Eu

Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatearen bi estazio dira ENAC-ek egiaztatutako lehenbizikoak

2017.eko otsailak 24
  • Egiaztapenak egiten diren neurketen zehaztasuna eta trazabilitatea ziurtatzen ditu

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Airearen Kalitatearen Kontrol Sareko bi estazio izan dira Espainian lehenbizi lortu dutenak egiaztatzea beren gas eta partikulen neurketak nazioarteko estandar zorrotzenen arabera (UNE-EN arauak) egiten direla. Horrela ziurtatu du Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENACek) joan den abenduan.

Egiaztatutako bi estazioak Bilboko erdialdean daude, zehazki Mazarredo zumarkalean eta Mª Diaz de Haro kalean. Biak Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitate Sarea osatzen duten eta gure lurralde osoan hedatuta dauden 53etako zati dira.

Kontrol-sare bat izateko premia ezartzen du urtarrilaren 23ko 102/2011 Errege Dekretuak, airearen kalitatearen hobekuntza arautzen duenak, baina euskal sarea aurreko hamarkadetan sortu zen. Hor adierazten da kontrol-sareek kalitate-sistema bat izan behar dutela neurketen zehaztasuna eta trazabilitatea ziurtatzeko. Horregatik, duela urte batzuetatik hona Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatearen Kontrol Sarea Osasun Publikoko laborategiarekin ari da lan egiten kalitatea ziurtatzeko sistema bat prestatzen eta ezartzen UNE-EN 17025 arauan oinarrituta.

Laborategia erreferentziako laborategi izendatu zuen Ingurumen Ministerioak 2014an; beraz, haren funtzioen artean gehitu ditu kutsatzaileak zehazteko arauak (airearen kalitatea) aplikatzeko eta neurketen eta ebaluazio-metodoen analisien neurketen zehaztasuna bermatzeko lanak. Lan-ildo horretan lortu da joan den abenduan EAEko Airearen Kalitatearen Kontrol Sareko bi estazio egiaztatzea, aplikatzekoak diren UNE-EN arauen arabera, eta Espainiako lehen bi estazioak izan dira.

Euskadiko Airearen Kalitatearen Kontrol Sareak etengabe neurtzen ditu zenbait kutsatzaileren kontzentrazioak, hala nola sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, karbono monoxidoa, ozonoa eta 10 eta 2.5etik beherako diametroko partikula esekiak, amoniakoa, hidrogeno sulfuroa eta BTX (bentzenoa, toluenoa eta xilenoa). Gainera, parametro meteorologikoak neurtzen dira, hala nola haizearen abiadura eta jobidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa. Datu horiek erraz kontsulta daitezke Airearen Kalitate Indizearen (AKI) bidez, ingurumena.net atarian eta Open Data Euskadi atarian.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @iarriolal
    2017.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    Dos estaciones de la Red vasca de Calidad del Aire son las primeras de España acreditadas por la ENAC ➡️ https://t.co/MZgxvLGbiG