Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak «zuhurtziaz» jokatzera eta indarkeria terroristaren amaierari buruzko «burutazioak» saihestera deitu ditu herritarrak

2010.eko urriak 29

Lopezek gezurtatu egin du ezker abertzalearekin bilerarik egin dutenik eta adierazi du «ez duela batere aldatuko» bere politika

Patxi Lopez lehendakariak mezu sendoa helarazi du ezker abertzalearen eta ETAren etorkizunari buruz azken egunotan hedabideetan agertu diren burutazioen ondorioz. Izan ere, gaur bertan argitaratu dute PSEko eta ezker abertzaleko kideek bilera bat egin dutela. Lopezek gezurtatu du inolako bilerarik egin dutenik eta «zuhurtzia» eskatu du. Gainera, «burutazioak» saihesteko eskatu du Eusko Jaurlaritzak ez duelako «batere» aldatuko «irmotasun demokratikoko» eta «zero tolerantziako» politika terrorismoaren aurrean.

Patxi Lopez lehendakariak berretsi egin du PSE-EEko eta Batasuneko kideen artean ez dela bilerarik egon. Horregatik, ez du halako «burutazioak» eztabaidatu izan nahi eta zuzentzen duen gobernuaren eta Espainiako gobernuaren «ekintzek irmotasun demokratikoa frogatzen dutela» defendatu du. «Badirudi nolabaiteko larritasuna sartu zaigula denoi, bakearen astean egongo bagina bezala, baina ez da hala», azaldu du. Lehendakariak adierazi du ez duela oztoporik jarriko PSE-PP itunaren Segimendu Batzordea biltzen bada «hemen azaltzen ari naizena azal dezan».

Eibarrera egindako bisitaldian, lehendakariak berretsi egin ditu ETA gaur egungo ahultasun egoerara eraman dituzten printzipio demokratikoak. «Ekintzek frogatzen dute gobernu honek politika argia duela, Espainiako gobernuak bezala, irmotasun demokratikoari eta zero tolerantziari eusteko edozer indarkeria adierazpenen, muturreko abertzaletasunaren munduaren eskakizun demokratikoen aurrean», azpimarratu du.

Ildo horretatik, Lopezek adierazi du ezker abertzalea egon dela «indarkeriarekin etengabeko adostasunean» eta hark «eman beharko dituela pausoak hauteskunde batzuetara aurkeztu ahal izateko, erakundeetan egoteko eta herrialde honetan politika egin ahal izateko haiek esaten duten bezala. Hori kontuan hartzen ez badugu, erratuta gaude. Eta ez gaude erratzeko prest», esan du.

Lehendakariak mezu argia helarazi nahi izan du, azken egunetan agertutako zurrumurruengatik. Adierazi du Euskadik «burbuila gutxiago behar duela gerta litezken gauzen burutazioen aurrean, oraindik ez baita ezer gertatu». Izan ere, beharrezkoa da «errealitateari» erreparatzea, adibidez, gaur goizean onartutako aurrekontu autonomikoen proiektuari. «Ez diet burutazio eta burbuila gehiagori biderik emango. Ekintzak hemen daude, eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako politika irmoa dela frogatzen dute, baita mundu horri demokrazia eskatzen zaiola eta ez dela onartzen indarkeriarekiko inolako adostasunik ere. Gertakariek frogatzen dituzte gauzak», amaitu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria