Eu

Lan eta Justiziako Sailburua, María Jesús San Josék, Erregistro Zibil "publikoa, doakoa eta herritarren zerbitzura dagoena" edukitzen jarraitzearen alde agertu da Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialean

2017.eko otsailak 23

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék, atzo arratsaldean, Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialaren osoko bilkuran hartu zuen parte. Bilkura Justizia Ministerioaren egoitzaren Liburutegian egin zen, Madrilen.
Bilkura horretan Erregistro Zibila, organo judizialen sorrera, Lan Eskaintza Publikoa edo Prozesuen Kudeaketa Sistema Komuna, doako laguntza juridikoari eta Ofiziozko Txandari BEZa aplikatzea, edo epaitegiak zoru-klausuletan espezializatzeko proposamena bezalako gaiak aztertu ziren.
Rafael Catalá ministroa buru izan zuen Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektoriala Estatuko Administrazioaren eta Autonomia Erkidegoetako Administrazioen —Justizia Administrazioak funtzionatzeko behar dituen baliabide material, ekonomiko eta pertsonalen hornikuntzaren arloan euren gain hartutako eskuduntzak dituzte— arteko lankidetza-organoa da. Konferentziak gai horietan jarduketa koordinatua garatzea du helburu.
Bilkuraren aurrean San José sailburuak Erregistro Zibilaren gaian Euskal Autonomia Erkidegoaren jarrera defendatu zuen. Izan ere, iragan ostiralean Eusko Legebiltzarrean azaldu zuen moduan, Erregistro Zibilak “publikoa, doakoa, hurbila, eskuragarria, elektronikoa eta herritarren zerbitzura dagoena” izan beha du. Justizia ministro Rafael Catalák Erregistroa judiziala ez izateko konpromisoa berretsi zuen, horren ardura, epaileen esku egon beharrean Justizia Administrazioko letratuen esku utziz.
Organo judizialen sorreraren inguruan, Eusko Jaurlaritzak Ministerioari jada helarazi zizkion eskaerak errepikatu zituen, eta noizko eratuko ziren galdetu zuen, Euskadin dauden beharrei erantzun ahal izateko. Falta diren beharrezko unitate judizialak sortzeko asmoa erakutsi zuen ministroak.
Lan Eskaintza Publikoaren gaia ere aztertu zen. María Jesús San José sailburuak 2016ko (106 plaza) eta 2017ko (oraindik zehaztu gabe dauden plazak) eskaintzak metatzea, eta lehiaketa/oposaketa ereduaren bitartez —izangaien antzinatasuna baloratuz— egin ahal izatea eskatu zuen. Hala, PSE-EEren eta EAJren arteko gobernu-akordioan jasotakoa beteko litzateke. Izan ere, horren arabera, bi alderdiek enplegu publikoa mantentzeko eta sendotzeko, eta bitartekotasuna murrizteko konpromisoa hartu zuten.
San José sailburuak eta Konferentzian izan ziren autonomia-erkidegoetako gainerako ordezkariek doako laguntza juridikoari eta Ofiziozko Txandari BEZa aplikatzearen aurkako jarrera argia adierazi zuten. Azkenik, epaitegiak zoru-klausuletan espezializatzeko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin negoziatzen ari den proposamena azaldu zuen Rafael Catalák.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak