Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak erradikalizazio jihadistari aurrea hartzeko informazioa eskaintzen du meskitetan

2017.eko otsailak 26

Euskal Bilgune Islamiarrarekin batera egindako lan-plangintzaren parte da ekimena

Ertzaintza Euskadiko meskitetan hainbat informazio-saio hasi da eskaintzen erakunde islamiar erradikalek jendea erakartzeko erabiltzen dituzten politikei aurrea hartzeko eta aurre egiteko.Ekimena gazte islamiarrei bereziki zuzentzen zaie, eta Ertzaintzak Euskal Bilgune Islamiarra (EBI) elkartearekin batera egindako lan-plangintzaren barruan sartzen da. Izatez, organismo hori erkidego islamiarretik bertatik sortu da, islamiarrak Euskadin gizarteratzea errazteko.

Ertzaintzak eta EBI elkarteak abian jarritako ekimen horrek eskatuko du meskitetan Ertzaintzaren agenteak eta elkarte horretako kideak batera agertzea eta prestatu duten lan-programa aurkeztea. Ostiraletan, orazio-egun nagusian, egingo dituzte aurkezpenak eta batik bat gazteei zuzenduko zaizkie. Lan-programa hori erkidego islamiarraren integrazioaren eta eskubideen aldeko eta islamofobiaren kontrako programa da, eta aurrea hartu nahi dio zenbait erakunde islamiar estremistek sustatzen duten indarkeriazko borrokarako jendea erakartzeko politikari.

Informazioa osatzeko, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz idatzitako manipulazioaren kontrako liburuxka banatzen da. Liburuxka horretan aholku praktikoak biltzen dira egon daitezkeen erradikalizazio kasuak hautemateko eta prebenitzeko. Dokumentuak manipulazioaren kontra nola borrokatu azaltzen du, eta harremanetarako bide bat eskaintzen du, bertan informatu ahal izateko prebentziorako programari buruz eta programan parte hartzeari buruz.

Ertzaintzaren eta EBI elkartearen arteko baterako lana

2014an Ertzaintzak Euskadiko islamaren buruzagi talde batekin elkarlanean aritzeko ekimena jarri zuen abian. Islamaren buruzagi horiek elkarte bat eratu zuten: Euskal Bilgune Islamiarra (EBI). Elkarlan hori erkidego islamiarra Euskadin gizarteratzea bilatzen duten hainbat ekimenetan gauzatu da, islamofobiaren kausen kontra eta islamiarren eskubideen alde borrokatuz.

Azken hilabete hauetan, Ertzaintzaren eta EBI elkartearen arteko lankidetza manipulazioaren aurkako programa batean gauzatu da. Izan ere, zenbait islamiarrek, batez ere gazteek, Mendebaldearen kontrako gorrotoa bilatzen duten taldeen eskutik jasaten duten manipulazioari aurrea hartzera zuzentzen den programa zehaztu dute. Lan-programa horrek arreta jartzen du jokabide horien hautemate goiztiarrean, islamismo erradikalarekin lotzen diren delituen aurretik jardun ahal izateko.

Programa hainbat fasetan egituratuta dago, eta programa garatzeko hainbat erakunderekin eta organismorekin elkarlanean jardun da. Orain abian jarri den proiektuaren fasean, Ertzaintzaren agenteak Euskadiko meskitetara bertaratuko dira, eta bertan programa azalduko dute eta arazoari prebentzioaren ikuspegitik aurre egitea ahalbidetuko duen konfiantza sortuko dute.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2017.eko otsailak 28

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzak erradikalizazio jihadistari aurrea hartzeko informazioa eskaintzen du meskitetan... https://t.co/sADmAWSdqq

Komunikabideek behera kargatzeko