Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak “lankidetzatik eta partaidetzatik” eraikitako Euskadi baten aldeko apustua egin du

2017.eko otsailak 27

Urkullu lehendakariak hizlari gisa hartu du parte Euskalduna Jauregian egindako Espektatiba Ekonomikoen Foroan

Iñigo Urkullu lehendakariak hizlari gisa hartu du parte gaur El Correok eta Banco Santanderrek antolatu eta Euskalduna Jauregian egin den Espektatiba Ekonomikoen Foroan, eta Eusko Jaurlaritzak legealdi honen hasieran aurre egin behar dien erronkak jakinarazi ditu; horien artean, hazkunde iraunkorra bultzatu eta oreka soziala bermatuko duen giza garapen iraunkorra. Lehendakariak “lankidetzatik eta partaidetzatik” eraikitako Euskadi baten aldeko apustua egin du eta iraganak eskaintzen duen aukera nabarmendu du “Estatuaren nazio anitzeko errealitatea onartzeko, aldebikotasunari berriz heltzeko eta Euskadin adostutako etorkizun politiko berri bat ezartzeko, herritarrek sostengatua eta Estatuarekin itundua”. Halaber, nazioarteko ziurgabetasunen aurrean, hauxe azpimarratu du: “gure apustua Europa gehiago da”.

Lehendakaria Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza garrantzitsu batekin izan da, horien artean Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka, Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabal, Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazu, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola, Osasun sailburu Jon Darpon, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia. Oraindik gobernuko ehun egun bete ez diren honetan, Urkulluk gogoratu du “denbora errekorrean” onartu direla 2017ko Aurrekontu Proiektua, Euskadi 2020 Gobernu Programa 15 plan estrategikorekin eta bihar Eusko Legebiltzarrera igorriko den Legegintza Programa.

Lehendakariak onartu du “elkarrizketa eta akordioa” bihurtu beharko dituela gobernatzeko bere modua, eta jarrera hori hartzeko konpromisoa hartu du “herrialde-proiektu partekatu” bat eraikitzeko, non kalitateko enplegua sortzea “helburu nuklear” bihurtzen den. “Lankidetza-garaia da, hori da gure herrialde-eredua”, adierazi du lehendakariak, eta gogoratu du Euskadi erakundeen, alderdi politikoen eta gizartearen “lankidetzatik eta partaidetzatik” eraiki dela azken hamarkadetan, eta eredu horrekin jarraitu nahi duela. “Oso une berezia bizi dugu, eta etorkizuneko Euskadiren norabidea ezarri behar dugu”, esan du.

Ildo horretan, lehendakariaren ustez, Estatuan gertatzen ari den eztabaida politikoa eta lurralde-arlokoa ere aukera bat da, eta autogobernua eguneratzearen eta sakontzearen alde egiten du “lehen Eusko Jaurlaritzaren aldebiko harremana, kontzertazioa eta ituna berreskuratuta”. “Iraganak aukera ematen du Estatuaren nazio anitzeko errealitatea onartzeko, aldebikotasunari berriz heltzeko eta Euskadin adostutako etorkizun politiko berri bat ezartzeko, herritarrek sostengatua eta Estatuarekin itundua”, erantsi du.

NAZIOARTEKO ZIURGABETASUNA

Hitzaldian zehar, Urkulluk Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen politika berriek eta Brexitak areagotutako nazioarteko ziurgabetasunaz ere hitz egin du. Lehendakariaren ustez, “espiritu europarraren aldeko apustu berria” egiteko garaia da, eta “batasun, integrazio eta ekonomia” handiago baten alde egin du. “Gure apustua Europa gehiago da, Europa sozial bat, pertsonetan oinarritua”, adierazi du.

Era berean, Urkullu Europa osoan zerga-harmonizazioaren alde agertu da. “Oinarri horretan prestatuta gaude eta kaudimena daukagu jarduera ekonomikoan dinamikoagoa nahi dugun politika europar batekin bat egiteko”, erantsi du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IBatuz
    2017.eko otsailak 28

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari apuesta por una Euskadi construida desde la "colaboración y la participación”. https://t.co/1LlnPvHCIf

Ekitaldiko kargudunak