 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @TunstallTlevida
    2017.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    El servicio de Teleasistencia betiON del Gobierno Vasco iniciará la digitalización del sistema en el segundo sem... https://t.co/vxlyBVDkG6

  • @Transparent_Red
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    El servicio de Teleasistencia BetionEJGV iniciará la digitalización del sistema en el segundo semestre de este año https://t.co/bWU58sqQ71

  • @Transparent_Red
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    .BetionEJGV telelaguntzako zerbitzuak sistemaren digitalizazioa aurtengo bigarren seihilekoan hasiko du https://t.co/LtIQPiFxt2

  • @Open_Govern
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    El servicio de Teleasistencia BetionEJGV iniciará la digitalización del sistema en el segundo semestre de este año https://t.co/WxwYIqMeYx

  • @Open_Govern
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    .BetionEJGV telelaguntzako zerbitzuak sistemaren digitalizazioa aurtengo bigarren seihilekoan hasiko du https://t.co/vg6r8VaSi5

  • @jdarpon
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    El servicio de Teleasistencia betiON del Gobierno Vasco iniciará la digitalización del sistema en el segundo sem... https://t.co/q9utnDjOX5

  • @jdarpon
    2017.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzaren betiON telelaguntzako zerbitzuak sistemaren digitalizazioa aurtengo bigarren seihilekoan ha... https://t.co/NNekAitIzt

Ekitaldiko kargudunak