Eu

Artolazabal: “helburua 2020. urterako langabezia-tasa % 10etik behera jaistea da, kalitatezko enplegu gehiagorekin”

2017.eko martxoak 01
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontuaren aurkezpena
  • Aurrekontua 992.849.480 eurokoa da, % 4,8 hazi da eta langabezia-tasa % 10etik behera jaisteko eta pobrezia-tasa % 20an murrizteko helburua dauka.
  • Lan-mundura igarotzeko hezkuntza-trantsizioko programara, Gazteak Itzultzeko programara eta Ekintzailetza Sustatzeko programara zuzendutako 5 milioi euroko partida berriak

 

VG 01 03 17

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek bere Sailaren aurrekontu-proiektua aurkeztu du Legebiltzarreko batzordean. 992.849.480 euroko aurrekontua dauka, % 4,8 hazi da, eta helburu hauek ditu: langabezia-tasa % 10en azpitik jaistea eta pobrezia % 20an murriztea; legealdi honetan 20.000 gazte baino gehiagorentzako enplegu gehiago eta hobea sustatzea; gizarte-talde txiroenei babesa ematea eta familiari babesa emateko jarduketa berriak garatzea.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiarekin eta Marcos Murorekin, Lanbideko zuzendari Borja Belandiarekin, eta Saileko Zerbitzuetako zuzendari  Iñaki Arrizabalagarekin batera, Eusko Legebiltzarrean Artolazabalek hauxe esan du: “aurrekontu honen bitartez, batez ere, berrindartze ekonomikoaren barruan enplegua handitu, integrazioa eta gizarteratzea, berdintasuna eta kalitatezko gizarte-zerbitzuak eskaintzea lortu nahi da”.

“Enpleguaren arloan, ezarritako helburuak bat datoz langabezia-tasak murrizteko euskal gizartearen gehiengoaren nahiarekin. Eginkizun horretan beste erakunde batzuen, enpresa-munduaren eta gizarte-erakundeen laguntza behar da, enplegu gehiago eta hobea lortzeko eta gizarte-politika zuhurrak garatzeko, eta era horretan, euskal herritar guztientzako bizi baldintza duinak bermatzeko”, azpimarratu du Artolazabal sailburuak.

Gizarte Kohesioari dagokionean, Artolazabalen iritziz, “euskal gizartea gero eta zaharragoa dela, mendetasun-tasek gora egiten dutela eta biztanle-kopuruaren beherako joera —Euskadiren iraunkortasun soziala eta ekonomikoa arriskuan jar dezake— ikusita, esparru demografikoko eta familia-esparruko politiketan inbertsioak” azpimarratu behar dira.  

Helburuak

Aurrekontuak helburu hauek ditu: enplegu egonkorra eta kalitatezkoa edukitzeko eskubidea erabat garatzen laguntzea; langileen enplegagarritasuna bermatzea, enpresen eskaeretara egokitutako emakume eta gizon profesionalak sustatuz; gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatzea; aurrekontu mailan egonkorra eta gardena izango den zehaztasun ekonomikoa sustatzea; pertsona behartsuei eta krisia bortitzen jasaten ari direnei laguntzea; langabeen artean oreka-planak lehenestea eta gizarte osoarentzako aukera gehiago bermatuko dituzten neurriak abiaraztea”.

2016ko aurrekontu-ekitaldia, pertsonal-gastuei eskainitako kapitulua kontuan hartu gabe, 947.385.947 eurokoa zen; aurten, berriz, 992.849.480 eurokoa da.   Hortaz, 45.463.533 euroko diferentzia positiboa dago, hau da, % 4,8ko gehikuntza eman da.     

Sailaren barruko partiden aldaketa ez da lineala, oinarrizkotzat jotzen diren zerbitzu eta prestazio sozialak babestu baitira. Artolazabalen iritziz, aurrekontu horrek aukera hauek emango ditu: “enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sustatzeko, eta langabezia % 10en azpitik ipintzeko neurriak garatzeko; 20.000 gazte baino gehiagori lehen enplegu-aukera eskaintzeko; gizarte-talde ahulenei arreta eskaintzeko; Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DSBE) eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriari (EGPO) lotuta aurreikusitako hornidurei erantzuteko; Gizarte Larrialdietarako Laguntzei eusteko eta Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legean finkatutakoa babestu behar duen arloan laguntza horiek handitzeko, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioen eta zerbitzuen zorroari buruzko Dekretuan ezarritakoari eta Finantzen Euskal Kontseiluaren Akordioari babesa emateko —Finantzen Euskal Kontseilu horretan gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren unibertsalizazioa bermatzeko funts bat sortzea ahalbidetzen da—“.

Enplegua

Enplegu-politikaren arloan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, helburu honetarako aurreko ekitaldiko gastuen egoera-orrian esleitutakoa baino funts gehiago izango dute enplegurako politika aktiboek, 826.073.000 eurotik 854.068.661 eurora pasatuz.

“Helburu nagusia da enplegu egonkorrean eta kalitatezkoan ahalik eta pertsona gehien lanean edukitzea, tokiko hazkuntza ekonomikoa babestuz, enpresa-izaera sustatuz eta enpresen lehiakortasuna hobetuz”, esan du Artolazabalek.

Ekintzailetzak programa osatzeko, pertsona ekintzaileei babesa emateko deialdiak eta enpresak sortzeko ekintza berritzaileak burutzen ditu. Gainera, unibertsitateekin, hirugarren sektoreko erakundeekin eta erakunde pribatuekin batera lanean dihardu, langile gazteak eta ahulak lan-merkatura bideratzeko funtsezko erronkan.

Ekimen horiek Enpleguko Plan Estrategiko berri baten barne sartuta daude. Plan horretan, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen ekimenen bitartez, enplegua mantentzeko eta sortzeko eta enplegagarritasuna handitzeko neurriak barne hartuko dira.

Halaber, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiaren jarraipena egingo da, identifikatutako enplegu gaietako erronka hauei erantzuteko: Aktibazioa, Prestakuntza eta Konpetentziak, Aukerak sortzea, Aukera-berdintasuna, Kalitatezko enplegua eta Euskal Enplegu Sistema.

Beatriz Artolazabalen arabera, Enplegu arloan “azpimarratzekoak dira gazteen enpleguarekiko konpromisoa —lan-munduratzeko hezkuntza-trantsizioko programa batera zuzendutako 5 milioi euroko balioa duten partida berriak esleitu dira—; Gazteak Itzultzeko programa bat eta Ekintzailetza Sustatzeko programa bat”.

Gizarteratzea

Gizarteratzeari buruzko atalean hauexek dira jarduketa azpimarragarrienak: diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean aurreikusi diren diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzatako gastuetarako prestazio osagarria ordaintzeko asmoz, prestazio ekonomikoei erantzuteko beharrezko aurrekontu-hornidurarekin lotutako jarduketak.

2016ko ekitaldirako 461.000.000 euroko zenbatekoa aurreikusi zen. 2017. ekitaldian, bi kontzeptu horiek erantzuteko 491.300.000 euroko idazpena aurreikusi da, 30,3 milioi euroko gehikuntzarekin.  Halaber, Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean jaso diren Gizarte Larrialdietarako Laguntzen kudeaketarekin bat datorren jarduketa biltzen da programa honetan.  Aurreko ekitaldiarekin lotuta, partida honetan ez dago aldaketarik. Laguntza horietarako, guztira, 23.000.000,00.euro kudeatuko dira.

Gizarteratze-arloan kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk energia-pobreziari lotutako egoerei buruzkoak izango dira. Horretarako, 400.000,00 euroko partida esleitu da.

Gizarte-politikak

Prestazioen eta Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua onartu zen. Gizarte Zerbitzuetako 12/2008 Legearen arabera, dekretu horrek prestazioak eta zerbitzuak definitzen ditu. Horretarako, euskal erakundeen ustez beharrezkoa da erakundearteko funtsa eratzea, helburu hori gauzatzen laguntzeko. 2017tik aurrera, aurreikusitako prestazioen eta zerbitzuen unibertsalizazioa indarrean sartu ondoren, Funts hori 20 milioi euroz hornituta dago eta foru-erakundeek eta udal-erakundeek burutu beharreko proiektuak finantzatuko ditu.

Funts horretarako finantza-ekarpenak Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei dagozkie, bakoitzaren koefiziente bertikalaren eta horizontalaren araberako proportzioan: Eusko Jaurlaritzak: 14.008.000 euro, eta Foru Aldundiek: 5.992.000 euro.

Gizarte-zerbitzuen arloko ekintza zuzeneko zerbitzuei dagokienean, Eusko Jaurlaritza honako zerbitzuez arduratuko da: Telelaguntzako zerbitzuaz, Euskadiko hiru hiriburuetan kokatutako familiako hiru bitartekaritza-zerbitzuez, eta informazio eta orientazioko zerbitzuez (babesik gabeko haur eta nerabeentzako informazio sozialeko zerbitzua, eta sexu-arrazoiengatik edo etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta- eta informazio-zerbitzua).

Artolazabalek azpimarratu du Telelaguntzara, adineko pertsonen zerbitzura edo desgaitasuna edukita euren etxean bizi diren pertsonen zerbitzura zuzendutako aurrekontuan % 0,7ko gehikuntza erregistratu dela. Pertsona horiei etengabeko arreta eskaintzen zaie, profesional adituek artatutako berehalako arreta-zentro bati etengabe konektatuta dagoen eskumuturrekoan edo medailoi batean ipinitako gailu sinple baten bidez. 2017. ekitaldian 45.000 laguni arreta eskaintzea aurreikusi da.

Familia

Familia Politikari eta Dibertsitateari dagokienean ez dago aldaketarik, seme-alabak dituzten familiei babesa emateko laguntza ekonomikoak eta bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa uztartzeko laguntzak finantzatzeko ezarritako partidek iragan ekitaldian zituzten ordainketa kredituei dagokienean. Gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila haurrengan eta familiengan inbertitzeko politikaren inguruan gogoeta-prozesuan dago.

Dibertsitateari lotutako politiketan Immigrazioari eta LGTBIari lotutako gaietan burututako jarduketak azpimarratu behar dira. Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Biltzen Euskal Zerbitzuak euskal gizartean dauden kultur komunitate diferenteen arteko, eta hauen eta Administrazioaren arteko elkarrizketa dinamizatuko du.  Berdinduk genero- eta sexu-aniztasunarekin lotutako gaietarako Eusko Jaurlaritzaren informazio- eta arreta-zerbitzua izaten jarraitzen du.

2017ko ekitaldian, Sailak programa hauek ditu: Gizarte Politikak eta enpleguaren egitura eta euskarria; Immigrazioa; Gizarte Zerbitzuak; Familia eta Gizarte Garapeneko Politika; Enplegua; Gazteria eta Prestakuntza.

Kapituluen araberako aldaketak hauek dira: II. Kapitulua – Funtzionamendu-gastuak 15.648.999 euro edukitzetik 16.205.500 euro edukitzera pasako da 2017. ekitaldian. Beraz, 556.501 eurotan (% 3,6) handituko da. IV. Kapitulua – Gastu arruntetarako diru-laguntzak eta transferentziak 930.989.928 euro edukitzetik 975.810.160 euro edukitzera pasako da 2017. ekitaldian. Beraz,  44.820.232 eurotan (% 4,8) handituko da.

VI. Kapitulua – Inbertsio errealak 367.820 euro edukitzetik 451.000 euro edukitzera pasako da 2017. ekitaldian. Beraz, 83.180 eurotan (% 22,6) handituko da. VII. Kapitulua – Kapital-eragiketetarako diru-laguntzak eta transferentziak 304.000 euro edukitzetik 307.620 euro edukitzera pasako da 2017. ekitaldian. Beraz, 3.620 eurotan (% 1,2) handituko da. VIII. Kapitulua – Finantza-aktiboen gehikuntza ez da aldatu aurreko ekitaldiarekin alderatuta. 75.200 euroko aurrekontua dauka.

Kutsu sozial handiko aurrekontu baten aurrean gaude, arreta berezia eskainiz gizarteko sektore ahulenei, eta gizarte-zerbitzuei eta enpleguari lotutako gai guztiak betetzearekin lotutako gaietan ahalegin osoa egingo dugu, ekitaldi honetarako Enpleguko eta Gizarte Politikako Sailak finkatutako helburuak lortzeko asmoz”, laburtu du Artolazabal sailburuak.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: Artolazabal: “helburua 2020. urterako langabezia-tasa % 10etik behera jaistea da, kalitatezko enplegu geh… https://t.co/0NlxVgFh9L

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: Artolazabal: “el objetivo es reducir la tasa de paro por debajo del 10% para 2020, con más empleo de cali… https://t.co/ilCwifS8Fg

  • @ConsejeroD7
    2017.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: Artolazabal: “helburua 2020. urterako langabezia-tasa % 10etik behera jaistea da, kalitatezko enplegu geh… https://t.co/VzBOtU8027

  • @ConsejeroD7
    2017.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: Artolazabal: “el objetivo es reducir la tasa de paro por debajo del 10% para 2020, con más empleo de cali… https://t.co/0q3m3JHoCA

Ekitaldiko kargudunak