Berriak Hezkuntza
qrcode

EIO Txiki orkestrak inauterietan eskainiko ditu lehen kontzertuak, Donostian eta Gasteizen

2017-02-24
  • Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikia iaz sortu zen, musika eskola eta kontserbatorioetako ikaslerik gazteenek osatuta
  • Hezkuntza proiektu musikal honetan, ikasleek errepertorio sinfonikoa lantzeko aukera dute, orkestra batean parte hartuz
  • Orkestrako kide gazteek mozorrotuta joko dute kontzertuetan, munduko hainbat herrialdetako janzkerekin mozorrotuta

120 musikari gazte musika-tresnak afinatzen hasiak dira dagoeneko. Euskadiko Ikasleen Orkestrako kiderik txikienak dira, EIO Txikiko neska-mutilak. Euskadi guztiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek osatzen dute gure orkestrarik gazteena den hau, 10 urtetik 13ra bitarteko ikasleek. Dagoeneko hamarkada bat ere betea duen EIO Orkestraren ereduari jarraiki (16 urtetik 18ra bitartekoek osatzen dute EIO Orkestra) joan den 2016 urtean jaio zen EIO Txiki, eta aurtengo inauteri hauetan berriro ere oholtza gainean trebezia guztia erakusteko unea iritsi zaie, jendaurrean. Astelehen eta asteartez eskainiko dituzte kontzertuak Donostian eta Gasteizen.    

Hau izango dute, gainera, orkestra txiki honetako kideek kontzertua eurek bakarrik eskainiko duten lehen aldia, izan ere joan zen 2015-2016 ikasturtean, artean sortu berri zela, bere anaia nagusiagoarekin batera aritu baitziren, EIO Gaztearekin batera.

Kontzertuak:

            Astelehena, otsailak 27. 19:00etan, Musikene Auditorioa. Donostia

            Asteartea, otsailak 28.  19:00etan, Jesus Guridi Kontserbatorioa. Gasteiz

Zuzendaria: Raffaela Acella.

Programa: Hainbat herrialdetako herri-musika joko dute, baita zenbait obra klasikoren bertsioak ere:

  • Oskorriren piezak (Aitor Amezagaren konponketak)
  • Brahms-en lehen Sinfonia, 4. mugimendua (Vernon F. Leidig konponketak)
  • Chopstix Variations (Jerry Brubaker-en konponketak)
  • "El Tango"  (Delwin Elliot-en konponketak)
  • Sullivan "Fanfare and March” (Vernon Leidig-en konponketak)
  • "Safari Echoes" (Mary Alice Rich)

Kontzertuak inauterietan izango direnez, EIO Txikiko musikariak mozorrotuta azalduko dira kontzertuetan, eta halaxe joko dute, munduko hainbat herrialdetako janzkerekin mozorrotuta

EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da, etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duena, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskainiz. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, bai musika eskoletakoak, bai kontserbatorioetakoak, eta adin guztietakoak. Adinaren arabera, proiektuak hiru orkestra desberdin ditu:  

  • EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-2006 ikasturtean jaio zen.
  • EIO Gaztea: 13 – 15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua
  • EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osatua. 2015-2016 ikasturtean jaio da.

EIOk urtero-urtero antolatzen ditu musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleentzat sarbide-probak, hiru orkestrok osatuko dituzten musikariak hautatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)