Eu

Kontrolerako osoko bilkura

2017.eko martxoak 03

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzaren goi-karguei buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu du aurreko Eusko Jaurlaritza egitura txikienekoa izan dela azken 30 urteetan. Hala ere, aurre egin behar zaien erronka eta premietara eta bere egindako eskumenetara egokitzeko, 11 saileko gobernu bat osatzea erabaki da, modu kontzientean eta sinetsita Gobernu Programa betetzeko modurik hoberena dela. “Konpromisoa hartu dugu aurreko edozein gobernuk baino langile publiko gehiago zuzentzeko, aurrekontu gehiago kudeatzeko eta Legebiltzar honen eskakizun gehiagori erantzuteko”, gehitu du.

Urkullu lehendakariak azpimarratu du, hala ere, sailak gehitu arren, 30 urtetan kargu publiko gutxien dituen gobernua dela. Izan ere, aurrekoak izan ezik, denek gainditu dute 250eko zifra. Lehendakariak errespetua eta aitorpena eskatu ditu goi-kargu publikoentzat, eta esan du haien lana konpromisoz, gardentasunez eta profesionaltasunez egiten dutela.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, eratu berria den Eusko Jaurlaritzako goi-karguen kopuruari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu du 2017ko aurrekontua % 1,2 hazi dela eta gizarte-politikak, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun direnak, bermatuta daudela, funtsezko zerbitzuek iaz baino baliabide ekonomiko gehiago dituztelako. Kargu publikoetako gastua, berriz, % 0,02 soilik igo da eta, izatez, azken 30 urteetan goi-kargu gutxien izan dituen bigarren gobernua izan da, nahiz eta aurrekontu handiena duen gobernua izan.

Urkullu lehendakariak gogoratu du aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzak “ahalegin itzela” egin zuela euspenean eta kudeaketan, eta honetan 250 karguko egitura “beharrezkoa, egokia eta egokitua” erabaki dela 11 sail zuzentzeko eta koordinatzeko, Legebiltzar honetan kudeatzeko konpromiso gehiago eta ekimen gehiago daudela ikusita.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, legealdi honetarako legegintza-egutegiari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Euskadik hezkuntza-sistema ona duela, eta haren balio bereizlea hezkuntza-komunitatearekin dagoen adostasuna dela. Hain zuzen, irizpide hori erabilita, adostasun hori zaintzea eta indartzea, Eusko Jaurlaritza prest agertu da “diagnostiko kritiko eraikitzaile” bat konpartitzeko eta etengabeko hobekuntzara bideratutako neurriak eratzeko.

Helburu horrekin, hain zuzen, lehendakariak gogoratu du gobernua “hasia dela jarduten”. Aste honetan bertan, Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek aurrekontu bat aurkeztu du, non inbertsioak % 2 igo diren eta lan-eskaintza publiko bat aurreikusten duen. Gainera, konpromisoa hartu du beste agerraldi bat egiteko hezkuntza-sistemaren emaitzak hobetzen jarraitzeko planteatutako neurriak zehazteko, hiru helburu estrategiko aurreikusten dituztenak: ikasgela, irakurrizko ulermena eta irakasleen prestakuntza. “Ez gara inoiz konformatu: erronkari etengabeko hobekuntza-aukera gisa egiten diogu aurre”, erantsi du.

Interpelazioa, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, indarkeria matxistei buruzko lege bat eragile sozialen parte-hartze aktiboarekin formulatzeko prozesu bat sortze aldera hartutako konpromisoaren gainean. 

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du “ziurtatua dagoela” erakunde zein elkarteen eta zenbait sektoretako pertsona kualifikatuen partaidetza-bide aktibo erreal bat, emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko legea formulatzeko prozesuan aurrera egiteko. Hori izan da Emakundek koordinatutako euskal erakunde inplikatuen “konpromisoa eta egiteko modu iraunkorra”, eta horrela izaten jarraituko du. Urkulluk azaldu duenez, helburu horrek bere isla du Gobernu Programan, legegintza-egutegian eta Legebiltzarraren proposamenean.

Lehendakariak gogoratu du “gardentasuna eta partaidetza” Eusko Jaurlaritzaren eta Emakunderen arau orokorra direla, eta horren adierazgarri da NBE Emakumeak buru dituen programa baten barruan euskal arreta-sistemaren kalitatearen autoebaluaziorako prozesu bat abian jartzea, hobekuntza-esparruak identifikatzeko. Arlo horretako partaidetzaren beste adibide bat da 2016ko ekainean Jarraipen Batzordeak II. Erakundearteko Akordioa egitea, indarkeriaren biktima izan diren emakumeen arreta hobetzeko. Hor, Eusko Jaurlaritzaz gain, aldundiek, udalek, fiskaltzak edo Arartekoak hartu dute parte, beste erakunde batzuen artean.

Galdera, Miren Larrion Ruiz de Gauna EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, martxoaren 3ko biktimei erreparazioa eta aitortza eman beharrari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak martxoaren 3ko biktimen eskubideen aitorpenarekin duen jarrera, borondatea eta konpromisoa “agerian geratu da eta iraunkorra izan da”. Horrela erakutsi dute Jaurlaritzak gauzatutako zenbait ekintzak, besteak beste, Giza Eskubideen René Cassin saria Martxoaren 3a Elkarteari ematea 2015eko abenduaren 10ean.

Urkullu lehendakariak gogoratu du, gainera, biktima horiek arauzko aitorpen garrantzitsua dutela Balorazio Batzordeak 2016ko ekainaren 12an aurkeztutako txostenean. Hor, martxoaren 3ko biktimek tratamendu berezia dute atal espezifiko batean. 107/2012 Dekretuaren babespean, hildako eta zauritutako biktimen 47 kasu aurkeztu dira, eta denak biktima gisa aitortu ditu Batzordeak. “Eusko Jaurlaritzak biktima horien eskubideak gauzatzen jarraitzen du” gehitu du.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2020. urterako Estatu espainolarekin nahi duen itunari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du une historiko honetan egokia dela desberdinen arteko “akordio indartsu” bat lortzea Eusko Legebiltzarrean, euskal autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko. Lehendakariaren ustez, lehen inoiz izan ez den aukera bat dago orain, Legebiltzarrean ordezkaritza duten bost talde politikoen artean “hemen adosteko”

Urkulluk aukera hori baliatzea eskatu du esparru juridiko, politiko, instituzional, ekonomiko eta sozial berria erabakitzeko, “datozen belaunaldietan gizarte gisa bereiziko gaituena”. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak