Berriak Osasuna
Eu

Jon Darpón: “Pazientearen segurtasun maximoa bermatzeak gure lehentasuna eta konpromisoa izaten jarraituko du”

2017.eko otsailak 22

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua buru izan da Gasteizen Osakidetzak bosgarren urtez jarraian antolatutako Pazientearen Segurtasunari buruzko V. Jardunaldiaren inaugurazioan

 

“Pazientearen segurtasunak gure lehentasun nagusietako bat izaten jarraituko du; izan ere, ezinbesteko gairik badago, Euskadiko Osasun Sisteman artatzen diren pertsonen bizia eta osotasuna da hori”. Horrela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek, Osakidetzak Gasteizen antolatu eta Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendari nagusi Maria Jesus Mugicak itxitako Pazientearen Segurtasunari buruzko V. Jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian.

Jon Darpon sailburuak azpimarratu duenez, berak zuzentzen duen sailak ildoen jarraitutasuna bermatu nahi du, hala nola osasun-laguntzarekin lotutako infekzioen prebentzioa eta kontrola; pazientearen zaintzari lotutako jardunbide egokiak; segurtasun-gertaeren jakinarazpena, ikasteko xedez; pazienteen inplikazioa beren segurtasunean bertan, edo profesionalen prestakuntza, haien arteko koordinazioa eta komunikazioa, besteak beste. Era berean, alderdi berriak hartuko ditu barnean, hala nola malnutrizioaren prebentzioa, antibiotikoen aurkako erresistentzia eta larrialdi-zerbitzuetako segurtasuna.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak badaki erabateko segurtasuna ez dela existitzen, baina nabarmendu du beharrezkoa dela “ahalegin eta konpromiso kolektiboan irautea, ahalik eta segurtasun handiena ziurtatzeko. Eta horrek berekin dakar –erantsi du– aurrera egiten jarraitzea pazientaren segurtasunaren kulturak sustrai sakon eta sendoak bota ditzan gure herrialdean". 

Adierazi duenez, ildo eta proiektu horietan guztietan aurrera egiteko, Osakidetzak programa korporatibo bat dauka, 300 profesionalek baino gehiagok osatutako lantalde ugaritan sostengatua eta erakundeen segurtasun-erreferenteek dinamizatua.

Ildo horretan gogoratu duenez, bere ibilbidearen hasieran, Urkullu lehendakariaren gobernuak argi izan du premiazkoa dela euskal osasun-sistemako pazienteentzat ahalik eta segurtasun-maila handiena modu aktiboan sustatzea. Horregatik, aurreko legealdian bultzatu eta hedatu da Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-16, Euskadin esparru honetan eskuragarri dagoen zabalkunde publikoko lehen dokumentua. Hamahiru jarduketa-eremu zehatz ditu, eta horietan egindako ebaluazioak aurrerapen garrantzitsuak egiaztatu ditu zenbait arlotan, hala nola pazienteen zalantzarik gabeko identifikazioa edo kateterrari lotutako bakteriemia-tasak edo aireztapen mekanikoari lotutako pneumonia-tasak murriztea, bi adibide aipatzearren.

Izan ere, adierazi den bezala, Osakidetzaren Pazientearen Segurtasunaren Estrategia 2013-16 dokumentuan definitutako pazientearen segurtasun-politiken kudeaketak, ezarpenak eta hedapenak UNE 179003 ziurtagiria lortu du oraintsu. Horrek, Jon Darponen hitzetan, “bide egokian gaudela berresten du”. Pentsaezina, esan du, “profesional guztien partaidetzarik gabe; horiek bermatzen diote gizarte honi, beren inplikazioarekin, talentuarekin eta konpromisoarekin, gero eta laguntza hobea, zehatzagoa eta, jakina, seguruagoa”.

Azkenik, Jon Darponek aurreko legealdiko funtsezko mugarri bat aipatu du:  78/2016 Dekretua, osasun-zentroetako pazienteen segurtasun-neurriei buruzkoa onartzea. Haren helburua da pazientearen segurtasunerako funtsezko alderdi batzuk bermatzea, bai osasun-sistema publikoaren esparruan, bai laguntza pribatuarenean.

 

  

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 22a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak