Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Adin Txikikoak eta Alkohola Programan aurreikusitako lau ekintzatatik hiru abian dira dagoeneko

2017.eko otsailak 21

Gaur arratsaldean Legebiltzarrean izandako agerraldian, hauxe azpimarratu du Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariak: “bide luze baten hasieran baino ez gaude; zeregin handia baitaukagu, denok ere, erakundeok, elkarteek eta herritarrok, nahi dugun aldaketa kulturala lortu ahal izateko” 

         

Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatutako Adin txikikoak eta alkohola programan aurreikusitako ekintzen % 75 abian da dagoeneko. Horrela ezagutarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian. 

Miren Dorronsorok bere hitzaldian gogoratu duenez, programa hau aurreko legealdian zehar jarri zen abian, adin txikikoen artean alkoholaren kontsumoa eteteko eta portaera horietarako  permisibitatezko giro sozialarekin amaitzeko helburu nagusiarekin; izan ere, mundu osoan gora doan fenomenoa da, Osasunaren Mundu Erakundeak berak berresten duen bezala. Hain zuzen, Adin txikikoak eta alkohola programa Osasun Sailaren ekimenez sortu zen, OMEren gomendioei jarraituz, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Plana 2013-2020rekin eta joan den urtean Eusko Legebiltzarrak ia aho batez berretsitako Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearekin bat etorrita. 

Osasun Publikoko zuzendariak jakinarazi duenez, gaur egun, euskal erakundeen artean erkidegoko ingurunean, hezkuntza-esparruan, adikzioen eremuan, arauen alderdian, sentsibilizazioaren eta hedapenaren eremuan eta osasun-arretarenean koordinatuta aurreikusitako 65 neurrietatik 49 hedatu dira jada edo garatzen ari dira. Adibide gisa, festa eta aisialdiko esparruko “hurbiltasun-programak” izenekoak indartzea eta hedatzea; eta gazteen etorri handiko ekitaldi eta festetan alkohol-abusua prebenitzeko programa espezifikoak bultzatzea. 2015ean soilik, 27.000 gaztetik gora izan ziren partaide programa horietan; alkohol-kontsumoaren arriskuak murrizteko esku-hartzeak gazte-lokaletan, urte horretan 397 gazte partaide izan zituena, eta ohitura osasungarriak sustatzeko programa, ostalaritzari zuzendua, 2015ean 1.342 langileren parte-hartzea izan zuena.           

Hala ere, Miren Dorronsorok berak azpimarra berezia jarri du: “hau bide luze baten hasiera besterik ez da, non denok, erakundeek, elkarteek eta herritarrok asko dugun egiteko oraindik, lortu nahi dugun kultura-aldaketa lortu arte”.  

 

      PROGRAMAREN HEDAPENA OSAKIDETZAN 

Bestetik, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak nabarmendu du une honetan esparru honetako mugarri garrantzitsuenetako bati ekiten ari zaiola: programari modu integral eta homogeneoan heltzea, alkohol-kontsumoaren prebentzioaren, diagnostikoaren eta tratamenduaren aldetik, Osakidetzaren sare osoan. Orain arte, alkohol-kontsumoko arazoak zituzten adin txikikoei zuzendutako esku-hartze gehienak Urgentzien, Larrialdien eta Osasun Mentalaren zerbitzuetan kontzentratzen ziren. 

    Eredu berriarekin, esku hartzeko esparrua zabaldu egiten da, jarduketa arlo hauetara homogeneizatuta: 

  • Lehen Mailako Arreta: Pediatria, Pertsona Helduak, Etengabeko Arretako Guneak eta Emakumearen Saila.
  • Ospitaleko Arreta: Adin Txikikoen Kontsultak eta Ospitaleratzea, Ginekologia eta Obstetriziako Kontsultak eta Ospitaleratzea eta Psikiatriako Kontsultak eta Ospitaleratzea.
  • Osasun Kontseilua. 

Izan ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak erreferentzia-eragile gisa jardungo duten mila profesionaletik gora prestatu dituzte dagoeneko. Horrela, Erakunde Sanitario Integratu guztietan erreferentzia-langilearen figura sartu da, eta Euskadiko osasun-zentro guztietara zabaldu da dagoeneko. Adin txikikoekin zuzeneko harremana errazteaz gain (eta horrek gomendioen eraginkortasun handiagoa dakar berekin), esku-hartze mota honek jarduketa-esparru desberdinetako langileen arteko koordinazioa hobetuko du. 

Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak legebiltzar-taldeei jakinarazi zienez, Europako Eskualdeetako Komiteak Osasun Sailak igorritako 11 zuzenketa onartu ditu, “Alkoholarekin zerikusia duten gaietan EBren estrategia baterako bidea eta beharra” izeneko Irizpena osatzeko, hain zuzen ere, otsailaren hasieran bertan Bruselak buruturiko Osoko Bilkuran. 

 

Gasteiz, 2017ko otsailaren 21ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau