Eu

Artzain Eskolan guztira 259 ikasle igaro dira lehen promoziotik azken XX. ikasturtearen amaierara bitartean

2017.eko otsailak 23

• Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek Artzain Eskolaren 20 urteko ibilbidearen bilakaera nabarmendu du, eta ikastetxeaz esan du “Euskadiko ardiaren sektorearen etorkizunerako giltzarria” dela.

• Ikasturtea ixteko ekitaldian Artzain Eskolak Aralarreko artzainak eta Eduardo Urarte (Slowfood) omendu ditu, euskal artzainen alde egindako lan txalogarriagatik.

Gaur goizean eginda Artzain eskolako XX. ikasturtea ixteko ekitaldia, eta, horrenbestez, Arantzazu eskolak beste ikasturte bat amaitu du. Agintariak eta ordezkari instituzionalak beste behin elkartu dira Gomiztegi baserrian, ikasleei artzain moduan jaso duten prestakuntza egiaztatzeko diplomak eta makilak eman eta agur esateko.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz arduratu da klausura ekitaldia presiditzeaz, eta aipamen berezia egin dio Artzain Eskolak bere 20 urteko bidean egin duen “lan garrantzitsuari”, Euskadin artzaintza mantentzeari dagokionez.

Ardiaren sektorearen etorkizunak milaka urteko jarduera hau prestigiatzea eta gure gazteak erakartzea behar du. Etorkizuna izango duen sektore bat funtsezkoa da belaunaldien arteko erreleboa posiblea izateko, eta artzaintza, lan bokazionala izateaz gain, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituen jarduera ekonomiko moduan aitortzeko, eta lehen sektorearen eta Euskadiko landa inguruneak biziberritzeko oinarrizko pieza moduan”.

Oroz sailburuordea ikasturtea amaitu duten ikasleei ere zuzendu zaie, egindako lanagatik zoriontzeko eta etorkizuna ona opatzeko beraien etapa berrian.

Kontsumitzaileak kalitateko produktuak eskatzen ditu, osasungarriak eta iraunkorrak ingurumenari dagokionez. Zuek, elikaduraren balio katearen parte zareten heinean, gai zarete ezaugarri horiek guztiak bateratzen dituen produktu bat eskaintzeko, gazta. Lehen sektore estrategiko eta lehiakorraren etorkizunean laguntzeko aukera duzue” – gehitu du Orozek.

Eskolako koordinatzaile Batis Otaegik adierazi duenez, “beharrezkoa da prestatzen jarraitzea, gizarteak eta kontsumitzaileek aurkezten dituzten eskakizun berriei erantzuteaz gain, euskal mendien garapen iraunkorreko eta gure lurraldeko bailaren kudeaketako beharrei ere erantzuteko”.

Ikasleen profila

Azken ikasturte hau gainditu duten 14 ikasleetatik 11 gizonezkoak dira eta 3 emakumezkoak, eta, aurreko edizioetan bezala, adin tartea gehienbat 21-30 urteko tartean dago. Jatorriari dagokionez, berriz, 10 Euskadin bizi dira, eta gainerako laurak Nafarroatik etorri dira.

Artzain Eskolaren 20 urteko ibilbideko zifra globalei dagokienez, guztira 259 pertsonak egin dituzte eskolak eskaintzen dituen ikastaroak, 202 gizonezkoak izanik eta 57 emakumezkoak. Horietatik %70 EAEkoak dira, %14 Nafarroatik iritsi dira, %7 beste erkidego autonomo batzuetatik, eta %9 atzerriko herrialdeetatik.

Aipatzekoa da ikastetxetik igaro den ikasleen heren batek 30 urte baino gutxiago duela; datu horrek bermatzen du eskolaren garrantzia belaunaldien arteko erreleboa gauzatu dadin. Gainera, kasuen %51n ikasleek lotura familiarra dute artzaintzarekin, eta horrek erakusten du ardiaren sektorearen aldeko bokazio irmoa dagoela.

Ikastaroaren ezaugarriak

XX. ikastaro trinkoa 2016ko urrian hasi zen, eta bost hilabete iraun du; 391 orduz teoria eman da, aldi berean 50 buruko artalde bat zainduz, eta bisitak eginez laborategi, instalazio, gestio zentro, nekazaritza eskoletara eta abar; eta beste 400 orduz praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan.

Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta erkaturatzea,
kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa.

OMENDUAK

Aralarreko artzainak:

Azken urteotan Artzain Eskolan prestatu diren 15 artzain gazte dira, eta Aralarreko Gipuzkoa zein Nafarroako mendiak kudeatzen dituzte; tradizioa berritu nahi eta berritzen ari diren gazteen erakusle zalantza ezinezkoa, euren egiteko moldeak eguneratuz, eta tradizioak mantenduz, Euskal Herrian neolitotik dirauen kultura bat finkatu eta euskaldunen nortasuna mantentzen dutenak.

Eduardo Urate:

Artzain Eskola martxan jarri izanaren jatorrian bere garaian Euskal Herrian eremu politikoa, teknikoa eta artzaintza ordezkatzen zuten pertsonen elkarlana dago. Eduardo Urarte, artzain gaietako teknikaria, eskola eredu baten ideologoa izan zen, oraindik ere artzaintzaren beharrei erantzun nahi dien eskola eredu batena; artzaintza aldakorra da, eta pertsona irekiak behar ditu, gure mendiak ekoizpen eredu iraunkorrekin eta ekologikoekin kudeatzen jarraitzeko prest daudenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak