Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak EBko enbaxadoreei hemendik kanpora “Euskadiren benetako irudia” eramateko eskatu die.

2009.eko azaroak 02

Arte Ederren Museoa bisitatu ondoren, lehendakaria eta enbaxadoreak Leioako Artaza Jauregira joan dira.

Lópezek adierazi du Euskadik konpromisoa duela Europarekin eta enbaxadoreei elkarlana eskatu die Euskadik Europan "zeresan handiagoa" izan dezan lortzeko, euskaldunen bizitza kalitatea hobetzeko.

 

Patxi López lehendakariak iragarri zuen bere gobernuaren kanpo politika hemendik at Euskadik duen irudia hobetzen saiatuko dela, "Euskadiren irizpide sozial, ekonomiko, turistiko eta kulturalei lehentasuna emanez, bestelako nortasun xede antzuen gainetik". Zeregin horren zati bat, Lópezen esanetan, enbaxadoreen egitekoa da. Hauei Euskadik Europan duen "presentzia eta hitza" areagotzeko laguntza eskatu zien. "Europaren eraikuntzan parte hartu nahi dugu, gure hitza garbi eta ozen entzun dadin nahi dugu eta hori posible izan dadin gainerako erakundeekin elkarlanean aritu nahi dugu", adierazi zuen.

Lehendakariak EBko Espainiako enbaxadoreekin izandako topaketa Bilboko Arte Ederren Museoan hasi zen eta eguerdian Leioako Artaza Jauregira joan ziren. Bertan, Lópezek europar diplomaziaren presentzia Eusko Jaurlaritza berriaren 6 hilabeteak ospatzeko modu onena zela adierazi zuen, izan ere, "euskaldunok europazale amorratuak gara eta Europan egon nahi dugu, garapenean eta ongizatean bere ekarpena egiten duen herrialdea izateko behar adinako indarrarekin", gehitu zuen.

Lópezek bere gobernua gobernu zentralarekin eta EBrekin akordioak bilatzen ari dela defendatu zuen, izan ere, "euskaldunoi laguntzeko modu onena" dira. "Biktimismoa elikatzeko helburu bakarrarekin liskar bila aritzeko obsesioa deuseztatu nahi dugu, eta erkidegoko erakundeekin ulermen loturak ezarri nahi ditugu, Euskadiren garapenean laguntzeko", gehitu zuen. Horregatik, lehendakariak behin eta berriz adierazi zien enbaxadoreei Europara "benetako Euskadiren irudia", "gizarte moderno, aurrerakoi, berritzaile, lehiakor, solidarioa eta indarkeria gaitzesten duen eta erabat europazalea denarena" eramateko nahia. Lehendakariak diplomatikoei adierazi zien Euskadiren "balio nagusia" pertsonak direla, eta gastronomiaz, kulturaz eta, batez ere, "gure biztanleen adeitasunaz gozatzeko gonbita" egin zien. "Eta gero, konta ezazue hor kanpoan. Guretzat publizitaterik onena izango da", gehitu zuen.

EBren presidentetza espainiarra

EBren espainiar presidentetza datorren seihilekoan hasiko da eta horretaz jardun zuen gehienbat lehendakariak. Adierazi zuen espero duela horrek Europar Batasunarekiko harremana "hobetzen" laguntzea. "Nahiko genuke Europar Batasunak gure garapenean parte-hartze handiagoa izatea", eskatu zuen. Garapen hori I+G+b alorraren, Abiadura Handiko Trenaren, euskal itsasontziek Indiako Ozeanoan duten segurtasunaren eta terrorismoaren aurkako borrokaren aldeko apustua dela zehaztu zuen Lópezek. Lehendakariak bere hitzaldian "Alakrana" euskal atunketariaren bahiketa aipatu zuen, duela 32 egun somaliar pirata batzuek preso hartu zutena, eta EBrekin elkarlanean jarduteko asmoa adierazi zuen, Indiako Ozeanoa "gure arrantzaleentzat leku segurua" izan dadin. "Izan ere, sektore estrategiko bat da, eta ezin da pirata batzuen erotasunaren mendean egon. Eta, horrenbestez, Europar Batasuneko herrialde guztien politika koordinatuagoa behar dugu, irmoagoa eta eraginkorragoa, europar biztanleen segurtasuna bermatzeko, izan ere, enpresa europarretako langileak dira, toki hartara arrantzan doazenak", adierazi zuen.

Abiadura Handiko Trenari buruz, Lópezek berriro adierazi zuen beharrezkoa dela euskal herri eta hiriak elkarrekin lotzea, baita Espainiako gainerakoekin eta Europakoekin ere; hor Eusko Jaurlaritzarentzat funtsezko egitekoa du Kantauri isurialdea Europarekin abiadura handiaren bitartez lotzeak. "Gure inguruko herrialdeekin harremana izateko eta herrialde gisa garatzeko gakoa da" gehitu zuen.

Azkenik, lehendakariak terrorismoaren aurkako borrokari dagokionez, europar elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, bereziki, Frantziarena. Borroka hori irabaztea "funtsezkoa" da Lópezen esanetan, izan ere, euskaldunon "erabateko askatasuna lortzeko egiteke dagoen zeregin handia" da.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria