Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Laneko sailburuordeak negoziazio kolektiboaren kulturaren garrantzia azpimarratu du, enpresen etorkizunerako oinarrizko elementu gisa

2010.eko urriak 29

 

  • Sonia Pérezek itxi ditu BECen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Osalanek Lan Psikologiari buruz antolatutako Lehenengo Jardunaldiak

Sonia Pérez Eusko Jaurlaritzako Laneko sailburuordeak Lan Psikologiari buruzko Jardunaldiak itxi ditu gaur goizean. Jardunaldi horietan gaiari buruzko adituen kopuru handia bildu da Barakaldoko BECen azken bi egunotan.

Bere hitzaldian Pérezek "erronkatzat" jo du arrisku psikosozialei erantzunak bilatzea; horretarako, "langilearen osasunean inbertitzea eragile giltzarria dela kontuan hartzen duten proposamenak" behar direla adierazi du.

Gai horiek jorratzerakoan negoziazio kolektiboak eta gizarte-eragileen partaidetza aktiboak duten garrantzia nabarmendu du sailburuordeak. "Alderdien arteko negoziazio eta akordioari buruzko erantzukizunezko kulturak berebiziko zeregina izan dezake enpresen etorkizuna ziurtatzeko", esan du gai horri buruz.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko lan-arloko arduradunak enpleguaren kalitatean eta langileen osasunean zuzeneko eragina duten gaietan akordioak lortzeko eskatu die enpresei eta sindikatuei; izan ere, "beharrezkoa da enpresak langileengan sinestea, eta langileek beren enpresan".

Azkenik, iragarri duenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila lanean ari da "laneko kalitateari" buruzko dekretu bat egiteko. Dekretu horrek "lan-giroaren" hobekuntza sustatzeko neurriak jasoko ditu. Arau berri horri buruz Sonia Pérezek aurreratu duenez, "hobekuntzak ezarriko ditu hainbat gai garrantzitsutan: enpleguaren kalitatea, lan-osasun fisiko zein psikikoa, lan- eta familia-bizitzen kontziliazioa, lanaren antolakuntza, lanbide-heziketa, langileen parte-hartzea enpresaren kudeaketan eta etengabeko hazkundearen eta enpleguko egonkortasunaren aukerak".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Sonia Perez Laneko sailburuordea