Berriak Hezkuntza
Eu

Hezkuntza Sailak 2.662,6 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2017an, iazko aurrekontuan baino %2,1 gehiago

2017.eko martxoak 01

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2017 urterako kontuak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Berak zuzentzen duen Sailaren kontuen alderdirik esanguratsuenak azaldu dizkie Uriartek legebiltzar-taldeei.

Aurrekontuen Lege-proiektuak 2.662,6 milioi euroko diru-kopurua jasotzen du Hezkuntza Sailerako. %2,1eko hazkundea esan nahi du kopuru horrek aurrekoarekin alderatuz gero, gasturako iaz baino 54,5 milioi gehiago.

Hezkuntza Saila lehentasunezko ardatza da Eusko Jaurlaritzaren jardueran, eta horren erakusle dira zenbakiak. 2017an, Hezkuntza Sailaren aurrekontua Eusko Jaularitzak gasturako izango duen diruaren %24 baino gehiago izango da.

Hezkuntza bitarteko estrategikoa da Euskadiko giza kapitala nahiz kapital soziala osatzeko. Ongizate estatuaren funtsezko osagai izanik, Gobernuak bultzatzen dituen gainerako gizarte politikekin batera, Hezkuntzaren ekarpenari esker Eusko Jaurlaritzak atondu duen aurrekontu proiektuaren 4 eurotik 3 (%76) gizarte politiketarako bideratzen dira.  

Hezkuntza Sailak aurkeztu duen gastu osoaren baitan, aipatzekoa da lehen kapituluak –pertsonal gastuetara bideratzen denak- aurrekontuaren %47,3 hartzen duela, 34,3 milioi euroko gehikuntzarekin.

Kalitatezko hezkuntza inklusiboa bermatzeko asmo sendoarekin, unibertsitatez besteko beka orokorretarako bideratzen den diru-kopurua ere nabarmentzekoa da. Eusko Jaurlaritzak 57 milioi euroko diru kopurua jaso du horretarako, nahiz eta kopuru hori hazi egin daitekeen –beharrezko balitz- , diru-laguntza jasotzeko eskubidea duten familia guztien eskaerak bete arte. Eskola inklusiboaren aldeko apustu irmoa eginez, aurreko ikasturtean 127.225 familiari eman zitzaien laguntza.

Era berean, Hezkuntza Sailak zerbitzu osagarriak ere bermatuko ditu –eskola garraio eta jantoki zerbitzuak-. Egun, 92.000 ikaslek erabiltzen dute egunerokoan jantoki zerbitzua, eta 23.600 neska-mutil garraiatzen dira egunero.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek Sailaren lehentasun izaten jarraitzen dute, hezkuntza sistema inklusibo eta ekitatiboa bermatzea xede hartuta. Helburu hori duten programa guztiei eusteaz gain, eta langileen egonkortasunaren alde Hezkuntza Sailak egiten duen apustuarekin erabat lerrokaturik, aurten langile-kolektibo horretako 122 plaza egiturazko lan-taldeetan kontsolidatuta geldituko dira. Horrek, etorkizunean plaza horiek Enplegu Publikorako Eskaintzan eskaini ahal izatea ahalbidetuko du.  

Hezkuntza-berrikuntzak eta irakasleen etengabeko prestakuntzak ere estrategiko izaten jarraituko dute. 45,8 milioi bideratuko dira horretara, aurreko urtean baino 650.000 euro gehiago. Aipatzekoak dira, Bikaintasunerantz programak izan duen bilakaera (+%9,5), eta eskoLan egitasmora bideratutakoak izan duen hazkundea, hirukoiztu egin baita kopurua. Lan munduarekiko esperientzia erakusten du azken egitasmo honek. Prestakuntzari dagokionez berriz, irakasleen etengabeko prestakuntzari ere bultzada emango zaio, 5 milioitik gorako diru-partidarekin.

Era berean, 514.000 euro bideratuko dira elkarrizketa laguntzaileak kontratatzeko, aurreko urteko kopuruaren bikoitza baino gehiago. Laguntzaile hauek, ikastetxeko proiektu eleanitzak bultzatzen dituzten eskoletara joango dira.

2014-2018 aldirako Azpiegitura Planak programaturiko garapenarekin jarraituko du. 2017 urtean zehar, proiektu garrantzitsu ugari bultzatuko dira, hala nola, Gasteizko Zabalgana Institutua, Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketa Institutua, Gueñesko Institutua edo Pagasarribidekoa, azken hau Bilbon. Proiektu hauei, hobekuntza eta egokitze lanak gehituko zaizkie, batez ere udan egin ohi direnak, baina baita araudira egokitzeko eta irisgarritasun lanak ere. Orotara, diru-partida honek 39,4 milioi euroko kopurua du. Kupuru horri, azpiegiturei loturiko beste partida bat gehitu behar zaio: 6 milioi euro, Udalaguntza programaren bidez Udal titulartasuna duten Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinetan lanak burutzeko.

Gainera, berritasun gisa, 2.400.000 euroko partida aurreikusi du Hezkuntza Sailak programa berri baterako: udal titulartasuna duten ikastetxeetako patioetan aterpeak egiteko. 2017 eta 2018 urteetan zehar garatuko da programa hau.

Teknologiari eta informatikari lotuen dagoen arloan berriz, Hezkuntza Sailak %57,3 handitu ditu (4 milioi euro gehiago) informatika-ekipamendu berriak eskuratzeko, 1.200 arbel digital erosteko eta sare-teknologia hobetzeko egin beharreko inbertsioak.

Araubide Bereziko Irakaskuntzen inguruko programak ere aipamen berezia merezi du, bultzada ematen jarraitzen baitzaie irakaskuntza hauei, Gasteizko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolaren bidez, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-mailako Eskolaren bidez, eta Musikene Goi-mailako Musika Ikastegiaren bidez. Programa honek %3,6ko hazkundea izan du, batez ere, udal titularitateko musika ikastegien deialdian 500.000 euroko gehikuntza izan delako. Gehikuntza hau, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak zehazten duen bidetik gertatu da, gisa honetako zentroen finantziazioa pixkanaka handitzea aurreikusten baitu lege horrek.

 

Lanbide Heziketaren esparruari helduta, azpimarratzekoa da Lanbide Heziketaren IV Planaren exekuzioan izan den 600.000 euroko hazkundea, 21,5 milioi eurora iritsita.

Ikastetxeetan dagoenez, nagusiki, Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintza, aurrekontu honetan %4 hazi dira horien funtzionamendu gastuetara bideratutako baliabideak. Ia 500.000 euroko hazkunde hau, ikastetxeen eguneroko kudeaketara zuzenduko da, kasu askotan, formazio mota honek funtzionamendu-kostu handiak dituen makinaria eta teknologia behar izaten baititu.

Ekintzaile-kultura sustatzeari eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan enpresak sortzeari dagokionez, Lanbide Heziketa sustatzea eta laguntzea helburu duten partidak handitu egin dira (%16,7), eta baita berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetzako partidak ere (%12).

Urrutiko Lanbide Heziketan, %9,23ko hazkundea aurkezten dugu, eta baita Eskaintza Partzialean ere: Lanbide Heziketako tituluen eskaintza malgu honek %12,1eko hazkunde esanguratsua izan du, 700.000 euro baino gehiagoko kopurura iritsita.

Euskadiko Lanbide Heziketaren Nazioartekotzeak ere garrantzia handia hartu du. Proiektu europarrak indartu ditugu, %18,08ko hazkundea proposatuz, eta ia 400.000 euroko kopurura iritsita.

Unibertsitate eta Ikerketa arloan, Unibertsitate Plana finkatu da, eta ikerketa politikari bultzada handia eman zaio.

Unibertsitate irakaskuntzetara bideratutako kopurua %1,1 hazi da. Horrekin batera, Hezkuntza Sailak ikerketaren alde egiten duen apustua argi islatzen da alor horretarako aurrekontuan, %25,2 hazi baita ikerketarako diru-partida.

Unibertsitate Planari dagokionez, Hezkuntza Sailak UPV/EHUren Kontratu Programan aurreikusitako helburuak betetzen ditu, pertsonalaren ordainketa-igoerekin bat datorren ohiko ekarpena egitearekin batera. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten gainerako unibertsitateei dagokienez, Unibertsitate Planean jasotakoa betetzen da.   

Unibertsitateko beka orokorrek (beka orokorrak, desgaituen garraioa, bikaintasun bekak) 26,1 milioiko kopurua dute. Horri Ikasiker beken programara bideratutako kopurua gehitu behar zaio (unibertsitate graduko ikasleen artean ikerketa bokazioa sustatzeko bekak). Ekimen hau, funtzionatzen hasi eta bigarren urte honetan finkatu egin da. Deialdi honen aurrekontua %14,6 hazi da, 275.000 eurora iritsita. Eusko Jaurlaritzak familia ugarien matrikulatarako diru-laguntzak ere aurreikusten ditu. Era berean, doktorego aurreko programaren bidez 100 gazteren kontratazioa aurreikusten da, eta 25 gazterena doktorego ondorengo programaren bidez.

Kopuru hori ikerketarako programa globalari gehitzen zaio. Gorago esan bezala,  programa honek %25,2ko hazkunde nabarmena izan du. 10 milioi euroko hazkunde horrekin, Hezkuntza Sailak ikerketa zientifikoaren bikaintasuna sustatu nahi du, BERC zentroen programaren bidez. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ikerketarako talentua erakarri, eutsi eta Euskadira berraberriratzea bultzatzen jarraituko du Ikerbasque Fundazioaren bidez, eta fundazio honen 12,5 milioiko aurrekontuaren bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak