Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Madrilgo ARCO Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokan izan da

2017.eko otsailak 23

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Joxean Muñoz Kulturako sailburuordea Madrilgo ARCO azokan izan dira gaur, euskal sortzaileek eta galeristek hitzordu honetan aurkezten dituzten lanak ezagutzeko eta babesteko helburuarekin. Ekimen hau arte garaikidearen alorrean dagoen nazioarte mailako erreferentzia nagusietako bat da, eta euskal artisten ordezkaritza izaten da urtero. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Miren Arzalluzek ere azoka bisitatu du.

Aurten euskal galeria bakarra izango da ARCOn, Carreras Múgica, eta galeria bilbotar honen proposamena ezagutu dute bertatik bertara Bingen Zupiria sailburuak eta Joxean Muñoz sailburuordeak. Proiektu honetaz harago, zenbait euskal sortzailek eta argitaletxek beren lanak eraman dituzte Nazioarteko Arte Garaikidearen Azoka honetara; horiek ere ezagutzeko aukera izan dute Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko ordezkariek.

Horrez gain, Bingen Zupiriak eta Joxean Muñozek bidaia aprobetxatu nahi izan dute zenbait euskal sortzailek Madrilgo beste puntu batzuetan dituzten erakusketak ezagutzeko. Goizean, Txomin Badiola artista bilbotarrak Velázquez Jauregian duen erakusketa ezagutu ahal izan dute. Madrilen bi erakusketa dituen Maider Lopez donostiarrarekin ere izan dira.

Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu nahi izan du euskal artistak babesteko bere Sailaren konpromisoa: “Topagune garrantzitsua da ARCO, punta-puntako sortzaileak izaten dira eta arte garaikidearen harreman sare nagusiak ere izaten dira. Oso proiektu interesgarriak ikus daitezke. Euskadiko galeria bat dago aurten eta euskal sortzaileak ere badaude; guretzat oso garrantzitsua da haiekin izatea eta gure babesa helaraztea”.

Otsailaren 26ra arte mundu osoko artistak bilduko dira ARCOmadrid azokaren 36. edizioan, eta 27 herrialde ezberdinetako 200 galeria izango dira. Arte garaikidearen inguruko hainbat foro eta topaketa antolatzen dira urtero azoka honen egitarauaren barnean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak