Berriak Lehendakaritza
Eu

Soldata diferentziak emakume eta gizonen berdintasun eza betikotzen duela gogoratu du Emakundek

2017.eko otsailak 21

Bihar, otsailaren 22an, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna izanik, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak salatu du soldata diskriminazioa dela gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat.

Egun, emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.489 eurokoa da EAEn (Iturria: INEren Soldata Egituraren Inkesta). Langile bakoitzeko bataz besteko irabaztea 31.271 eurokoa da gizonen kasuan eta 23.781 eurokoa emakumeen kasuan. Sektoreak kontuan izanda, diferentzia handienak zerbitzuen sektorean ematen dira, hain justu, emakume gehien duen sektorean.

Datuak argiak badira ere, askotan iritzi publikoak zailtasunak izaten ditu diskriminazio hau eragiten duten faktoreak zehazteko, eta, ondorioz, gai honetaz gizarteak duen kontzientzia ez da izaten arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa.

Lan munduan ematen den zereginen bereizketa da era honetako diskriminazioaren jatorrian dagoen faktoretako bat. Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu konkretuetara bideratzen du emakumea edo lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Bereizketa honen ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da hauetan.

Honekin batera, kontuan izan behar da askotan emakumeak malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituela lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko, eta horrek zereginen bereizketa hori indartzen duela. Ondorioz, zatikako ordutegia duten lanpostuetan emakumeak nagusi dira mundu osoan.

Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zatikako kontratua duten lanpostuen %80 baino gehiago emakumeek betetzen dituzte.

Ez dugu ahaztu behar sektore informalean lan egiten dutenen gehienak emakumeak direla. Oraindik portzentaje handi batean emakumeei egokitzen zaien familia eta etxeko lanaren ardurak galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera.

Gainera, hainbat lan eremutan gizonezkoen presentzia nagusi izanik, hauek jasotzen dituzten ordainsari osagarriek oraindik gehiago handitzen dute batzuen eta besteen arteko soldaten arteko diferentzia, oinarrizko soldaten gainetik.

Sexua soldata diskriminazioan modu erabakigarrian eragiten duen aldagai gisa bi bidetatik gauzatzen da: lehenik eta behin, inplizituki, kontratu mota, iraupena edo okupazio motaren gisako aldagaien barruan eta, bigarrenik, esplizituki, laneko jakineko mailetan. Izan ere, kontratu mota, iraupen eta okupazio berdina izan arren, aldeak antzematen dira emakumeek eta gizonezkoek jasotako soldaten artean.

 

 

Emakundek landutako  “Soldata arraila: eragileak eta adierazleak”  txostenean gai honi buruzko informazio gehiago aurkituko duzue. Pdf formatuan jaitsi dezakezue.

 

EAEko emakumeen lanbide ibilbide eta egoerako desberdintasuna : Emakumezkoen talentua alferrik galtzearen kostu erlatiboa. txostena

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak