Eu

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko aurrekontuak % 7,2ko gorakada izan du. 191,8 milioi eurokoa izango da aurten

2017.eko martxoak 01
  • Etxebizitza politikek 324 milioi izango dituzte beren esku, Sailak arlo horri eskaintzen dion aurrekontua (121,6) eta Alokabide (83,2) eta Visesa (119,2) elkarte publikoenak batuz gero

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 191,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2017rako. Horrek, % 7,2ko hazkundea suposatzen du 2016n eskuragarri egon zen gastuarekiko.

Kopururik handiena, zenbaki absolututan, Etxebizitza arloari dagokio: 121,6 milioi euro. Kopuru hori 340 milioira igotzen da Alokabide eta Visesa elkarte publikoetako aurrekontua gehitzen badiogu.

Ingurumen arloak, bere aldetik, 60,8 milioi kudeatuko ditu; Lurralde Plangintzak, azkenik, 3,7 milioi kudeatuko ditu.

 

INGURUMENA

Ingurumen arloko aurrekontua ekitaldi honetarako ezarritako 6 helburu estrategikoetan oinarrituko da.

  1. Natura Ondarearen Babesa (natura ondarea, Urdaibaiko erreserba, Txingudiko badiaren berreskuratzea, ingurumen berreskuratzeak, KBE. Natura 2000 Sarea, ikerketa proiektuak, lurraldearen zaintza, geodibertsitatea), 3,5 milioi euroko aurrekontuarekin.
  2. Karbono-isuri baxuko eta bitartekoei dagokienean eraginkorra den ekonomia.Programa honek 1,1 milioi euroko aurrekontua izango du eta hiru esku-hartze nagusi hartuko ditu barnean: azpiegitura berdeen garapena; hondakinak kudeatzeko ekonomia biribilaren barruko jarduketak; eta enpresei emandako diru-laguntzak.
  3. Ingurumen osasuntsua.Ingurumen kalitatea; 36,6 milioi euroko aurrekontua izango du. Ondokoak hartuko ditu barruan: Uraren Euskal Agentzia, airearen kalitatea kontrolatzeko sarea, kutsatutako zoruen edo industria-hondamenen ondorioz narriatutako eremuen berreskuratzea edo Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioa gauzatzeko jardueren babesa.
  4.  Lurraldearen jasangarritasuna, 2,07 milioi euroko aurrekontua.
  5. Ingurumen integrazioa.Ingurumen heziketa; 1,9 milioi euroko aurrekontua.
  6. Ingurumen integrazioa.Ingurumen administrazioaren hobekuntza; 1,3 milioi euro.

 

 

URA-Uraren Euskal Agentziak, bere aldetik, 40,7 milioi euroko aurrekontua izango du. Horien arteko 34,9 milioi Sailak egingo duen ekarpenetik datozen diru-sarrerak izango dira. 4 milioi euroko berezko diru-sarrerak izango ditu halaber, bai eta beste laguntza batzuetatik datozen beste 1,7 milioi euro ere.

Ondokoak dira 2017n gauzatuko dituen jarduketa nagusiak; ibaiak antolatzeko eta bideratzeko eta uholdeen aurkako lanak, ibilguak mantentzeko eta berreskuratzeko proiektuak, uholdeak prebenitzeko sistema hobetzea eta ur zikinak jasotzeari eta saneamenduari dagozkion jarduketak.

 

LURRALDE PLANGINTZA

Lurralde Plangintza eta Hirigintza programak 3,7 milioi euroko aurrekontua izango du. Bere jarduketak bi ardatzetan oinarritzen dira:

 

1. Lurralde plangintza, hirigintza eta hiri-berroneratzea; 1,2 milioiko zuzkidura dauka, ondoko xedeak betetze aldera: lurralde-orekaren eta garapen jasangarriaren alde apustu egitea, paisaia balioan jartzea eta hirigintza eta hiri-berroneratzea.

2. Lurralde informazio geografikoa; 992.000 euroko aurrekontua du, guztira.

 

ETXEBIZITZA

 

Etxebizitzaren arloari dagokionean, Sailaren aurrekontua 121,7 milioi eurokoa izango da, hau da, 2016n baino % 11,7 gehiago. Etxebizitzaren arloan aplikatuko diren gastu zuzeneko politiken egiazko aurrekontu-gaitasuna zehazteko, baina, Visesa eta Alokabide elkarte publikoetako aurrekontuak aztertu behar ditugu ere. Honela, Visesak 119,2 milioi euroko gastu-aurrekontua izango du 2017n (2016n baino % 8 gutxiago); Alokabidek, bere aldetik, 83,2 milioi euro izango ditu bere eskura (2016n baino % 45 gehiago).

Guztira, etxebizitzaren arlorako gastu-aurrekontua (Saila eta atxikita dituen elkarte publikoak batuz) 324,1 milioi eurokoa da; hau da, % 9,5ean handitu den gaitasuna, 2016arekiko, gastu zuzena gauzatzeko.

Kopuru horren % 56a alokairu-politikei lotuta dago; % 33a, bestalde, birgaitze-politikei loturiko gastua izango da. Horrenbestez, hiri-berroneratzeari buruzko atala albo batera utziz gero, etxebizitza-programako gastu zuzenaren % 84a alokairu-politiketara bideratuko da, 2015eko Etxebizitza Legeak dioenarekin bat.

 

Eskubide subjektiboa aintzat hartuz

2017n, talde berriak sartuko dira etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboan: 12.000 eurorainoko urteko diru-sarrerak dituzten 2 laguneko bizikidetzako unitateak. Aipatuak, etxebizitza eskuratzeko eskubide hori 2016tik aitortua duten 15.000 eurorainoko diru-sarrerak dituzten 2 lagun edo gehiagoko bizikidetzako unitateei gehituko zaizkie.

Horrek esan nahi du etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko lege-eskubidearen irismena bikoiztu egingo dela 2016arekiko, edo are gehiago oraindik. Eskubidea bermatzeko alokairuko etxebizitzak erabiliko dira eta horrelakorik ez dagoenean eskura, Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa (EPE) ordainduko da.

2017n, alokairuko etxebizitzak erabiliko dira eskubide subjektiboa bermatzeko, Alokabidek kudeatzen duen parke publikoa txandakatuz, Bizigune programako erakartze berrien bidez eta, azkenik, Etxebizitza Prestazio Ekonomikoak (EPE) ordainduz.

Hutsik dauden etxebizitzak Bizigune programara erakartzeko, programan sartzen diren jabeei ordainduko zaien gehienezko errenta igoko da, hileko 525 euroraino, aurtengo urtarrilaren 1etik. Eta, horretarako, programara bideratutako bitarteko publikoak handitu egin dira: 24 milioi euro izango dira guztira, % 23ko gorakada 2016 ekitaldiarekiko.

Azkenik, 2017 Etxebizitza Programak ondoko araua hartu du barnean, lehen aldiz: erakunde publikoek eraikitzen dituzten babes ofizialeko etxebizitza berrien % 80ak alokairurako izan beharko du, termino agregatuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak